Borrar
Jendea erosketak egiten amaitu berri den 58. Durangoko Azokan. Ignacio Pérez
Durangoko Azokan aurkeztu diren liburu ilustratu eta komiki aipagarri batzuk

Durangoko Azokan aurkeztu diren liburu ilustratu eta komiki aipagarri batzuk

Liburuen egile eta editoreek beren lana bertaratutakoei ezagutzera emateko aukera izan dute, eta horien artean batzuk nabarmenduko ditugu

Josean Morlesín Mellado

Lunes, 11 de diciembre 2023, 10:37

Amaitu berri den asteburu 'luze' honetan, Durangoko Azokaren 58. edizio «jendetsua, anitza eta parte-hartzailea» ospatu da. Euskal kulturgintzan ezinbestekoa den ekimen honen aurtengo kartela Ximon Agirre artistak egin du errealitate birtualak eskaintzen dituen 3Dko tresna digitalez baliatuz. Eta modelatu duen mundu koloretsuaren alaitasunak azokaren giro eta edukien interpretazio fantastiko batean murgiltzera gonbidatu gaitu. Izan ere, 'Fantasia' kontzeptua goiburutzat zeukan proposamen bizi honek, eta hala izan da: fantasiazkoa. Kartelaz gain, artea eta irudigintza azokaren hainbat ekitaldi, erakusketa eta ikuskizunetan presente egon dira. Argitalpenen kasuan ere, jarraian ikusiko dugun bezala, egitarauan ageri diren nobedadeen aurkezpenetan arreta jarriko baitu artikulu honek.

Liburuen egile eta editoreek beren lana bertaratutakoei ezagutzera emateko aukera izan dute, eta horien artean batzuk nabarmenduko ditugu. Erein argitaletxeak haurrei zuzendutako Ortuko bizitza album ilustratuen bildumaren azken bi liburukiak argitaratu zituen azaroan, 'Ospa hemendik!' eta 'Elkarren lagun, gau eta egun', hurrenez hurren. Irati Garmendia idazlea eta Ane Arzelus ilustratzailea dira egileak. Planteamendu grafikoari dagokionez, collage digitalaren bidez lortutako formen gainjartze eta eskematizazioak ortuko pasadizoen irudikapen atsegintsua dakarkigu. Are gehiago, ilustratzaileak proposamena borobiltzeko aspektu interesgarri bat garatu du. Bilduma osorik dagoen honetan, ortzadar efektua eratzen dute azal eta bizkarren koloreek, liburuak apalategian ordenatuta dituztenek ikusi ahal izango duten bezala.

Album ilustratuen inguruko hurbilketa akademikoa Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik dator. Egungo euskal albuma LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa taldean mamitu den proiektua da, zehazki Xabier Etxaniz eta Karla Fernández de Gamboa irakasle eta ikerlariek sustatu eta gauzatutakoa. Xabier eta Karlaren testuekin batera beste ikerlari batzuen azterlan eta iruzkinak topa ditzakegu liburu honetan.

Albumetik haratago badaude argitalpen ilustratu ugari. Iñaki Landa irudigileak Nerea Loiola idazlearekin batera 'Idatzi behar nizkizunak' liburua ekarri du aurtengoan azokara, euskara ikasleei zuzendutako eleberri beltza. Azalaren irudiak basamortuko paisaia bat erakusten digu, trazu beltz eta finez marraztua, bereziki iradokitzailea.

1545 argitaletxeak bi liburu ilustratu aurkeztu ditu. Alde batetik, Alain Mendizabal Diazen 'Jausiz' poema bilduma, Amaia Belaunzaran Sanz, Ekhiñe Irazusta Arozena eta Karen Muñoz Etxebeste sortzaileen ilustrazioekin batera osatutakoa. Bestetik, argitaraldi honek nerabeei zuzendutako 'Nor' eleberria plazaratu du, nerabezaroan dauden 5 protagonista dituena. Irati Goikoetxea idazlea eta Irrimarra (Karmele Gorroño) ilustratzailearen lan honetan nortasuna eta onarpenari lotutako hainbat aspektu jorratzen dira.

Pamielak ere bikote interesgarria ekarri du argitalpen ilustratuei dagokienez. Markos Gimenoren '101 letrakartel liburuak' izenburuan aipatzen den sortzaile ermuarraren palindromoekin osatzen da. Joseba Sarrionandia arduratu da hautaketaz eta Esteban Montorio diseinuaz. Esan beharra dago biek komisariatzen dutela gai honi lotutako Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan ikusgai egongo da datorren urteko apirilaren 28a arte. Liburuan, Montoriorekin batera artista askok parte hartu dute palindromo bakoitzean oinarritutako kartelak sortzen. Bestalde, 'Gaizkileen galtzada. Leitzako dorreak' eleberrian Garazi Albizuaren hitzek eta Amaia Ballesterosen ilustrazioek XIV. mendeko Nafarroara daramate irakurlea, historia eta fikzioa testuan zehar konbinatuz.

Ez ditzagun ahaztu azokan izan diren argitalpen zientifiko ilustratuak. Alde batetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen 'Euskadi. Hegazti habiagileen atlasa' daukagu. Hegaztien alorreko adituen testuez gain Alex Mascarellen ilustrazioek irudikatutako animaliei buruzko informazio zehatza adierazten dute. Naturaren esparruari lotutako haur eta gazteentzako dibulgazioa Sua argitaletxean aurki dezakegu. Jonathan Rubinesek idatzi eta ilustratu duen 'Basoko sekretuak. Gazte naturalisten koadernoa' eta Paul Caballerok ilustratutako 'Nork hil du trikua?' eta 'Narrasean' liburuek osatzen dute Adi natura bilduma.

Ilustrazioaren arloarekin bukatzeko, landa-bizimoduari erreferentzia egiten dieten bi argitalpen aipatuko ditugu, Argiak kaleratutakoak: Batetik, Josebe Blanco artzainaren 'Hausnarrean. Ardiek egiten naute artzain', Eider Uribarrenaren ilustrazioekin; bestetik, Jakoba Errekondok idatzitako eta Antton Olariagak ilustratutako '2024ko ilargia eta landareak. Urteko lanen agenda'.

Azken lerroak azokan aurkeztu diren komikiak aipatzeko izango dira. Izan ere, komikigintzaren azken aldiko gorakadaren ondorioz, aurten lehen aldiz komikigileentzako 7 stand antolatu dira Landako Gunean. Horrez gain, irudigileek egin dituzten sinadura eta marrazkiak pantailetan erakutsi zaizkie bisitariei.

Nobedadeen artean, Asisko Urmenetaren 'Gora Euskal Herrientsak!' saiakera grafikoa izan dugu, duela 100 urte baino gehiago kulturaren transmisioan aitzindariak izan ziren emakume euskaldunen omenez egindakoa. Txalapartaren eskutik Yurre Ugarte eta Julen Ribasen 'Iris XXII', post-hondamendiko etorkizun batean girotutako komikia datorkigu. Emma eta Maialen Arestegik Xan komikia argitaratu dute Elkarren, 2020ko konfinamendu garaian gazte batek izandako gogoeta eta bizipenen inguruko kontakizuna osatuz. Etxekoekin bukatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak txakolina eta komikia uztartzen dituen Txakomic ekimenaren ondorioz bi komiki argitaratu berri ditu. Lehenengoak, 'Txakomic! Txakolin zaporedun istorioak' izenekoa, Mikel Begoñaren gidoietatik abiatutako narrazioak biltzen ditu, irudigile askoren partaidetzarekin eginak. Komiki honen atalak PDF formatuan doan eskuragai daude proiektuaren webgunean bertan; hala ere, paperezko irakurgaiak nahiago dituztenentzat, edizio berri hau erakargarriagoa da, dudarik gabe. Bigarrenak 'Bizkaiko Txakolinaren benetako eta ia behin betiko historia Parrapius Zerratia irakaslearen esanetan' du izena. Umore printzak dituen izenburu luze horren atzean, Mikel Begoñaren gidoia, Kike Infameren marrazkiak eta Daniel Gojénjolak gehitu dituen koloreak dauzkagu.

Hemengo ekoizpenez gain, aipatzekoa da Marjane Satrapiren Persepolis eta Joe Saccoren 'Palestina' komiki ezagunen euskarazko edizioak, hurrenez hurren, Elkar-Reservoir Books eta Astiberrik argitara eman dituztela. Komikiaren arloan azken hamarkadetan eragin handia izan duten lanak euskaratzea pausu handia da irakurle euskaldunengana hel daitezen.

Amaitu baino lehen eta parentesi moduan, ez dezagun ahaztu iaz Durangoko Azokan aurkeztu zen 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiarengatik Joseba Larratxe irudigileak aurten Euskadi Saria irabazi duela, Literatura lanaren ilustrazioari dagokion modalitatean hain zuzen. Unai Iturriaga eta Harkaitz Canorekin batera ondutako narrazio honetan baliabide grafiko zein narratiboak maisuki erabiltzen ditu Laboa kantautorearen bizitzaren interpretazio iradokitzailea egituratzeko. Azokaren edizio honetan Larratxek irakurketa eta gazteak hizpide izango dituen mahai-inguru batean parte hartu du, Miren Billelabeitia eta Patxi Zubizarretarekin batera, aurtengo Euskadi sarietan saridunak, euskarazko saiakera eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan hurrenez hurren.

Bukatzeko, irakurleari ohartarazi nahi nioke artikuluan jasotako nobedadeak Durangoko Azokan topatu ahal izan diren aniztasunaren parte txiki bat direla. Horregatik, topagune honetara bertaratzea guztiz gomendagarria izan da aurtengo euskal kulturgintzaren ekoizpen emankorraren berri izateko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Durangoko Azokan aurkeztu diren liburu ilustratu eta komiki aipagarri batzuk