Iragan zubi hau Durangora hurbildu bazara, ziur Azokak eskaini dituen aurkezpen, autografo sinadura eta mota guztietako emanaldiekin gozatu duzula. Bada, abenduaren 10ean Landako Guneko ateak itxi dituzten arren, fantasiak aurrerantz jarraituko du. Izan ere, Zu Non, Han DA! egitasmoari bidea emango dio biharamunean bertan hasita. Ekimen honek bere laugarren edizioa beteko du aurten, 2020an sortu baitzen, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko.
Publicidad
Egitasmo honetan, Euskal Herri osoko 88 liburu dendek parte hartuko dute, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, azokan egon diren nobedadeak ezagutzeko aukera emango dute. Gainera, 27 dendatan liburu aurkezpenak egingo dira, astelehen honetan hasi eta abenduaren 20an amaituko den aurkezpen-zirkuituaren barruan. «Idazleek bestelako sortzaileek lagundurik burutuko dituzte aurkezpen gehienak, hitzorduari kutsu kulturala emateko», esan dute.
Bilbori dagokionez, astearte honetan Eva Perez-Ponsek 'Erresistentziarako gorputzak: bollerak' saiakera aurkeztuko du. Zaurgarritasunaren ulerkerari buelta bat eman dioten hainbat hausnarketa feminista jasotzen ditu lan honek. Izan ere, Euskal Herriko Lesbiana Feministen Mugimenduaren hastapenak biltzen ditu, gaur eguneko bolleren borrokaren erroak eta sinergiak nondik datozen hobeto ulertu ahal izateko, eta heterosexualitatearen analisi teorikoa egiten du.
Elena Olaverekin batera, liburuaren aurkezpen berezia (errezitaldi formatuan) izango da astearte honetan, abenduaren 12an, 18.30ean Bilboko Poza kaleko Elkar dendan.
Bestalde, Bizkaiko hiriburuan ere Reinhold Messner eta Alex Txikonek idatzitako 'Zain dezagun mendia' eta 'Manaslu Neguan' liburuak aurkezteko solasaldia izango da asteazkenean, abenduaren 13an, 18.00etan, Libros de Ruta-LDR Sport liburudendan. Horretarako Ioritz Gonzalez kazetaria, Argiñe Areitio Sua argitaletxeko editorea eta Juanjo San Sebastian mendizalea batuko dira.
Reinhold Messner mendizale ospetsuak lau haizetara zabaldu nahi du bere deia argitalpen honekin: mendia zaindu behar dugu ez badugu nahi masa-turismoak hondora eraman dezan. Urteetako eskarmentua, bizipenak eta jakintza baliatuz, Messnerrek gogoeta partekatu du mendia eta natura maite duten guztiekin.
Publicidad
Bestalde, 2023ko urtarrilaren 6an, Alex Txikon Manasluko tontorrera heldu zen himalayismoaren historiaren parte den balentria batean. Argazki ikusgarriak lagun, 'Manaslu neguan' liburuan bere beldur eta sufrimenduen, arriskuaren eta minaren, barru-barruko sentimenduen, barreen, pozen eta une hunkigarrien berri ematen du. Ez dago ez epikarik, ez heroirik. Bizirik irauteko ahalegina izango da motorra.
Horretaz aparte, Jon Artanok 'Juana' lanaren aurkezpena egin du astelehen honetan Urduñako Mahor liburudendan (18.30ean); Miren Agur Meabek 'Itzulerak' lana aurkeztuko du asteazkenean Durangoko Hitz liburudendan, non Antxine Mendizabal editorearekin solasaldi bat izango duen; Gotzon Barandiaran eta Galder Perezek 'Ganbila antzerki bilduma' proiektuari buruzko solasaldia izango dute asteazkenean Portugaleteko Guantes liburu-dendan (18.00etan), Ane Labakak Miren Agur Meaberekin solasaldia izango du Lekeition 'Barraskiloek bat baino gehiago' liburuari buruz hausnartzeko (18.30ean)...
Publicidad
Aipatutakoez aparte, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan izango diren beste zenbait aurkezpenez informazioa jaso nahi baduzu, hemen sakatu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.