Borrar
Zuriñe Goitia, Adolfo Arejita eta Ibon Urgoiti, 'Denboraren gurpilean' liburu berriaren aurkezpenean. Euskaltzaindia
'Denboraren gurpilean' lan berria, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren mamia gizarteratzen hasteko

'Denboraren gurpilean' lan berria, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren mamia gizarteratzen hasteko

Euskaltzaindiak aurkeztu du 'Berba-mintzoak' bilduma berria, eta, horrekin batera, bilduma estreinatzen duen liburua. Euskararen Akademiak Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du lana

Martes, 25 de marzo 2025, 15:28

Astearte honetan aurkeztu dute 'Denboraren gurpilean' liburua Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Akademiak eta Laboral Kutxak elkarlanean sortutako lana da, eta 'Berba-Mintzoak' bildumaren lehenengo alea. Aurkezpenean izan dira Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendaria, Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria eta Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikaria.

«Gaur aurkezten dugun lan hau bilduma etnografikoa da eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa obrak (EHHA deiturikoa) jasotako lekukotasun oparoak ditu oinarri. Orain gizarteratu nahi den Atlasean bildutako informazio hori aurreko mendeko laurogeiko hamarkadan berri-emaileen ahotik hartua da, Euskal Herrian barrena aukeratutako 145 inkesta puntutan. Beraz, ikerketa horren garrantzia apartekoa da, galdu den edo kasu batzuetan galdu adinean dagoen mundu ikuskera baten testigantza gordetzen duelako. Gure euskal tradiziozko bizimoduarena, hartan ere», esan dute.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasean gai asko jorratu zirela ere aipatu dute, hala nola, animaliak, landareak, geografia, eguraldia, ogibideak eta tresnak, gorputza, gaitzak eta heriotza, harremanak eta erlijioa. Gainera, hizkuntzaren datu guztiak bildu ziren: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Eta horrelako harribitziarekin, gai edo eduki sailen inguruko bilduma ederra osatzea erabaki zuten.

Bada, lehenengo lan honetan denboraren antolaketari eta egutegiari lotutako kontzeptuak landu dituzte. «Eta eduki horiek izendatzeko hitz zein forma askotarikoak azaltzeaz gain, irakurleek euskararen eremuko hainbat kultura, bizimodu eta ohitura adierazpen aurkituko dituzte».

Hiru atal nagusi

Liburuaren gorputzari dagokionez, 'Denboraren gurpilean' hiru atal nagusitan antolatuta dago. Lehenengoa, 'Denboraren antolaketa' da, eta, bertan, astearen egunak, urtaroak eta urteko hilabeteak zehaztu dira. Bigarrenean, berriz, 'Egunaren atalak eta Agurrak' izenekoan, egunsentia, goiza, eguerdia, arratsaldea... xehetu dira, baita egunaren atalotan erabilitako agurrak ere. Azkenik, hirugarren atalean, 'Urteko egun seinalatuak' izenburupean, urte barruko egun printzipalei erreparatu diete, Urteberri egunetik Eguberri egunera bitartekoei, hain zuzen ere.

Horrezaz gainera, liburuari lau eranskin gehitu dizkiote amaieran: «lehenengoa, hitz edo lokuzio esanguratsuenak batzen dituen glosarioa dugu; bigarrena, mapa zenbakien zerrenda EHHAren barruan hobeto kokatzeko; hirugarrenak, lanaren idazketarako kontsultatu diren bibliografia erreferentzia zehatzak dakartza eta laugarrenak, lekuak eta iturriak adierazteko ezinbestekoak egin zaizkigun laburduren zerrenda luzea da». Gainera, edukiei lagundurik, Markel Urrutia ilustratzaileak eginiko marrazki lana dator, «eta liburu azaleko irudi erakargarria ere berari zor diogu».

Irakurlego zabalari zuzendua

Zuzenduta dagoen irakurleei dagokienez, azaldu dute irakurlego zabala izan dutela beti material hau atontzerakoan, edukia ez delako bakarrik adituentzat prestatu. «Aitzitik, ikastetxeetan eta hizkuntz eremuan erabiltzeko baliabide aberatsa izan daitekeelakoan gaude. Hala, euskara eta euskal kultura maite duen edonoretzat egina dago».

Azkenik, azpimarratu dute ondoren etorriko direla argizagiei eta eguraldiari dagozkion liburuak, eta arian-arian, Atlasaren inkestan jorratu ziren gai-arlo nagusiei buruzkoak. «Hamabi edo hamahiru gai-arloko sorta dugu aurrez begiz jota. Eta hor sartuko ditugu 80. hamarkadan eginiko inkesta horietan jaso ziren gainerako ipuinak, kontakizunak, errituak, esamoldeak, kantak, ohiturak eta sineskerak, orain arte publikatu ez den material interesgarria», amaitu dute.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo 'Denboraren gurpilean' lan berria, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren mamia gizarteratzen hasteko