Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Espainiako Gobernua noraezean dabil aspaldion, inkesten hatsak areago geldiarazi balu bezala. Ez die arazoei errotik heltzen, populismoa baliatzen du ahal duenero -horra hor espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren inguruko ikuskizun tamalgarria- eta ezinean dabil legerik garrantzitsuenak onartze bidean aliatuak irabazteko, aurrekontuetatik hasita. Kataluniako hauteskundeen osteko Ciudadanosen goraldiak guzti hori nabarmendu baino ez du egin, eta urduritasunak zein bat-bateko burutazioek lehenagokoak ere baziren gabeziak agerikoago egin dituzte. Rajoy, orain bai, bere bizitza politiko luzeegiaren azkenetan egon daiteke. Iraganeko mamu itxura hartzen hasia da daborduko, baita bere lerroetatik etor litekeentzarentzat oztopo ere. Jada kontua ez baita zer jazoko den galiziarrarekin, joaterakoan bere alderdia zein egoeratan utziko duen baino.
Kongresuko asteazkeneko bilkura monografikoa gainbehera politiko horren laburpena izan zen, ia krudela. Ohi bezala, oposizioak tatarrez eraman zuen Rajoy tribunara, pentsiodunen azken asteotako mobilizazio erraldoien ostean. Pentsio sistemaren 2011 eta 2013ko erreformen alde agertu zen, hasteko. Lehena Zapatero oraindik presidente zenekoa da. Orduko hartan pentsioak izoztu egin ziren eta, ostean, patronalarekin eta Espainia mailako sindikatu nagusiekin akordioa erdietsita, erretiroa hartzeko adina 65etik 67 urtera igo zen. Bi urte beranduagokoa, aldiz, Rajoyk berak bultzatu zuen, gehiengo osoaren urrezko bere garai politikoan. Sakoneko aldaketak ekarri zituen hark, gaur egun pentsiodunek bete-betean jomugan dituztenak. Hala, aurrerantzean pentsioek emandakoa ez zen berriz Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera handituko: Gizarte Segurantzak defizita izanez gero, %0,25 baino ez ziren igoko. Eta horren zuloa gero eta handiagoa denez, iaz 18.000 milioi eurokoa, pentsiodunak oso luzaroan erosteko ahalmena galtzera zigortu zituen. Hori zenbait urtez jarraian jazo eta gero esan dute kaltetuek kitto kaleetan, nazka-nazka eginda eta dagoeneko ezinean dabiltzala.
Pentsiodunen egungo mobilizazio handiek lehen mailako eragin politikoa dute, jakina. Ez bakarrik Espainian hor dagoelako bozemaile kontserbatzaileen kopururik handiena, baizik eta egoera honek gerora bilduko zaizkienengan ere kezka bizia eragiten duelako. Inork ezin du bermatu dagoeneko noiz hartuko duten erretiroa gaur egun 50 urtetik beherako direnek, ez zein baldintzatan. Eta ez da Rajoy izango hori bideratzen hasiko dena. Kongresuan adierazi zuenez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zenbait laguntza bilduko ditu pentsiodunentzat, eta pentsio baxuenak eta alarguntzakoak igoko. Baina proposamenok ere ez dira egiazkoak, ahalik eta arinen gauzatzekoak, duela bederatzi hilabetetik blokeatuta dauden aurrekontuen onarpenarekin estu lotu zituelako. Iruzurretan ari da Gobernuko presidentea beste behin, bere esku daudenak egin ez eta egiten ez direnen ardurak besteen gain jaurtiaz. Toledoko Ituna bazterrean utzi, pentsioen inguruko adostasun politikoa eztandarazi eta horien sasoi bateko ordainketarako aurreztutakoa xahutu eta gero, Rajoyk ez du inolako autokritikarik egiten, bere esaldi gogoangarri eta xelebre horietakoak elkar kateatu besterik ez.
Pentsio sistemaren arazoak ez dira nolanahikoak, eta erantzun estrukturaletatik baino ezin izango zaie aurre egin. Demografikoa da horietako garrantzitsuenetakoa, osasungintzari ere zuzen-zuzen eragingo diona, gazteenen lan-baldintzei lotutakoa ahaztu gabe. Berezkooi Gobernuaren ildo ideologikoa gehitu behar zaie, pentsio sistema publikoarekiko fede gutxikoa denari. Plan pribatuen aldeko interes ekonomiko erraldoiak daude tartean, azkenon abantailak azpimarratzen dihardutenak. Beraz, badago halako ekaitz perfektu bat pentsio publikoen inguruan, etsipena zabaldu eta irtenbideak horietatik at proposatzen dituena. Egon baleudelako sistema berrantolatu eta jasangarri egiteko moduak, finantzazio molde ezberdinekoak, hainbat adituk mahai gainean jarritakoak. Baina, horretarako, luzera begirako ikuspegia behar da -aspalditxo behar zen-, ongizatea eta horri begirako baliabide publikoak lotu eta bermatzearen aldekoa.
Pentsiodunak Rajoyren akabera izan daitezke. Berak badaki orain arteko gainbeherari zaharrenen haserrea gehitzea gehiegizkoa dela. Baina ez du ematen urratsik egiteko prest, arduraren izenean edo. Ardura behar gehieneko norbere herritarren premiei erantzuteaz gaindiko beste zerbait bailitzan. Norbere lehentasunen arabera bidegabe jokatzea, akaso. Baina denbora joaten uzteko bere ohiko estrategiak ez du oraingoan salbatuko, itsumustuan ez dagoelako inora joaterik, gaitz arinenaren jokoak ez diolako balioko. Bere jokabideak aspaldi utzi zion zenbait sektoreri segurtasuna eskaintzeari, gizarte gero eta dualago bat ahalbidetzea ez delako inoiz egonkortasunarekin bateragarri.
Euskaditik badago guzti horri mezu propio batekin erantzuterik. Bilbokoak ari dira izaten Estatu osoko manifestaziorik handienetakoak -115.000 lagunekoa aurreko zapatukoa-, eta ez kasualitatez. Gizarte oso egituratu eta antolatua delako bertokoa, eta mugimendu honek zeharo lortu duelako zeharkakoa izatea, jatorri eta joera ezberdinekoen aldarri partekatu bihurtzea. Hori sekulako ondarea da aurrera begira, oihartzun ahalik eta zabalena lortze aldera. Besteak beste, berton badagoelako edonongoen gaineko beste eskakizunik. Herritarrek Gernikako Estatutua onartu eta 39 urte joan ostean, Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren kudeaketa oraindik transferitu gabe dagoelako, batik bat. Eta euskal herritarrek jakin badakitelako autogobernua ongizatearen pareko izan dela. Baita arlo honetan ere.
Pentsiodunek babes osoa merezi dute euren borrokan. Asko emandakoen duintasunaren aldekoa delako, eurei zein hurrengo belaunaldiei begirakoa, gizarte baten maila etiko eta estetikoa zehazten duenetakoa. Politikak ezin du zerbait hotza eta urrunekoa izan, norbanakoen premia, beharrizan eta arazoei atxikitakoa baizik. Espainiako Gobernuarenak laster egingo du horretaz behingoan jabetzen ez bada. Ez delako baliabide kontua soilik, ez delako maldizio saihestezina, lehentasunekin zerikusi ezin zuzenagoa duen lehen mailako arazo soziala baizik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.