Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
NAHIKARI CAYADO
Domingo, 11 de diciembre 2022, 18:10
«Aurreikuspenak beteta eta pozik», horrela agertu dira Azokako antolatzaileak igande honetan, 57. edizioko azkeneko egunean. Adierazi dutenez, «bost eguneko eztanda» da bizi izan dena egunotan Durangon. «Ospatzeko urtea izan da, berriz elkartzekoa, kulturaren plazari berriro ere bizia ematekoa, eta giro hori sumatu dugu Azokan. Oso eskertuta gaude», adierazi dute Gerediaga elkartetik. Salmentak ere «oso onak» izan direla azpimarratu dute, eta kulturzaleei dei egin diete urte osoan herriz herri euskal kulturari euren babesa ematen jarrai dezaten. 58. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era antolatuko dela aurreratu dutenez.
Urte biko edizio ez-ohikoen ostean, kulturaren plazak ohiko formatua berreskuratu du aurten, eta bost egunak «oso jendetsuak eta giro onekoak» izan direla nabarmendu dute. Hainbat partehartzailek azaldu dutenez, edizio honetan salmentak «oso onak» izan dira, osasun-krisia heldu aurreko kopuruetara helduz eta «kasu askotan gaindituz». Sormen-lan ugari agortu dira, ibilbide luzeko sortzaileen kasuan, baina baita artista hasiberri batzuen kasuan ere.
Zenbakiek diotenez, kulturzaleek aurrez aurreko Azokari lehentasuna eman diote online dendaren aldean. Izan ere, denda digitalean erosketak nabarmen jaitsi dira iazko kopuruarekin alderatuta: lau egunetan 434 eskaera egin dira, guztira 1685 produkturekin. Eskaera gehienak Euskal Herritik egin badira ere, badira Katalunia, Galizia eta beste lurralde batzuetatik ere erosketak egin dituztenak. Antolakuntzatik adierazi dutenez, paketeak aste honetan bertan helduko dira kulturzaleen etxeetara.
Landako gunea beteta egon da egunero, eta abenduaren 8a izan zen egunik jendetsuena. Azokako gune guztietan ere aforoa bete da ekitaldi askotan, eta Azokako autobus-zerbitzua ere handitu behar izan da eskariari aurre egiteko. Badoken sortutako Azokako playlista ere atari horretako musika-zerrendarik entzunena bihurtu da. Musika-taldeen nobedadeekin sortutako QR kodeek ere balorazio ona jaso dute, sortzaileei ikusgarritasuna eman dielako.
Ikasle Goizarekin hasi zen aurtengo edizioa, bi urteren ostean, eta berriro ere milaka ikaslek bete zituzten Landako Guneko erakusmahaiak. Adierazi dutenez, «pozgarria izan da berriro ere ikasleak euskal kulturaren plazan ikustea, horrek euskal kulturaren transmisiorako duen garrantziarekin». Gazte EztanDA! eguna ere ospatu du Azokak lehenengo aldiz, gazteentzat antolatutako egitarau bereziarekin. Horren balorazio positiboa egin dute antolakuntzatik ere, gazteak erakartzen jarraitzeko bidea ireki delako.
Gune ezberdinetako arduradunek ere aurtengo edizioak emandakoak «oso modu positiboan» baloratu dituzte. Kabi@n euskal eremu digitalak jakinmin handia sortu du eta «bereziki arrakastatsua izan da bideojokoekin antolatutako Gamer Gela, gazteentzat batik bat erakargarria».
Szenatokian, arte eszenikoen plazan bestalde, giro «oso ona» egon da egunero eta erabat finkatu da antzerki arinaren formatua. 29 saio antolatu dira guztira eta askotan aforoa bete dela esan dute, azokazaleek Szenatokia euren «ibilbide imaginarioan» sartu dutelako. Hurrengo urtean, bertan ezagutu ahal izango dugu Jon Ander Urresti aktore bermeotarraren 'Eucaliptus' lana, Azokako bosgarren sormen bekaren irabazlea.
Irudienean Paul Urkijoren 'Irati' filmaren estreinaldia izan da ekitaldirik jendetsuena, baina egunero kulturzale ugari gerturatu da Durangoko Zugaza zinemara ikus-entzunezkoez gozatzera, hainbat saiotan aforoa bete baita. Bereziki arrakastatsuak izan dira film laburren emanaldiak. Talaia, beste urte batez, hainbat erakunde, herri-mugimendu eta eragileren plaza bihurtu da, eta hausnarketa mamitsu ugari egon dira: literaturaren nazioartekotzeaz, sortzaileen lan-baldintzei buruz, eta gazteen ikuspegitik kulturaren izaera eraldatzaileaz.
Saguganbara ume, gazte, familia eta sortzaileen topagunea izan da aurten ere, eta baieztatu dutenez, «agerian geratu da badagoela oinordekotza bat, bai sortzaileen aldetik, baita ikusleen aldetik ere». Ene Kantak taldeko ikuskizuna izan da ekitaldirik jendetsuena, bigarren saio bat antolatu behar izan baita zaleen ilara luzeari erantzun ahal izateko.
Ahotseneak giro ezin hobearekin ospatu du bere 15. urteurrena. Zuzenekoen gunea den Plateruenan, aforoa bete da hainbat disko aurkezpenetan; abenduaren 8an, esate baterako, aforoa bete zen eguneko aurkezpen guztietan. Solasaldien gunean ere, berotasuna topatu dute sortzaileek azokazaleen aldetik, eta aretoa leporaino izan da hainbat aurkezpenetan.
Gerediaga elkartearen hitzetan, «denok egin dugu posible egunotan bizi izan dugun eztanda: Euskal Herri osotik gerturatu diren kulturzaleak, hamaika ordu egin dituztenak erakusmahaietan txandak egiten, Gazte EztanDA!-ra etorri diren kuadrillak, euren lehenengo lana kaleratu duten sortzaileak, Durangora urtero datozenak huts egin barik, Azokari ikusgarritasuna ematen lagundu diguten hedabideak, auzolanean Azoka antolatzen bidelagun ditugun eragileak, Azokari babesa ematen dioten erakunde eta elkarteak...».
57.edizioak igandean itxi ditu ateak, baina astelehenetik aurrera Azokak herriz herri jarraituko du 'Zu non, han DA!' ekimenari esker. Euskal Herriko 132 saltokitan Azokako literatur nobedadeak eskuratzeko aukera egongo da, eta aurten lehenengo aldiz sortzaileek ere euren liburuak aurkeztuko dituzte 45 liburudendatan. Saltokien eta aurkezpenen zerrenda osoa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.