Borrar
Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu abeslaria 'Haria' diskoaren aurkezpenean, Durangoko Azokan. Silvia Cantera
Durangoko Azokaren xarma

Durangoko Azokaren xarma

Buru-belarri ·

Azokak adin guztietako publikoa batzeko gaitasun ederra du

Viernes, 10 de diciembre 2021, 19:50

Durangoko Azokan pentsatzen dudan bakoitzean, eskola garaiak etortzen zaizkit burura. Ikasleentzako egun berezi horretan joan nintzen lehenengo aldiz. «Jasone Osoro bihar etorriko da», adierazi zigun dendari batek. Madonna etorriko zela esanez gero, ilusio berarekin erantzungo genion. 'Jara' nobela irakurri berri genuen klasean eta asko gustatu zitzaigun. Izan ere, andereñoak pertsonaia honi buruz idatzitako hurrengo liburuak ere eskaini zizkigun gero. Osorori esker, literatura, eta batez ere, euskal literatura, maitatzen hasi nintzen. Ia konturatu gabe.

Nerabezaroan ehundaka liburu irakurri nituen. Jon Arretxe, Karmele Jaio, Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga... Izen guzti horiek nire jakinmina handitu zuten. Gero eta gehiago irakurri nahi nuen. Euskal idazle gehiago ezagutu. Laster Eider Rodríguez, Miren Agur Meabe eta Harkaitz Cano ailegatu ziren. Eta zoragarria zen urtean behin autore horiek guztiak leku berean topatzea. Kirmen Uribek sinatutako 'Elkarrekin esnatzeko ordua' altxorra balitz bezala daukat gordeta. Izan ere, altxorra da niretzat.

Azken urte hauetan, aitortu behar dut, Azokako beste atalak sortzen didala interes handiagoa. Irakurtzen jarraitzen badut ere, euskal musika da orain nire arreta erakartzen duen sektore nagusia. Berri Txarrak zuzenean entzun nuen lehen aldia Landako Gunearen ondoan izan zen. 'Haria' aurkeztu zuten, eta gogoratzen dut unibertsitaterako lan baterako argazkiak atera nituela. Zutabe honetan argitaratutako argazkia gaztetxoago zen Silviak atera zuen. Kontzertu gehiago etorri ziren gero, baina egia da nire lehenengo aldi askotan Azoka egon dela.

Txiki-txikitatik gure kultura maitatzea oso garrantzitsua da. Eta hori argi eta garbi dauka Durangoko Azokak. Ume literatura, euskarazko mahai-jokoak, 'Go!azen'eko protagonistak... Adin bakoitzak bere garrantzia du bertan, guztiek inportantzia dutelako kultura behar den moduan hedatu eta zaindu ahal izateko.

Aurten, murrizketekin izan bada ere, primeran pasatu dut bertan. Gainera, lehengo aldi horietako bat disfrutatzeko aukera izan dut. Amaitu berri den edizio honetan, lankide batek aurkeztu duen liburua erosi dut. Beraz, lerro hauek profitatuko ditut Josemi Benítez-en 'Las casitas de hojalata' lana gomendatzeko. Azoka urtean behin da, baina kultura urte osoan gozatzeko aukera daukagu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Durangoko Azokaren xarma