Borrar
Martxoan, urduliztarrek 5.180 kilo zabor bota zituzten edukiontzi marroira. Nahikari cayado
Edukiontzi marroiaren erabilera bikoiztu egin da Urdulizen

Edukiontzi marroiaren erabilera bikoiztu egin da Urdulizen

Gobernuaren hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko informazio eta kontzientziaziorako kanpainak emaitza positiboa izan du, ia 400 lagun berri gehitu baititu. Hori hasi aurretik, 2.500 kilo inguru bildu ziren; martxoa bukatu eta gero, berriz, 5.000 izan dira

Jueves, 29 de abril 2021, 22:27

Argazkia erabat aldatu da. Urdulizko auzokideek gehiago birziklatzen dute egun; zehazki, hondakin organikoen kasuan, kopurua bikoiztu da urtea hasi zenetik. Urtarrilean eta otsailean gaikako bilketaren emaitzei erreparatzen badiegu, biztanleek edukiontzi marroira bataz beste 2.500 kilo zabor bota zuten. Kopurua, helburutik, oraindik oso urrun zegoen. Egoera, egun, zeharo irauli da eta martxoan kopurua 5.180 kiloraino heldu da, Udalak bultzatutako kanpainaren emaitza bezala.

Esan bezala, Urdulizko gobernuak hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko informazio eta kontzientziaziorako kanpaina bat jarri zuen martxan, arlo horretan izaten ari ziren datuekin kezkatuta: egunero urduliztar bakoitzak sortzen zuen 1,26 kilo hondakinetatik, %20 besterik ez zuen gaika biltzen. «Oso urrun gabiltza Europako zuzentarauek 2020 urterako agintzen duten % 50eko helburutik», azaldu zuten orduan Udaletik.

Programa horren helburua bide horretan urratsak aurrera ematea izan da, eta lan horretan indar berezia egin dute edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen, ingurumenean duen onuraz jakinda. Baita ekonomikoak ere, askoz garestiagoa baita gaika bereiztu gabe bildutako errefusaren tratamenduaren kostua. Eta lan-esparru horrek harrera bikaina izan du herritarren artean, guztira, 375 erabiltzaile berrik eman baitute izena etxebizitzetan sortzen dituzten hondakin organikoak edukiontzi marroian biltzeko.

Etxebizitzen herena

Urdulizko etxebizitzen herena hondakin organikoen bilketan parte-hartzen ari da egun. Horietaz gain, hondakin organikoak sortzen dituzten beste hainbat ekoizle berezirekin ere lan egin dute, haien parte-hartzea indartzeko helburuarekin. Esparru horretan, beste hamabi erakunde edo establezimenduk eman dute izena.

Datuak mahai gainean jarri eta gero, Udalak balorazio positiboa egin du lortutako emaitzaz, eta herritarrei eskertu nahi izan die emandako laguntza. Dena den, oraindik «hobekuntzarako tarte handia dagoela» gogorarazi dute. Eta zentzu horretan, kritika luzatu diete hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartu gabe dauden familiei. «Azken horiei bereziki, gogoratu beharra dago guztion ardura eta egin beharra dela sortzen ditugun hondakinak gaika biltzea. Ondo birziklatzeari esker, ingurumen eta osasun mailako onurak lortzen ditugu», gaineratu dute.

Kanpainak martxan jarraitzen du. Hemendik aurrera, hondakin organikoen gaikako bilketan parte-hartzeko izena emateko edota poltsa konpostagarriak eskuratzeko, Urdulizko Kultur Etxera joan behar da, astelehenetik ostiralera (10.00etatik, 13.30era eta 16.00etatik 20.00etara). Izena ematen dutenek behar dituzten materialak jasoko dituzte: 10 litroko kuboa, poltsa konpostagarriak, edukiontzia zabaltzeko giltza eta informazio-diptiko bat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Edukiontzi marroiaren erabilera bikoiztu egin da Urdulizen