21. Korrikak euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. DV

Egin diezaiogun 'Klika' euskarari!

Aurtengo Korrikak Gares eta Gasteiz lotuko ditu, apirilaren 4tik 14ra

Unai Sarriugarte

Martes, 2 de abril 2019

Aurtengo Korrika apirilaren 4tik 14ra bitartean ospatuko da. 'Klika' lelopean Garesetik Gasteizera arteko bideak zeharkatuko ditu, euskara kaleratzeko asmoz. 21. Korrikak euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

Publicidad

1980. urtean ospatu zen lehenengo aldiz euskararen alde egiten den lasterketarik ezagunena. 'Zuk ere esan bai euskarari' lelopean Oñati eta Bilbo arteko bideak zeharkatu zituen. Harrezkero, 40 urte luze pasa dira: 20 lelo, 20 abesti, 20 irteera eta 20 helmuga. Denak sustrai beretik aterata: euskaratik; eta denak helburu berberarekin: euskara kaleratzea, euskarak gure geografiako toki zein paraje guztiak astintzeko asmoz. Mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, 10 egun eta gauez gelditu gabe.

Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen ospakizun bilakatu da. Ekimenak hazkunde izugarria izan du azken urteotan. Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan. Egitarauak irauten duen bitartean, ehunka jaialdi eta kultur ekitaldi ospatu ohi dira. Era berean, ekimen hau mundu osoan barrena hedatu da eta gaur egun Korrika taldeak Ameriketan, Asian, Europan edota Ozeanian aurkitu daitezke.

Korrika AEK euskaltegi erakundeak antolatzen du. Erakunde honek euskararen berreskurapena eta Euskal Herria berreuskalduntzea du helburu. Zehatzago esanda, euskara normaltasunez eta egunerokotasunean erabiliko duen jendartea eraikitzea. Gaur egun, AEK helduen euskalduntze prozesuan diharduen elkarterik garrantzitsuena da.

Txillardegi, aurtengo omendua

Esan dugunez, aurtengo leloa 'Klika' da. Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea. Euskara ikastea, erabiltzea, euskaraz egiteko aukera ematea. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.

Publicidad

Txillardegi idazlea da aurtengo omendua. Donostiar idazle eta hizkuntzalariak bizitza osoa eman zuen euskararen alde. Askorentzat, Euskal Herrian izan den hizkuntzalaririk garrantzitsuena da. Izan ere, ikaragarria da Txillardegik esparru ezberdinetan utzitako ondarea: literaturan, ikerkuntzan, irakaskuntzan, euskalgintzan...

Bere kezka nagusia herriak euskara hizkuntza beharrezkoa duela aldarrikatzea zen eta baita euskal nortasunaren ezinbesteko ezaugarria dela euskara ere. Gainera, hizkuntzalaria iaz 50 urte bete zituen euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen.

Publicidad

Txillardegiren omenaldiaren inguruko erabakia AEK-k aurrera eramandako hausnarketa sakon baten osteko ondorioa da. Aurreko edizioetan askotan aipatu zen haren izena; izan ere, hizkuntzalari sutsu honek euskarara egindako ekarpena ezinbestekoa baita. Galdakaoko AEK-ko irakasleek batzar denen artean hartutako erabakia dela aitortu dute: «Ez genuen batere zalantzarik Txillardegi izan behar zela», diote.

Halaber, Galdakaoko AEK-ko iraskasleek korrikaren parte diren norbanakoen, taldeen eta eragileen parte hartzea azpimarratzen dute: «Jendea beti egoten da Korrikak ematen dituen azpilanetan lagundu eta parte hartzeko prest». Ildo beretik, Galdakaoko denden eta eskolen konpromisoa goraipatzen dute, beraien esanetan, ekintza kulturalak antolatzen laguntzen baitute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad