Borrar
Ikuskizunaren kartela. Tartean teatroa
'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa'z gozatu, Alde Zaharrean!

'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa'z gozatu, Alde Zaharrean!

Patxo Telleriak, Mikel Martinezek eta Adrián García de los Ojosek emanaldi berezia eskainiko dute asteazken honetan, Bilboko Posta Kalean, 20.00etan

Martes, 30 de mayo 2023, 00:22

Asteazken honetan, maiatzaren 31, Bilboko Alde Zaharrean (Posta kalean, katedralaren atzekaldean) 'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek idatzi eta interpretatua. Normalean areto barruan eskaintzen den lan honen emanaldi berezia 20.00etan hasiko da eta aktoreek Adrián García de los Ojos musikaria izango dute lagun, pianoa, txistua eta beste musika-tresna batzuk joko dituelarik.

Istorio honen abiapuntua online ikastaro bat da. Telleriak eta Martinezek doktore-musikologoen papera jorratzen dute eta euskara, euskal musika eta euskal kulturaren gainean «umore sanoz» barre egiten dute, abestu, jolastu eta datuak eskaintzen dituzten bitartean. Tartean teatroa konpainiatik azaldu dutenez, «bikote artistiko honen ikuskizunak oso askatzaileak dira, herri honetan askotan oso serio hartzen diren gai batzuen gainean barre egiten duzulako, eta askatasun horrek umoreaz baliatuta beste ikuspuntu bat ematen dizulako».

García de los Ojosen soinuak ez ezik, Telleriak ere jotzen du gitarra. «Kontua da ikuskizunak musika zuzenean baduela eta horregatik egin dezakegu oraingo honetan kalean. Hitzaren presentzia baino ez daukazunean, hori defendatzea oso zaila da, badaudelako zaratak, umeak korrikan... Baina, orain, zuzeneko musikarekin bolumena ere badaukagu eta kalean ikuskizunaz gozatzea mereziko du», esan dute.

Ikuskizunaren irudi batzuk. Guillermo Casas (Tartean Teatroa)
Imagen principal - Ikuskizunaren irudi batzuk.
Imagen secundaria 1 - Ikuskizunaren irudi batzuk.
Imagen secundaria 2 - Ikuskizunaren irudi batzuk.

Istorio absurdo, ironiko eta eroak

'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa' 2017an formatu handian estreinatutako euskal kantutegian oinarritutako antzerki ikuskizuna da. Gure musikaren zale handia den Patxo Telleriak idatzi zuen testua eta Jokin Oregik zuzendu zuen. Hasiera batean hiru musikari-aktorek (Ivan Allue 'Txistuman'ek, María Arriagak eta Adrián García de los Ojosek) eta bi aktorek (Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek) parte hartzen zuten.

«Oso harrera ona izan zuen, eta sei urte dituen arren, oraindik hainbat kultur aretotan eskaintzeko eskatzen digute. Esan bezala, euskal musikaren istorio absurdo, ironiko eta eroak maitasun osoz kontatzen dira sketch ezberdinen bitartez. Hala, bi urteren ostean, ikuskizunaren formatu akustikoa ekoiztu genuen, kultur etxe eta espazio txikietara egokituz», diote konpainiatik.

Interesdunek jakin behar dute lanean 200 abesti baino gehiago aipatzen direla, hitz jokoak daudela eta abestiak beste gauza batzuk kontatzeko abiapuntu gisa hartzen direla. Beraz, ez dago aitzakiarik asteazkenean Alde Zaharrera ordu eta laurden inguruz ez hurbiltzeko. Anima zaitezte!

Max eta Donostia Sariak, Aste Nagusiko pregoia...

Patxo Telleria (Bilbo, 1960) aktore, antzerkigile, gidoilari eta zinema zuzendari ezaguna da. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza antzerkiaren munduan lanean, eta lan asko sortu, zuzendu eta antzeztu ditu, euskaraz eta gaztelaniaz. Bere lehen urteetan, 'Maskarada' euskarazko antzerki konpainia aitzindarian parte hartu zuen. 2000. urtean Tartean antzerki proiektua sortu zuen, Mikel Martinez eta Jokin Oregirekin batera. Halaber, hainbat sari irabazi ditu, hala nola, Donostia Saria, Toledoko Teatro Rojas golardoa, Max Sariak... Hori nahikoa ez balitz, 2016an, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izan zen.

Mikel Martinez Etxarri (Lizarra, 1955) euskal aktorea 'Maskarada' taldearen sortzaileetako bat izan zen 1980ko hamarkadan, eta Telleriaren pareko ibilbide profesionala egin du, Ez Dok Hiru Bikoteatroan eta Tartean antzerki konpainian berarekin lanean urteak eman ondoren, «bikote artistiko» gisa. Antzezlan, film eta telesail askotan parte hartu du, eta hainbat sari ere irabazi ditu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo 'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa'z gozatu, Alde Zaharrean!