Gai izan behar genuke artelan bat egilearen biografiatik bereizteko? Askotan, nahi gabe edo halabeharrez egiten dugu: lana oso antzinakoa denean ('Samotraziako garaipena'), artelan baten egilea anonimoa bada ('Mila eta bat gauak'), edota sortzailea izengoiti batekin arrastoak ezabatzeaz arduratu denean (Elena Ferrante). Kasu hauetan, artelana itsu-itsuan gailentzen da, nortasuna ezkutatzeko hartutako nekeak eta espekulazioak bihur daitezkeen arren gero albiste (Banksy). Naturalena horixe litzateke, agian, interferentziarik gabe errenditzea lan baten edertasunaren, maisutasun narratiboaren edota gu hunkitzeko duen gaitasunaren aurrean. Obra erreparorik gabe mirestea, modu abstraktuan, lanaren egilea soldatapeko hiltzailea, inuit lorejalea edota triatleta goierritarra ote den arduratu gabe. Horrela, pitorik ez zaigu inporta Rodaseko Phitokritos izatea, adituen arabera, Louvren ikusgai dagoen Nike hegodun burugabearen egilea, ez eta hark bere denbora librean zer egiten ote zuen; honezkero aski denbora igaro da 'Samotraziako garaipena' zizelkatu zuen eskultoreak izan zitzakeen krimenak oro preskribaturik egon daitezen, eta haren lanaren handitasunak aspaldi irentsia du sinaduraren garrantzia. Roland Barthesek autorearen heriotza predikatuagatik, guztiz kontrakoa gertatu da, ordea, denok bihurtu baikara autore, nolabait. Haien lanak aurreiritzietatik aske interpretatuko dituzten itxaropenarekin asmatu izan dute askok pseudonimoa. Esate baterako, Stephen Kingek, sasoi batez, Richard Bachman izengoitia erabili zuen, nahikoa arrakastaz erabili ere, dena esan behar bada. Liburu-saltzaile batek bere sekretua publiko egin zuenean, prentsa oharra argitaratu zuen, Richard Bachman «goitizeneko minbiziarekin» hil zela iragarriz. Ez da, egilearen izena soilik, jakina, obra baten interpretazioa baldintza lezakeena: egileak obra horri buruz -edo beste edozeri buruz- adierazi duen guztiak, eta adierazitakoak sortzen digun inpresio onak edo txarrak, lana zilarrezko azpil batean zerbitzatzen digu, edota jaio aurretik akabatzen.
Publicidad
Batek daki zergatik, gustatu egiten zaigu autorea nor den jakitea, zer egiten duen, zein den bere itxura, gizonezkoa ote den ala emakumezkoa, gure antzik ba ote duen batere... Ikusi besterik ez dago Elena Ferranteren atzean nor zegoen jakiteko ahalegin setatia eta Anita Raja itzultzaileak horri emandako erantzun eredugarria. Fikziozko lanak egilearen ispilu deformatzailearen bitartez interpretatzera ohitu gara, onerako zein txarrerako, eta ez dirudi ez argitaletxeak eta ez autoreak liburuak modu anonimoan argitaratzeko prest daudenik. Alderantziz, liburua da gutxienekoa, egileak saltzen du. Hori sinetsarazi digute, behintzat.
Bizitza eta artea inoiz baino txirikordatuago ageri zaizkigu azken urteotan, halako moldez non, zenbait obra epaitzeko, testuingurua testua baino garrantzitsuago bihurtu den. Gauzak horrela, lanerako modu hau baliatzen duten artistei fiskalizazio biografiko/moral zorrotzagoa ezar dakieke? Beharbada, bai. Louis-Ferdinand Célineren joera antisemitak salatzea dagokigu, baina norbait kalean ikustean hari diosal ez egiteko begirada erretiratzeak ez luke derrigor esan behar haren liburuak apaletik erretiratu behar ditugunik. Fikzioaz ari bagara, fikzioaren neurgailuekin baloratu behar genuke 'Gauaren muturrerainoko bidaia', ala? Eta XX. mendeko nobelarik onenetakoa izaten jarraituko du, egilearen joerak direnak direla ere. Besterik da autobiografia tranpati baten aurrean bageunde, edota norbere bizitza kontatzen duela esan eta zurikeriazko bertsio faltsu bat eskainiko baligu autoreak. Orduan bai, zorrotz epaitu beharko genuke autobiografia gezurti hori eta bere zikoizkeria morala.
David Foster Wallace eta Junot Diazen trapu zikinak atera dira berriki argitara. Junot Diazi dagokionez, arantzatsua da kasua: berak abusua jasan izana kontatu eta berehala abusatzaile izatea egotzi baitiote. Bere liburuak berdin-berdin irakurtzen jarraituko dugu? Haren portaera gaitzesgarriak inhibituko nau bere nobelak erosterako orduan? Ziurrenik, bai. Zergatia? Distantzia kontua. Gertuegi dago ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen segi dezadan. Harekin garagardoak hartzeko gogoa kentzeaz gain, litekeena da aurrerantzean nire diruarekin hark garagardorik har dezan gogorik ere ez izatea nik. Ordea, posible al da jada irakurri ditudan liburuak desirakurri eta haiek irakurrita gozatu nuela aitortzeari uztea? Ezezkoan nago.
Ehun urte barru irakurleek izango duten pribilegio berbera nahi nuke niretzat: burubako 'Samotraziako garaipena' burubako autoreengandik bereiztekoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.