Borrar
Egun hauetan sareetan ikusgai dagoen argazki-muntaia
Dena zaharkitu zaigu

Dena zaharkitu zaigu

Domingo, 29 de marzo 2020

Duela urte batzuk, ordainpeko lehen telebista katea agertu zenean, lagun batekin eztabaidatzen ari nintzen ea merezi zuen telebista ikustearren ordaintzea. Azken finean, kate berri horren eskaintza nagusia filmak ziren eta kate irekien programazioan baziren pelikula ugari ikusgai. Nire lagunak, oso modernoa bera, ondo gogoan josita geratu zitzaidan zerbait argudiatu zuen: «Ni bezalako alkandora-lepoak eramaten dituen jendea ikusi nahi dut pelikuletan».

Bizitzen ari garen egun arraro hauetan, «modan ez dauden» gauzak ikustearen irudipen hori bizi dut askotan, eta ez, ez pentsa duela hamarkada batzuetakoak ziren horiez ari naizenik, baizik eta orain dela aste pare bat, gure eguneroko errealitatea osatzen zuten beste batzuez.

Futbol-liga, Champions ligue, eta hainbeste elkarrizketa eta txantxa eragiten zituen kopako final horrek unibertso paralelo bateko gertaera dirudi orain. Bat-batean Iker Muniain, Iñaki Williams edo Yuri Berchiche ia beste garai bateko pertsonaiak bihurtu zaizkit. Duela gutxiko telesailak eta filmak ikusten ditut plataformaren batean, eta dorre bikiak agertzen diren pelikula horietako bat -asko dira, bide batez esanda- ikusten dudanean bezala gertatzen zait; aspaldiko denboretakoak dirudite. Zer egiten du jende horrek kalean lasai ibiliz, ogi-barrarik edo txakurrik gabe? Zergatik gerturatzen dira hainbeste, protagonista horiek, eta, ene bada!, ezpainetan musu ematen diote elkarri? Zer egiten du jendetza horrek taberna, antzoki edota estadioak betez?

Hainbat egun daramatzagu Puigdemont abizena behin ere irakurri gabe. Txundituta imajinatzen dut bera, bere atzerriko etxean. Perpignanen, orain jendetsuegia iruditzen zaigun masa baten aurrean rock-izar sentitu eta egun gutxira... jada inork ez du hari buruz hitz egiten. Eta antzeko zerbait gertatu da Greta Thumbergekin. Badirudi bat-batean planetaren berotze prozesua gelditu egin dela.

Hainbeste egunetan preso egon ondoren, atzo pandemiarekin zerikusirik ez zuen meme bat jaso nuen. Benetako anakronismoa iruditu zitzaidan. Txistea ez zen txarra, duela hilabete pasatxo beste lagun batzuekin partekatuko nuen, baina atzo... zer egiten zuen antzinako txiste memelo horrek nire mugikorrean?

Ni neu paradoxa etengabean bizi naiz. Nekatu eta aspertu egiten nau gai berari buruzko albisteak etengabe ikusteak, entzuteak edota irakurtzeak, baina, bestalde, zaila egiten zait zerikusirik ez duten gaiekin ihes egitea.

Atzo Mexiko hirian ditudan lagun batzuekin hitz egin nuen -bide batez esanda, bitxia da zein erraza den gaur egun bideo-deiak egitea, eta zein gutxitan egiten ditugun-, duela hilabete eskas gure bizitzek alderdi komunak izan zitzaketen -adina, bizikidetza, lana-, baina oraingo honetan gure kezka nagusia berbera da: zomorro madarikatu hori eta gure bizimoduetan dituen ondorioak. Haiek munduaren beste muturrean bizi dira, eta, hala ere, izan genuen elkarrizketa, auzokide batekin izan nezakeenaren antzekoa izan zen. Oraingoan arriskua oso nabarmena da, eta gero eta gehiago kostatzen da dena lehen bezala berriro izango dela sinestea. Bat-batean, hori guztia, oso modu basatian, modatik kanpo geratu da. Eta egia esan, ez dakit datozen modak nolakoak izango diren, eta ez dakit jakin nahi ote dudan ere.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Dena zaharkitu zaigu