Borrar
Giro ikaragarria iaz, kontzertu batean. Igor Aizpuru
Dena prest Olarizun Araba Euskaraz jaialdiaz gozatzeko

Dena prest Olarizun Araba Euskaraz jaialdiaz gozatzeko

Gasteizko parke berdeak ikastolen festa erraldoia hartuko du igande honetan, eta bertan ez dira musika, dantza eta giro ona faltako

Jueves, 8 de junio 2023, 19:36

Atzera-kontaketa hasi da. Orduak baino ez dira falta beste urte batez Araba bertako ikastolen festa erraldoian murgil dadin. Beste urte batez, Olarizuko parkea Araba Euskaraz jaialdiko protagonista handian bilakatuko da igande honetan, ekainaren 11an. Antolakuntzatik dena prest daukate dagoeneko Gasteizko harribitxi berde horretan lurraldetik zein ingurutik etorritako milaka euskaldunzale batzeko. Aurtengo deialdia, gainera, gogor dator eta bertaratzen direnek hogeita hamar bat jarduerez gozatzeko aukera izango dute, adin eta gustu guztietara egokitzen direnak, eta nola ez, zuzeneko kontzertuak, tailerrak eta dantza saioak protagonistatzat izango dituenak. «Familia eta adin tarte ezberdinetako pertsonei aisialdirako eta ongi pasatzeko espazioak euskaratik eta euskaraz eskaini nahi dizkiegu. Horrela, elkar ezagutza sustatu, eta harremanak egiteko eta saretzeko topalekua izatea dugu helburutzat. Jai egun polita izango da, euskal kulturaz gozatzeko eta norabide horretan lanean jarraitzeko», adierazi dute antolakuntzatik.

Ikastola guztiak batera, eta guztiak batuta, Arabako zortzi ikastolak elkarrekin aritu izan dira aurten ere Araba Euskaraz antolatzen. Auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, haien jakintza elkarbanatuz, haien harremana aberastuz. Argantzonetik hedatu zen azken deiadarrari jarraika, Aguraingo Lautada Ikastolara iritsi da ikasturte honetan bertako ikastolen jaialdia, eta lanean aritu dira urte osoan igande honetakoa ahaztezina izan dadin. «Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik eta 2023ko Araba Euskaraz jaiari ekiteko, elkar- EKIN jardun dugu«, gaineratu dute.

Horregatik hain zuzen, ez da kasualitatea aurtengo leloa 'ekin' izatea. «Logotipoari dagokionez, EKIN hitza bera hartu da iruditzat. Baina aditzak marratxo bat darama aurretik, bera bakarrik dagoenean aditza izango delako, baina, beste hitz batzuekin lotuta, deklinabide atzizki gisa erabiliko delako», arrazoitu dute.

Baina goazen harira... Igande honetan Gasteizen dagoen Olarizuko parkean aurkituko duzunaren berri jakin nahi? Adi, egitaraua gogor dator eta. Zuzeneko kontzertuak, antzerkiak, magia, musika, dantza eta jai giroa ez dira faltako goizeko 10.00 etan hasi eta iluntzera arte luzatuko den jardunaldian.

'Zunba' saioak eta 'Go!azen'

Olarizuko parkea hiru gunetan egongo da banatuta. Lehenengoa 'Lautada' izango da, Olarizuko Etxaldera doan bidearen ondoan kokatuta dagoena. Bertan, Armentia ikastolako ikasleen eskutik arte eszenikoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek goizeko hamaiketatik aurrera. Ondoren, bertso saioa eskainiko da bazkaltzeko ordura arte. 14.30etan ordea, Tor magoa igoko da eszenatoki gainera txikiak eta helduak ahozabalik uzteko asmoz. Ordubeteko saioa eskaini ondoren, dantza eta kirola egiteko ordua iritsiko da gune honetara 'Zunba' ikastaro batekin. 17.00etan ordea, 'Go!azen' taldeko gaztetxoek gorputzak dantzan jarriko dizkiete bertaratzen direnei.

Bigarren guneari dagokionez, 'Mendia' izenarekin datorrena, Olarizu menditik gertuago dagoena izango da. Bertan izango den lehenengo ikuskizuna Potx eta Lotx pailazoek ekarriko duten 'Aireportuan' lana izango da. Ondoren, musikak hartuko die lekukoa Maialen Aristegiren (2022ko Gazte Talent lehiaketako irabazlea), STR bizkaitarren (14.30) eta Kerobia talde ezagunaren zuzenekoekin (16.00). Eguna amaitzeko, Akerbeltzen erromeriak arratsaldea girotuko da 17.30etatik aurrera.

Bestalde, 'Mendia' gunean paella, taloak eta eusko label gunea izango dira ere egun osoan barrena atseden hartu eta gosea baretzeko. Baina ez hori bakarrik, 11.00ak eta 14.00ak bitartean, haurren basoa izeneko txoko bat izango da ere bertan, 'Tik tak txukun!' Kaiku ikuskizunarekin batera.

Hirugarren eta azken gunean, bere aldetik, musika eta dantza izango dira protagonista argiak. Lehenengo ordutik hasita (11.00ak) euskal dantzen topaketa egingo da 'Elkar-Ekin dantzan!' Lelopean. Eguerdi aldera, lerro berdinean jarraituko du guneak, dantza plaza erraldoi batean bilakatuz, trikidantza barne, bazkalorduan presente egongo dena. Arratsaldeko lauetatik aurrera ordea, Skabidean taldeak (16.00etan) ere ez dio publikoari atsedenik emango bere reggae, ska eta rocksteady soinuekin. Egunarekin amaitzeko, Ttek! taldearen elektrotxaranga etorriko da (17.30). Eta hori dena gutxi balitz, egun osoan barrena puzgarriak, tailerrak eta jolasak egongo dira gune honetara hurbiltzen diren txikientzat. Zer gehiago behar duzu, bada, igande honetan Gasteizera hurbiltzeko?

«Kalitatezko hezkuntza»

Pasa den urtean bezala, eta aipatu dugunez, aurten ere Araba Euskaraz bertako zortzi ikastolen artean antolatu dute. Hori bai, aurtengo helburua Lautada Ikastolari bultzada bat ematea izango da. «Lautada Ikastola, ikastola txikia eta gaztea da. Familia bat gara. 2008an sortu genuen, hamabost urte beteko ditugu, beraz, datorren urtean. Hasieratik herriari lotuta gaude eta gure hezkuntza proiektuari bultzada eman nahi diogu. Kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu. Daukagun proiektu pedagogikoaz harro gaude eta lau haizetara zabaldu nahi dugu», erantsi dute bertatik.

Publicidad

Premios Goya

La quiniela de los premios Goya 2025

Equipo de Pantallas, Oskar Belategui, Borja Crespo, Rosa Palo, Iker Cortés | Madrid, Boquerini, Carlos G. Fernández, Mikel Labastida y Leticia Aróstegui

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Dena prest Olarizun Araba Euskaraz jaialdiaz gozatzeko