Durangoko Azokako aurkezpeneko talde argazkia NAHIKARI CAYADO

Durangoko Azoka: ia mila nobedade eta osasun neurriak

Astelehen honetan irekiko da Landako Gunera zein Plateruenara joateko izena emateko epea

NAHIKARI CAYADO

DURANGO

Jueves, 25 de noviembre 2021, 15:31

Egun gutxi baino ez dira falta Durangoko Azokak 56. edizioari hasiera emateko, eta antolatzaileek iragarri dute: astelehen honetan irekiko da bertara joan ahal izateko izena emateko epea. «Gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea», adierazi du Gerediaga elkarteko koordinatzailea den Beñat Gaztelurrutiak ostegun honetan egindako aurkezpenean.

Publicidad

Kulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan, Landako gunean izango diren 219 erakusmahaietan eta Azokako online dendan ere. Nobedade guzti horietatik 733 liburuak izango dira, 143 diskoak, 37 aldizkariak eta 77 bestelakoak. «Urte zaila eta konplikatua izan bada ere euskal sortzaileentzat, badirudi uzta oparoa utzi digutela», gaineratu du Gaztelurrutiak.

Aurtengoan, Azoka osatzen duten gune guztiak berreskuratu dira: Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena. Guztietan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea uneoro, ezin izango da edan eta jan eta osasun-neurri guztiak bete beharko dira. Programazio osoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada, baina goazen dagoenaren lagin bat azaltzera:

Szenatokia gunean, esaterako, arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun, beraz, abenduaren 4tik 8ra arte, antzerkia, dantza eta poesia uztartuz: Jon Ander Urrestiren 'Tribiz baserri galdua', Zestoako Formol Laborategiaren 'Album' antzezlana, Galder Perezek zuzendutako 'Lurrun minez' lana, Bagara konpainiaren 'Interakzioa' eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen 'Högeitavat' emanaldia.

Ikus-entzunezkoen plaza den irudienean, bestalde, 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zineman: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria... Iaz Sormen Beka irabazi zuen 'Bañolet' websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean.

Publicidad

Saguganbaran familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste. Betiko gunean egongo da, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ere antolatuko dira.

Kabi@, bere aldetik, Areto Nagusi barruan antolatuko da, eta programazioa hiru ataletan banatuta egongo da: 'Geruza digitalak' izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat; eta 'txikientzako lantegia' izeneko jarduera. Programazioa ideia nagusi batekin lotuta egongo da: «Eraldaketa digitalak balio dezake sortzaileak, sorkuntza lanak eta publikoa harremanetan jartzeko, eta, gainera, sorkuntzarako aukera ezberdinak zabal ditzake», adierazi du gune horretako arduradunak.

Publicidad

Ahotseneak bere aldetik, bi esparrutan oinarrituko du bere egitaraua eta egitekoa, urtero bezala: musika eta literatura, doinua eta letrak. Plateruena barruan antolatuko diren kontzertuetan talde sortu berri eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira. Kasu honetan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, azaroaren 29tik aurrera. Literaturari dagokionez, espazio bitan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Bertan, eleberriak, poesia- liburuak, antzerki-bildumak, komikiak, itzulpenak... aurkeztuko dira.

Euskarazko literaturaz harago, Durangoko Azokan beste argitalpen askok daukate lekua: dibulgazio liburuek, ikerketa lanek, euskal gaia lantzen duten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia gunean batuko dira, espazio bitan: Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. «Talaian gai oso anitzak lantzen dituzten liburu ugari aurkeztuko dira, eta hainbat mahainguru ere antolatuko dira: musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz, besteak beste», azaldu dute Azokako aurkezpenean.

Publicidad

Egun horietan Durangora gerturatu ezin dutenek ez dute zertan kezkatu. Azoka TBk jarraipen zabala egingo du, Azokako webgune ofizialean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad