Borrar
Fiodor Dostoyevski eta 'Deabruak' lanaren irudi bat.
Deabruak

Deabruak

Dostoievskiren eleberrigintzak erdigunerik badu, horixe Jainkoa da

Sábado, 4 de febrero 2023, 20:29

1871n hasi zen argitaratzen 'Deabruak' Mezulari Errusiarra aldizkarian, emanaldika, garai hartan ohikoa zen bezala. Bi urte geroago, 1873an, liburu formatuan kaleratu zen. Duela 150 urte, beraz. Dostoievskik atal bat gehiago erantsi nahi izan zuen bigarren zatiaren zortzigarren kapituluaren ondoren. Atal horretan, Stavrogin pertsonaiak bere krimenak aitortzen dizkio Tihon gotzainari, tartean neskatxa bati egindako sexu-abusuak. Katkov editoreak, ordea, baztertu egin zuen atal hori arrazoi moralengatik. Dostoievskik bere hurrengo liburuetan erabili zuen atal horretako edukia, birmoldatua baina, eta atal zokoratua galduta geratu zen, harik eta 1921ean idazlearen alargun Anna Grigorievnaren paperen artean aurkitu zuten arte. Geroztik, zenbait ediziotan, eranskin gisa gehitu izan dute.

Errusian bizi zuten giro gatazkatsuaren aurrean, Dostoievskik erradikalen aurkako eleberri-panfleto bat idaztea erabaki zuen. Ezaguna da, gaztetan, Petrasevskiren lagunarte liberalaren partaide izateagatik atxilotu eta Siberiara bidali zutela zigortuta. Handik aldatuta itzuli zen Dostoievski, Jainko zaleagoa eta kontserbadoreagoa, eta, handik gutxira, baita zorrez josiagoa ere. Esan bezala, orduko giro politikoa oso nahasia zen. 1861ean Alexander II.a Errusiakoa tsarrak joputza indargabetu zuen inperio osoan. Bost urte geroago, hura hiltzen saiatu ziren atentatu batean. Atentatu bat baino gehiago jasan zuen aurrerantzean, eta, azkenean, Rysakov iraultzaileak tsarraren gurdi azpira botatako bonba baten ondorioz hil zen 1881ean (1905ean, antzeko 'modus operandi'a erabiliz, Alexander II.aren semea, Romanov kondea, erail zuten beste atentatu batean, eta Camus hilketa horretan oinarritu zen 'Zintzoak' antzezlana idazteko). Nihilismoa eta joera erradikalak indarra hartzen ari ziren. Dimitri Pisarevek esaldi baten bidez laburbildu zuen erradikaltasun horren muina: «Herriko gizonarentzat mila aldiz gehiago balio du bota pare batek Shakespeareren edo Pushkinen lanek baino». Ivan Turgenev idazleak 'Aita-semeak' eleberria (Jose Morales Beldak euskaratua) eskaini zion gaiari 1862an, eta eztabaida biziak sortu ziren Bazarov pertsonaia nihilistaren inguruan. Bazarovek denari uko egin behar zitzaiola esaten zuen. «Denari?», galdetzen dio solaskide batek, «Denari», erantzuten dio Bazarovek baretasunez. Baita Jainkoari ere, noski.

Eta Dostoievskiren eleberrigintzak erdigunerik badu, horixe Jainkoa da. Jainkoarekiko maitasuna, erredentzioa, ontasunaren bidea, errukia… 'Deabruak'en amaieran ikus daiteke hori garbiago, Stepan Trofimovitx eta Sofia Matveyevna biblia-saltzailearen arteko harremanean. Eleberriaren abiapuntua benetako gertaera bat da. 1869ko azaroaren 21ean, elkarte sekretu bateko kideek elkarte horretako kide bat, Ivanov izenekoa, erail zuten. Netxaiev zen elkarteko liderra. Eleberrian, Xatov pertsonaiak gorputzen du Ivanov. Dostoievskik berak aitortu zuen: «Netxaiev bat izan nintekeen ni». Baina ez zen izan. Justu kontrakoa. Are gehiago, literaturzaleok eskertu egin behar diogu hasierako asmo bikoitz horretan (eleberri-panfletoa) literaturaren alde egin zuelako gehiago, eta koska eta kontraesanez betetako pertsonaiak hezurmamitzen jakin izan zuelako. Egile errusiarraren eleberriak, gainera, eszenikoki eraikiak daude, eta krisi batetik bestera mugitzen da haietan, nola mugitu zen bere bizitzan. Bide batez, esan dezagun Turgenev beraren parodia bat egiten duela Karmazinov pertsonaia baliatuta. Eleberrian Netxaiev ordezkatzen duen Piotr Stepanovitx Verjovenskiren zelulako kideek ezin dute egindako hilketa gainditu, lur jota geratzen dira gehienak. Dostoievskik fanatismoaren aurkako ohartarazpen bat jaurti zuen, sinetsita baitzegoen garai bateko utopia komunitaristaren mutazio kaltegarri bat zabaltzen ari zela, espiritu gaizto bat, belaunaldi gaztearen gogoak engainatzen ari zena.

J.M. Coetzeek 'Deabruak'i eta nobelaren testuinguruari buruzko fikziozko hurbilketa eder bat idatzi zuen 'Petersburgoko maisua' eleberrian. Dostoievski eta Netxaiev jartzen ditu aurrez aurre.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Deabruak