Borrar

Eguraldi zoroa

Urtaroetako berezko eguraldia zeharo aldrebestuta dabilela ukaezina da

Viernes, 10 de noviembre 2017, 00:35

Zientzialariek hainbatetan esana da negutegi efektuak egundoko ondorioak dakartzala, eta horren eraginezko tenperaturen igoera globalak guztiok harrapatuko gaituela. Jazoko denaren larritasuna areagotu ala apaltzea aginte politikoaren esku dago, batik bat. Orain arte, baina, neurri zehazgabeetara mugatu da gehienetan, konpromiso lausotuetara. Urrats bat aurrera eta erdia atzera egitera, jokoan dauden interes erraldoien gainetik ezin jardutera.

Ukazioak ere badu jarraitzailerik, ezer gertatzen ari ez dela dioenik. Klima aldaketak ziklikoak direla eta halakoak errepikatzen dituztenak asko dira, maila goreneko agintariak tartean. Urtaroetako berezko eguraldia zeharo aldrebestuta dabilela ukaezina da, dena den. Eta ez da urteren bateko kasualitatea, egonkortzen ari den joera nabarmena baizik.

Horrek maila guztietan eragiten du. Nekazal arloan, esaterako. Baina baita hainbat plangintza burutzerakoan ere. Aspaldi batean negura begirakoak aurreikusten zirenean, ez zen gehienetan huts egiten. Orain, aldiz, batek daki. Gero eta ohikoagoak dira udaberri giroko udazkeneko hilabeteak, eta alderantziz. Joera berriok ohartarazpenak dira finean, naturak egiten dituenak.

Errepideetako neguko plana azaroaren estrainekoan abiatu da Bizkaian. Baliabide materialak eta giza mailakoak bideratzen ditu, eguraldia gaiztotzen denean lurraldeak ondo konektatuta egoteari utz ez diezaion. 381 beharginek ekingo diote. Elurra kentzeko 76 makina erabiliko dira, eta 9.700 tona gatz.

Berau orain abiaraztea zentzuzkoa da erabat, nahiz eta sekulakoa izan eguraldiarekiko bere kontrastea. Iazko azaroa atsegin heldu eta joan zen, eta berdintsu hasi da aurtengoa. Gero eta zailagoa da jakitea noiz ekin behar zaien negura begirakoei, eta noiz beste aroetakoei. Hankazgora dago hainbeste oreka bermatzen dituena, eta hasiak dira horiek hausten.

Anekdota ematen dutenetatik haratago, hausnarketa sakona eragin beharko luke jazotzen ari denak. Irail gaiztoek edo azaro onek gero eta nabarmenago islatzen dutena beldurgarria delako. Bat ez etortze hazkorra, gizakiaren arduragabekeria bultzatzen ari den iraulketa, ohiko zitzaizkigunak desitxuratzerainokoa. Izutzekoa da, benetan. Eta hemen dago.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Eguraldi zoroa