

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aiora Sampedro
Sábado, 25 de noviembre 2023, 01:00
Durangoko Azokarako iritsiko diren nobedadeak argia ikusten hasiak dira dagoeneko. Migrazioari, gerrari, osasun mentalari eta gorputz feminizatu eta prekarioen gatazkei loturiko testuak gailentzen dira katalogoan lehen begi kolpean.
Joseba Larretxeak aipatzen zuen joan den egunotako Euskadi Sarien ekitaldian, 2023. urtea euskal komikigintzaren urterik oparoena izan dela eta editorialek ohitura ez galtzearen alde egin dutela dirudi. Besteak beste, Astiberrik Joe Saccoren 'Palestina' nobela grafikoa euskarara ekarri du. Liburuan gatazkaren alderdi sozialak eta politikoak aipatzen barneratzen da egilea eta hainbat sari, besteren artean American Book Award entzutetsua, irabazita dator gurera.
Bestalde, gorputzaren edota gorputz prekarioen gaineko diskurtsoa hizpide duten testuak argitaratuko dituzte Alberdaniak, Susak, Elkarrek nahiz Denonarteanek. Lehenengoak bigarrenez emango du Goiatz Labandibarren 'Amez' ipuin-bilduma gaztelaniara itzulita. Amatasun desberdinez diharduen 21 ipuineko liburua berritzailea izan zen euskaraz eta orain, urtebete beranduago, gaztelaniaz doa 'Comadres' izenburupean. Elkarrek Karmele Jaioren 'Maitasun kapitala' eleberria argitaratuko du. Bikote-harreman baten hausturaren aurrean emakume protagonistak erakutsiko duen babesgabetasuna izango du ardatz liburuak. Hartara, narratzaileak maitasunaren eta dependentziaren arteko harremanaz hausnartuko du liburu honetan. 'Aitaren etxea' bere aurreko eleberrian protagonista genero-desorekaz jabetu eta senarrarengandik urrunduz, bere bidea egiten saiatzen den emakume bat bazen, hau da, haren ahalduntze prozesuaren kronika egiten bazen, kasu honetan, dagoeneko hainbat alderditan ahaldundua den emakume bat erakusten du egileak, baina erabat behea jotzen duena maitaleak uztean. Denonartean editorialaren eskutik ere haur eta gazte literaturan helduko zaio gaiari: 'Gorputz txiki batean jaio nintzen' kontakizunean Mikel Uribelarreak trans bizipena kontatuko du, gorputzari esleitutako genero-espresioaren bat ez etortzeak eragin ditzakeen desoreka eta bazterketez hausnartuz.
Haur literaturaren esparruan jarraituz, Astiberri editorialak klasiko bat euskaratu du: 'Moby Dick'. Berdin-berdin, editorialaren joerari fidel, haurrentzako komikiak ere argitaratuko ditu argitaletxe bizkaitarrak. Txangoan txiripaz edota Uxio eta lagunak dagoeneko dendetan eskuragarri dira. Bestalde, beste helburu gisa Biga bilduma azokarako erabat berreditatzea izango dute. Denonartean argitaletxeak ere hainbat ale emango ditu haur eta gazte literaturaren barnean: album ilustratuaren barnean Eloy Morenoren 'Ikusezin'. Biren artean kontatzeko ipuinak ekarriko dute euskarara eta gazte literaturan Jabier Muguruzaren 'Jajatxo' nahiz Ane Bastidaren 'Hideane eta bere lagunak' izenburuak salgai izango dira. Bestalde, Juan Luis Zabala eta Iñaki Martiarenak 'Memoriaren ibaia' komikia ondu dute. Hainbat gizarte-gatazka loturik ageri dira Leitzaran autobide eta ibaiaren inguruan bi protagonistek osatuko duten ibilbide honetan.
Bidaiarekin lotuta doaz beste hainbeste testu ere; adibidez, Alberdaniak argitara emango duen Eneko Aizpuruaren 'Gaueko azken expressoa' eleberria. Egilearen aurreko bideari jarraiki, jatorrizko Portugaldik Bidasoaldera bidaiatuko duen protagonistaren ibilerak ezagutuko ditu irakurleak.
Osasun mentala ere gai azpimarratua izango da aurtengo azokan. Euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko da Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal egileek atondutako 'Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian / Las voces del silencio. La salud mental adolescente en la década del cambio' liburua. Telefono mugikorrek eta sare sozialek gazteengan zein modutan eragiten duten aztertuz. Bestalde, gaiarekin nolabaiteko lotura ere badu Patxi Zubizarreta saritu berriaren 'Loak ezkutatzen duena' eleberri beltzak. Insomnio arazoei buruzko erreportaje baten aitzakian, protagonista misteriozko kontaketa baten amilduko da.
Euskararako itzulpengintzak ere lekua izango du hainbat izenburutan: Friedrich Engelsen 'Etxebizitzaren auzia', besteak beste, euskaraz izango dugu Katakraken eskutik. Maiatz argitaletxeak euskaratuko duen 'Simon Weilen lana' ere eskuragarri izango dugu. Bestalde, Alberdaniak kontrako bidea egingo du euskarazko jatorrizko testuak gaztelaniara itzuliz. Labandibarren lanari gehituko zaizkio Beñat Sarasolaren edota Irati Goikoetxearen 'Nada que declarar' eta 'El pueblo no perdonará', hurrenez hurren.
Azkenik, izen bereziz datoz Pamielaren eta Elkarren honakook. Bernardo Atxagak eta Miren Agur Meabek beren azken eleberriak argitaratuko dituzte: 'Paradisuaren kanpoko aldeak' eta 'Itzulerak', hurrenez hurren. Harkaitz Canok 'Ulu egiteko bolondres bila' poema-bilduma argitaratuko du eta Uxue Alberdik 'Belarriko kilkerrak' kontakizun-bilduma ere badakar.Genero ez hain ohikoetan Joseba Sarrionandiak 'Markos Gimenoren 101 letrakartel palindromo' liburua aurkeztuko du eta Jasone Osorok saiakerari helduko dio 'Arrakasta' testuarekin haren inguruan hausnartuz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.