Borrar
Durangoko Udala
Durangoko Udalak Plateruena irekiko du Azokaren aurtengo ediziorako

Durangoko Udalak Plateruena irekiko du Azokaren aurtengo ediziorako

'Leiho bat ireki, Geroa begitantzeko' leloa erabili dute udal ordezkariek iragarpena egiteko, etorkizuneko Plateruenaren diseinuan lanean baitabiltza duela hilabete batzutatik

Zurekin

Jueves, 23 de septiembre 2021, 18:08

Durangoko Udalak Plateruena irekiko du Durangoko Azokaren 56. ediziorako, Ahotsenea gunea bertan izan dadin. Bada, iaz bezala, euskal musika eszenako taldeek Plateruenaren oholtza zapaldu ahalko dute abendu honetan, udalak hainbat mantenu lan egin ostean.

Azokaren ostean berriz itxiko ditu ateak kulturguneak, behin betiko irekiera aurretik. 'Leiho bat ireki, Geroa begitantzeko' leloa erabili dute udal ordezkariek iragarpena egiteko, etorkizuneko Plateruenaren diseinuan lanean baitabiltza duela hilabete batzutatik.

Izan ere, 2020ko abenduaren 31n Plateruena kafe antzokiak ateak itxi zituen eta kudeatzen zuen kooperatiba desegin zen. 18 urteko ibilbideari amaiera eman zitzaion, eta lokala eta kultur ondarea Durangoko Udalaren esku geratu ziren.

Harrezkero, udal arduradunak bi ildo nagusitan ari dira lanean. Alde batetik, Plateruenaren ateak berriz zabaltzeko mantenu eta hobekuntza lanak zehaztea, eta bestalde, kulturgunearen kudeaketa eredua eta etorkizuneko erronkak zehaztea.

Bigarrenak izan du pisu handiena azken hilabeteetan. Izan ere, Durangoko Udalak hausnarketa prozesu bat abiatu zuen otsailean herritar eta eragile ezberdinekin, etorkizuneko kudeaketaren ildo nagusiak irudikatzen hasteko. Prozesuan 100 herritar, sortzaile, elkarte zein kultur eragile baino gehiagok parte hartu dute, eta ondorio nagusitzat izan dute Plateruena «kultura, euskara eta sorkuntzarako erraminta» izan beharko lukeela.

«Plateruena kultur sorkuntzarako harrobi, topagune, esperimentazio gune eta erakusleiho izango da, euskara nagusi izango den espazio batean. Kultur komunitatea ehuntzeko eta zabaltzeko kultur elkarteak, sortzaileak, kulturzaleak eta kulturgileak barnebildu nahiko lituzke etorkizuneko Plateruenak. Zeharka, gainera, Durangoko eragileentzako, gazteentzako, haurrentzako edota ikastetxeentzako aterpe izan nahiko luke. Horrez gain, orain arte Plateruenara hurbildu ez diren herritarrentzako erakargarri izan beharko luke», adierazi dute udal ordezkariek.

Ostalaritza zerbitzua?

Durangoko Udalak gidatutako prozesuan proposamen asko egin dira Plateruena edukiz hornitu eta eskaintza elikatzeko, eta eskaintza hori «proiektu kultural baten aterkipean» egotearen garrantzia ere azpimarratu da. Bertan, arte diziplina ezberdinetarako topaleku izateko proposamenak helarazi dira, esaterako, musika, antzerkia, dantza edota arte plastikoarentzat.

Horrez gain, Plateruenako ostalaritza zerbitzuaren gaineko zalantzak ere agertu dira prozesuan, eta ondorio nagusia izan da, ostalaritza zerbitzua, egotekotan, osagarri izan beharko lukeela, kultur proiektua baldintzatu gabe.

Kudeaketa ereduaren inguruko aukerak ere mahaigaineratu dira parte hartze prozesuan, eta udal gobernua teknikoki eta legalki egokiena izango denaren inguruko hausnarketan eta erabakitze prozesuan murgilduta dago.

Leiho txiki bat

Bada, 56. Durangoko Azokara begira ateak berriz ere irekiko ditu Plateruenak, baina, horren aurretik, horrelako eraikin bat berrirekitzeak suposatzen duen lana aurreikusi du Durangoko Udalak. Horregatik, Udaleko Bulego Teknikoak txosten bat prestatu du behin behineko berrirekiera horri aurre egiteko; besteak beste, hornidura sistemak edota soinu ekipoa martxan jarri beharko dituzte berriz ere.

Udal arduradunen esanetan, datozen hilabeteetan, aurrerapauso sendoak egingo dira Plateruenak behin betiko ateak ireki ditzan: «Berrirekiera honetarako erabili dugun leloak dioen bezala, leiho txiki bat ireki dugu etorkizunaz hausnartzen dugun bitartean. Argi daukagu Plateruena indartsu bat behar dugula Durango are indartsuago bat eraikitzeko. Hori lortzeko lanean dihardugu eten barik, kasuistika eta eredu ezberdinak aztertuz«.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Durangoko Udalak Plateruena irekiko du Azokaren aurtengo ediziorako