Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Idazle poloniar bati, Maria Linde poetari, Literaturako Nobel saria eman diote. Aspaldi, artean gaztea zela, utzi zuen bere jaioterria, Polonia, Italiara bizitzera joateko, aginte komunista itogarritik ihesi. Lindaren gurasoak judutarrak ziren, eta ozta-ozta atera ziren bizirik kontzentrazio-esparruetatik. Italian dagoela, hango batekin ezkondu, eta, geroztik, han egingo du bere bizimodua, handik idatziko ditu bere lan guztiak, han erdituko da bere alabaz.
Halako batean, bizi den herriko udalak omenaldi bat egin nahi dio, eta sari bat eman dio. Sariarekin batera, hitzaldi bat eman behar du herritarren eta agintarien aurrean. Bezperan, bere buruaz beste egin duen terrorista batek dozenaka pertsona hil ditu Erroman, gorputzera itsatsita zeraman bonba bat leherraraziz. Maria Lindek ezin du saihestu zorigaizto hori bere hitzaldian aipatzea, baina aipamenak zur eta lur utziko ditu bertakoak, artelantzat joko baitu atentatua. Azken batean, hitzek beren balio galdu duten garai honetan, zer egin dezake etsipenak jota dagoen norbaitek? Lindek Europa maite duela dio, haren baloreak besarkatzen dituela, nahiz basakeria asko egin diren balio horien izenean, baina, azken finean, etorkinek zerbaitegatik etorri nahi dute Europara: askatasunagatik, tradizio demokratikoagatik, ongizateagatik... Eta nola erantzuten die Europak? Hesiekin, debekuekin, zailtasunekin eta kontzientziaren zuriketa ageriko batekin. Linde ez da atentatua justifikatzen ari, hura ulertzeko ahaleginetan dabil, autokritika egin nahian. Agian, ez ditu hitz egokiak aukeratu. Hortik aurrera, dena aldatuko da, batez ere Interneten garaian. Hitzek balioa galdu duten arren, balio gutxikoak diruditen arren, nahikoa eta gehiago dira sua eta gorrotoa pizteko, mundua bitan erdibitzeko.
Kontatzen ari naizen hau guztia fikzioa da. Pelikula poloniar bat da, 'Dolce Fine Giornata' (edo 'Slodki koniec dnia') izenburukoa, Jacek Borcuch-ek zuzendua. Gaztelaniaz, 'Un atardecer en la Toscana' izenburuarekin ikus daiteke. Arestian aipatutakoa baino korapilatsuagoa da dena, ordea. Lindek alaba bat dauka, baita bilobak ere. Ezkonduta dago, baina senarrarekin duen harremana ez dabil onenean. Musulman hazpegiak dituen maitale bat dauka, bera baino askoz gazteagoa eta jatorri koptokoa, portu parean taberna bat duena. Zehaztu ere zehaztuko du Lindek koptoak kristauak direla. Nolanahi ere, harreman eder baina ezinezkoa da bien artekoa, kalezulo batera kondenatua. Zenbait unetan Lindek burua galdu duela pentsa dezakegu, baita zeken eta apetatsu samar jokatzen duela ere. Kontraesanez betea dago. Zahartzaroan sartuta, ez du itxurakeriak larregi kezkatzen, eta esan beharreko guztia esan duela aitortzen dio kazetari bati. Auto moderno batean abiada bizian joatea atsegin du.
Pelikulan hainbat gai ukitzen dira sotiltasunez, beti ere anbiguotasunari atea irekiz eta inorekin ezkondu gabe. Ziurtasunak baino askoz gehiago dira zalantzak. Eta horren guztiaren erdian, Toscanako argia eta itsasoa, opor usaina, lorategia duen etxe handi eder bat, Sinatra ezagutzen ez duen nerabe bat. Oparotasuna eta txirotasuna. Errefuxiatuen kanpamentutik ihes egin duen errefuxiatu talde baten 'mehatxua', airean eta ahoz aho dabilena, Kavafisen poemako barbaroen pare. «Zergatik hasten da bat-batean artegatasun/ eta ezinegon hau? (Aurpegiak zein beltzuri bihurtu diren)./ Zergatik husten dira bizkor kale eta plazak/, eta denak itzultzen dira beren etxeetara oso pentsakor?». Hain zuzen ere, kaiola itxurako eskultura bat dago herriko plazaren erdian, amaieran sinbolismo handia hartzen duena. Zer irudikatu nahi du? Bestearen ikuspegia? Geure argi-ilunen gatibu bizi garela? Jendea handik igarotzen da, eta ia inork ez dio kaiolari erreparatzen, paisaiaren zati bihurtu da dagoeneko, atrezzo moduko bat.
'Dolce Fine Giornata' ez da pelikula borobila, baditu gorabeherak, ez die zuku guztia ateratzen pertsonaiei, baina zintzoa da, interesgarria, gogoeta egitera bultzatzen gaitu, argazki eta musika ederrez hornituta dago, eta gaur-gaurkoa da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.