Egun bat Madrilen. 'Ochéntame Otra Vez' telesaiotik deitu naute. Bilbori buruzko saio berezi bat egiten ari dira eta elkarrizketatuen artean ni agertzea erabaki dute. Uda osoan gaixotasunaren menpe egon ostean, ospitalea eta etxea ia paisaia bakarrak izanik, gose berezi batez hartzen dut bidaia hau. Munduan nago berriro, hegazkin batean eserita.

Publicidad

Bilbo euripean utzi eta gero hodei-itsaso luze eta harro baten gainetik egiten dut hegaldia. Gaizki egin dut lo eta ia nahigabean, loak hartzen nau zeru gainean.

Madrilen TVE kateak jarritako UBER gidari dotore horietako bat dut zain. COPE emisorean isildu gabe dabiltza Cospedalen dimisioaren inguruan eta Delgado ministroa erabaki berbera hartzera animatuz.

Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz nora naramaten. Taxilariak azaltzen dit: Pinto herrira goaz eta bertan 'Cuéntame' eta 'Ochéntame Otra Vez' programak grabatzen dituen ekoiztetxea dago, Ganga izenekoa.

Autotik jaitsi bezain pronto, lehenengo ustekabea: 70eko hamarkadako herri batean nago: Boitea, disko-puba, jostailu-denda, Seat 600, Gordini, Renault 8 eta garai hartako beste autoak bertan aparkaturik... denboraren tunelean sartu ote naiz?

Ba ez, Alcántararren auzoan nago, 'Cuéntame' telesaioa grabatzen den esparruan.

Sasi-herri horren bukaeran dagoen barrakoi batean, ekoiztetxearen platoa dago eta atean bi neska ditut zain, harrera irribarretsu eginez.

Publicidad

Laurogeiak. Guztiz ongi ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik askotan eskatzen didate horretaz hitz egitea. Ni ez naiz soziologoa ezta historiagilea ere, egin dezakedan ekarpenik hoberena nire bizipena da.

Makillaje bulegotik pasa eta azalpen orokorrak jaso ostean, ordu bete inguruko elkarrizketa dator. Ana Borderas kazetariak gidaturik, gure kalakak gai ugari eta mamitsuak ukituko ditu: berunezko urteak, heroinaren eragina, Rock Erradikalaren eztanda, industri birmoldaketa, Bilboren eraldatzea, Ezkerraldea, Baby-boomaren belaunaldia... Hertzainakek abesten zuen moduan «kriston martxa zegon sasoi ilun hoietan».

Publicidad

'Hirugarren gradu' hori amaitu eta gero, bat batean apaindutako hamaiketako bat dugu zain. Nire harridurarako, oilasko eta tomate sandwicha mastekatzen nagoela, aurre-aurrean oso aurpegi ezaguna bereizten dut: Carmen Sarmiento, kazetari duina, lanbide horretan duintasuna oso hedatua ez zegoenean; feminista militantea, feminismoa emakumeen artean ere minoritarioa zenean. Carmenekin hitz egiteko aukera izateak, bidaia osoa justifikatuko luke. Ez da ibilbide erraza emakume honena, haren dokumentalak ezerosoak ziren, batzuetan haren nagusientzat ere bai. Ikusitakoen artean bi erreportaje gogoratzen ditut ororen gainetik: ablazioari buruzkoa eta Madrilgo frontoian jolasten zuten euskal emakume «raketero» ena. Egun hauetan sari berezi bat jaso du Euskal Kazetarien Elkartearen eskutik. Zorionak Carmen, eta batez ere, eskerrik asko.

Beste «uberlari» batek Madrilgo zilborreraino eramango nau. Han Ernesto lagunarekin, eta haren seme Andonirekin elkartuko naiz bazkaltzeko eta hirian zehar noraezean ibiltzeko. Bueltako bidaian lo seko geratuko naiz Bilboko aireportuko inguruetara heldu arte. Han Loiuko lurreratze ikaragarri horietako batek «ongi etorria» ematen digu. Euria eta haizea berriro. Gustura bustiko naiz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad