Denboraren poderioz pentsaezinak ziren gauzak gertatzen dira. Aldaketa batzuek mendeak behar dituzte gauzatzeko (inperioen suntsiketak, adibidez); beste batzuk bat-batean gertatzen dira (Jugoslavia edo Sobiet Batasunaren leherketak). Zenbait aldaketa denbora gutxian ekoizten dira, koiuntura politiko edo ekonomikoaren arabera. Draghi buru zuen Italiako gobernuak sendoa zirudien baina hautsi egin da, eta irailaren 25ean izango diren hauteskundeen ondoren osatuko den gobernu berriak Italiaren kanpo-arazoetako eta EBrekiko politika alda lezake. Biden estatubatuarrak Saudi Arabian agintzen duen Mohamed bin Salmanen aurka hitz oso gogorrak erabili zituen Khasoggiren erailketagatik eta berarekin ez zela bilduko esan zuen. Alabaina, duela gutxi Riaden izan da eta irribarretsu agurtu du Bin Salman. «Paria» bat zela esan zuen duela bi urte, eta orain lankide bihurtu da, Ukrainako gerraren ondorioak direla eta.

Publicidad

Putini buruz ere «paria» bat izango zela iragarri zuen hainbatek, baina arestian bilera inportante bat egin du Teheranen han agintzen duten aiatolekin eta Erdogan turkiarrarekin. Azken hau Madrilen egon zen NATOren bileran, Turkia erakunde horretako partaidea delako. Hala eta guztiz, herrialde eurasiar horrek, batez ere Erdogan islamistak agintzen duenetik, jarrera propioa du nazioarteko harremanetan, inori men egin gabe. Haren lehentasuna Turkiako PKK talde kurdua desegitea da, bai eta Siriako kurduak kontrolpean edukitzea ere, horretarako Iran eta Errusiarekin akordioak landuz. Halaber, Ukraina eta Errusiaren artean gerra amaitzeko ahaleginetan dabil, bitartekari lana eginez. Baliteke Putinek gerra gutxienez azarora arte iraunaraztea. Hilabete horretan hauteskunde inportanteak ospatuko dira AEBn, Kongresuko Ordezkarien Ganbara osoa eta Senatuaren heren bat berrituko direlarik. Alderdi Errepublikanoak irabazi ditzake hauteskunde horiek eta, gainera, parlamentari berriak Trumpen aldekoak izan daitezke. Jakina da presidente ohiaren jarrera: AEBren etsaia Txina da eta ez dira indarrak galdu behar Errusiaren aurka. Haren ustetan, Putin europarren arazoa izan daiteke baina AEBri ez zaio ezer galdu Europan. Dena den, Bidenen populartasuna oso baxua da, eta Alderdi Demokratako buruak beste hautagai batzuetan ari dira pentsatzen 2024rako.

Itzal handikoa den New York Times egunkariak ohartarazi zuen atzo AEBko administrazioa gero eta kezkatuagoa dagoela Txinako agintariek Taiwanekiko duten jarrerarengatik. Aldaketak datoz baina ezin aurreikusi horien nondik norakoak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad