Borrar
'Marriage Story' filmeko eszena bat. E. C.
DIBORTZIOAK

DIBORTZIOAK

ADARRAREN PUNTAN ·

Lunes, 3 de febrero 2020, 22:11

Gutxitan entzun da 'dibortzio' hitza albistegietan azken egunotan bezain sarri. Espainiarengandik dibortziatu ezean, Kataluniako alderdi independentista nagusiak dibortzio triste eta luze baten protagonistak izaten ari dira. Badirudi politika ezinezkoa bihurtu dela 'seny'-aren herrialdean. Batzuen iritziz, hauteskundeak lirateke, berriro ere, irtenbide magikoa. Baina ezerk ez du adierazten beste bozketa batzuek ezer konponduko dutenik.

Are tristeagoa eta luzeagoa, Britainia Handiaren dibortzioa izan da. Bitxia bada ere, herrialde horren baitan beste banaketa bat eragin lezakeen prozesua; izan ere, eskoziar askok ez dute Europatik alde egin nahi, eta, dirudienez, horietako askok independentziari uko egin zioten horregatik, hain zuzen.

Baina hausnarketa horiek guztiak alde batera utzita, egia esan, Erresuma Batua, inoiz baino bananduago, urrundu egiten da Kaxianoren itsasontzia bezala gure kostaldetik, segur aski ozeanoz bestaldeko senideak besarkatzeko, prozesu osoan zehar hainbeste animatu dituztenak.

Badakit, egiten dutena egiten dutela, haiek europarrak izaten jarraituko dute, eta, nahiz eta britainiar askori gustatzen zaion guri sorbalda gainetik begiratzea, kontua da zerbait arras mingarria dagoela dibortzio honetan. Gustatu ala ez, Britainia Handirik gabeko Europa, askoz Europa eskasagoa da. Dibortzioa baino gehiago, 'anputazio' moduko bat izan daiteke. Gogora datorkit 1977an Ingalaterrara egindako lehen bidaia hura. Sagarrak biltzera joaten ginen herrialdearen iparraldera. Espainia oraindik ez zegoen garaiko 'Merkatu Komunean' eta ilara luze eta motel bat egin behar izan genuen aireportuan. Orduan 'Munduko Gainerako Herrialdeak' izeneko atetik sartu behar genuen. Erkidegoko herrialdeetako bidaiariak azkar pasatzen ziren gure alboan, inongo kontrolik sufritu gabe. Ezin hobeto gogoratzen dut nire lagun Imanoli orduan egin nion galdera: «Zure ustez, egunen batean iritsiko al gara ilara horretan egotera?». «Zalantza egiten dut!», erantzun zidan berak. Bizitzak ezustekoak ematen dizkizu, Ruben Bladesek zioenez.

Tira. Inor ezingo gara dibortziatu ez Rolling Stonesengandik, ez Bowierengandik, ez Nick Hornbyrengandik, ez Monthy Pytonekoengandik, eta zoritxarrez, ez gara dibortziatuko ez hooliganengadik ez 'balconing' edota 'mamading' egiten dutenengandik ere.

Dibortzio traumatikoen testuinguru honetan, Netflixen 'Marriage Story', Noah Baumbach-en film berriarekin topo egin dut. Nola baldintza zibilizatuetan egin asmo den dibortzio bat infernu bizi bihur daitekeen.

Adam Driver eta Scarlett Johansson sinesgarriak dira oso beren paperetan. Aspaldi ez nuen hainbeste gozatzen interpretazio onak ikustearen plazer hutsaz. Ohikoa den bezala, gidoi bikain baten zerbitzura daude, une oro maitasun hondoratze horretan beharrezkoa den intentsitate maila neurtzen dakiena. Azpimarratzekoa da, baita ere, Laura Dern-ek eta Ray Liota-k egiten duten papera, ustez elkarri mokoka dauden abokatuen papera antzezten.

Sigmund Freudek esan omen zuen, maitasunaren kontrakoa ez dela gorrotoa, axolagabekeria baizik. Ez Kataluniak, ez Britainia Handiak, ez naute axolagabe uzten, eta film onek are gutxiago.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo DIBORTZIOAK