

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Euskal Herriko kulturzaleak egutegiari begira ari dira egunak zenbatzen, Durangoko Azoka noiz hasiko zain. Pozik jarriko dira jakitean bi aste baino ez direla falta Landako Guneak bere ateak irekitzeko. 'Fantasia Da!' Lelopean datorren 58. edizioa abenduaren 6tik 10era bitartean ospatuko da, eta nola ez, nobedadez beteriko egitarau anitza, mamitsua eta aktuala dakar oraingoan ere. «Bost egunetan barrena, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek», azaldu du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga Elkarteko koordinatzailea denak. Halaber, bi ezaugarri nabarmendu ditu egitarauari dagonionez: anitza eta gaztea dela. «Anitza da, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako, eta gaztea, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin», gaineratu du.
Durangoko Azokaren egitarauaren aurkezpena asteazken honetan izan da Plateruenan, aurtengoan ere Ahotseneako gunea hartuko duenak. Gaztelurrutiak adierazi duenez, Landako barruan liburu, disko eta kulturarekin lotutako hamaika produktu aurkitu ahal izango dira, 257 eskumahaitan banatuta egongo direlarik, aurreko edizioan baino bederatzi gehiago. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. «Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra», gaineratu du koordinatzaileak.
Halaber, herritarrei Durangoko Azokara etortzeko deia egin die Gaztelurrutiak, «euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin».
Bestalde, Azoka osatzen duten gune ezberdinetako arduradunek egitarauaren xehetasunak eman dituzte Plateruenan.
Talaian, esate baterako, Landako Gunean bertan kokatzen den gunean, 48 ekitaldi antolatu dira abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Gerediagatik Izaskun Ellakuriagak adierazi duenez, Irulegiko eskuaren inguruko liburu bat aurkeztuko du Aranzadik; Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko mahai-ingurua antolatuko du Jakinek; eta Euskadi Literatura saridun guztiak batuko dituzten bi solasaldi emango dira bertan ere.
Durangoko museoan bestalde, Ximon Agirrek, aurtengo Azokako kulturaren egileak, hitzaldia eskainiko du Euskal Irudigileen Elkarteak antolatuta. Suargi elkartea bere aldetik, 'Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak' izeneko nazioarteko topaketa antolatu du; Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso izango direlarik euskal ordezkariak. «Aldi berean, erakusketa berezi bat dago bertan, orain dela egun batzuk hil zen Agustin Ibarrolaren 'Papera ardatz' izenekoa. Azken urteetan egindako lanak ikusi ahal izango dira bertan, eta bertara hurbiltzea gomendatzen dizuet», gaineratu du Ellakuriagak.
Ahotsenea guneak bere aldetik, 2023an argitaratutako 70 liburu eta 50 disko berriren aurkezpenak bilduko ditu. Egitarau anitza izango da, moldeei eta belaunaldiei dagokienez. «Betiko moduan, Platerueneko zuzenekoetan denetik entzun ahalko da, talde berriak eta beteranoak, edo edonolako doinuak; elektronika, folka, popa, hardcorea, indiea eta rocka», azaldu du bertako arduraduna den Miren Narbaizak. Musikarien artean, besteak beste, Lehiotikan, Nogen, Toc, Amorante, Eire, Ibil Bedi, Txopet, eta Muare, izango dira zuzenekoak ematen. Musika eskolako solsaldietan, eleberriak, poesia, antzerki-bildumak, saiakerak eta album ilustratuak aurkeztuko dituzte. Idazleen artean, Harkaitz Cano, Lide Hernando, Miren Agur Meabe, Goiatz Labandibar, Iñigo Martinez, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdi hurbilduko dira Durangora, esate baterako.
Durangoko Zugaza zinema Irudienea gunean bilakatuko da beste urte batez ere. Guztira 30 emanalditik gora emango dira bertan, horien artean filmak, dokumentalak, animazioa, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak, laburmetraiak eta Kimuak katalogoko lanak egongo direlarik. Irati Agorriak, guneko arduraduna denak, azaldu duenez, eguerdiro, eta urtero bezala, umeentzako programa egongo da bertan. «Lan zehatzei dagokienez, Izaroren bideoklip estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala, Bidasoa dokumentalaren solasaldia eta 'Habana Glass' film laburra aipatu daitezke, adibidez. Gainera, abenduaren 8an, Gazte Eztandarekin lotuta, gazteengandik eta gazteentzako antolatu den egitaraua dugu eskura», gehitu du.
Eremu digitalari zuzendutako Kabia guneak bere aldetik, abenduaren 6rako eta 7rako prestaturiko egitaraua aniztasunaren adibide izango da: adimen artifiziala, software librea, digitalizazioaren inguruko hausnarketa kritikoak eta euskararen erabilera indartzeko tresnak aurkitu ahal izango direlarik bertan.
Aurten ere haurrei eta familiei begirako aurkezpenak eta ikuskizunak antolatuko dira bost egunez Saguganbaran, eta ekintzarik egongo ez den tarteetan, irakurketa librerako gune lasai eta atsegin bat izango da Saguganbara. «Yolanda Arrieta eta Pello Añorgaren liburu aurkezpenak, ipuin kontalariak, Potx eta Lotx, Ene Kantak... fantasiaz beteriko egunak izango dira», adierazi du Martxel Zubiak, bertako arduradunak. Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea Saguganbaran ezagutzera emango da abenduaren 9an.
Azkeneko gunea, baina ez horregatik garrantzia txikiagokoa, Szenatokia da, arte eszenikoei zuzendua dagoena eta San Agustin Kultur Gunean ematen dena. Magia berezia sortzen da bertan, disziplina ugaritako sortzaileek parte hartzen dutelako. Eta, aurten ere horrela izango da. Antzerkia, dantza, bakarrizketak, inprobisazioa... Guztira, hamar bat konpainiek obren pieza laburrak taularatuko dituzte bertan, bakoitza pase bitan. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an iazko Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko duela oholtza gainean Jon Ander Urrestik, 'Eucalyptus' izeneko antzezlana dena.
Gauzak horrela, Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak herritarrak Durangora hurbiltzera animatu ditu: «Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, itzarrik amets egitera... Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera!». Halaber, doako autobus zerbitzua martxan egongo dela gogoratu du. Iurretako autopista irteerako parkinetik, Landako inguruko Olleria kaleraino bidaiatuko du etengabe, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, igandean, ez da erabilgarri egongo.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Una moto de competición 'made in UC'
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.