Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Madrilgo gobernu aldaketak zeharo baldintzatu ditu azkenaldiko dinamika politikoak. Rajoyk luzerako ematen zuen, eta harekin batera bere politikek. Euskadirekin lotutakoek besteak beste, bai autogobernu mailakoek zein bakegintzaren arlokoek. Baina, halako batean, hankazgora jarri da guztia. Pedro Sánchezen zentsura mozioak zein horren garaipenaren ondoriozko irauliak oso ... bestelako aro bat abiatu dute, eta bakoitza bere burua beste era batera kokatzera behartu. Ikusteke dago noiz artekoa eta zenbaterainoko sakontasunekoa izango den egoera berria, zein fruitu emango dituen; baina ukaezina da bestelako osagai eta aukeraz betetakoa dela. Mugiezin ziruditen auzi edo egitasmo batzuren gaineko eragina ez dago oraindik neurtzerik. Horien artekoa da euskal estatus berria, aurretiazko hausnarketa eta lan-saio luzeen ondoren adostasunik gabe mamitzen hasitakoa.
Gehiengo alternatibo anitz eta eraldatzailea ahalbidetu du Kongresuan Sánchezen aukeraketak. Horren baitan badagoelako lurralde egitura mailakoetan bestelako borondatez jarduterik, dagoeneko luze jotzen duten ezin ulertuak bideratzerik. Kataluniakoa delako Estatuak aurrean duen desafiorik handienetakoa, hain erkidego garrantzitsuan populazioaren erdi inguru independentziaren alde agertzea oso sakoneko arazo politikoren baten seinale delako. Zalantzarik ez dago elkarrizketarena dela horri aurre egiteko modu bakarra, kataluniarren gurari ahalik eta zabalenak adostutako erdibideren batera eramatekoa. Maila guztietako kalte gehiegi eragin ditu jada han azken urteotan jazotakoak, batik bat bizikidetzari dagokionean. Eta premiazkoa da Gobernu berriak hitzetatik askoz haragoko prestutasun politikoa ekintzetan islatzea, ekimena bere gain hartzea eta Generalitatearekin zubiak berreraikitzea. Horretarako, jakina, pragmatismotik ekin behar zaio alde bietatik, esentzialismotik ahalik eta urrunen.
Zorionez Euskadik bestelako ikuspegitik jo duen arren, horrek ez du esan nahi hemen askatu beharreko korapilorik ez dagoenik. Elkarrizketa eta negoziaziorako deia etengabekoa izan da Eusko Jaurlaritzatik azken urteotan, indarrean dagoen Estatutua azkeneraino betetzeko zein etor litekeena edukiz janzten hasteko. Rajoyk ez zien jaramonik egin dei horiei gehiengo osoko urteetan. Gerora kaltegarri izan zaion jokabidea izan zen berea, arazoen aurrean itsuarena egitekoa eta gutxieneko konplizitaterik ere ez lantzekoa. PPren lurralde mailako politika eustera mugatzen da, eta ahal denero atzera egitera, birzentralizatzera.
Sánchezena ezberdina da, edo hala dio behintzat. Oposiziotik hasiera batean elkarrizketarako dei orokorrak egin zituen Katalunian eta, ondoren, babes estua eman zion Rajoyri honek Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri zuenean. Jarrera hori nora begirakoa izan daitekeen da kezkagarriena, nortasun nazionaleko erkidegoen eskaerei erantzuteko ausardia falta adierazten duen neurrian. Zein Estatu eredu gura duen eta horraino heltzeko zertarako prest dagoen sekula guztiz argitu ez duenak nekez egin ahal izango ditu urrats eraginkorrak. Euskadiri eta Kataluniari berezko formulak dagozkie, bateko zein besteko herritarren borondate politikoak gainerako erkidegoetakoenarekin zerikusirik ez duen neurrian.
Kongresuko egungo gehiengoak lurralde mailako auzi horiek bideratzen lagundu beharko luke, elkarrizketa akordioarekin parekatzen. Euskadin ez da oraindik inolako aukerarik zapuztu eta, estrainekoetan alderdien jarrerak urrundu egin diren arren, badaude hasierako hutsuneak estaltzeko zenbatnahi mekanismo. Azken egunotako adierazpenek islatzen dute zehatz-mehatz non gauden: Jaurlaritzak malgutasuna eskatu die gainerako eragileei —batez ere orain artekoarekin bat egin ez dutenei— legealdi honetan Estatutu berriren bat adostu ahal izateko; eta Eusko Alkartasunak ez du alde bakarreko bidea baztertu, nahiz eta alderdi honek bere txikitasunean jada ez duen eragiteko inolako ahalmenik, ezta EH Bildu barruan ere.
1979an ez zen posible izan Ezker Abertzalea Gernikako Estatutuaren adostasunera eramatea, orduan eta duela gutxira artekoan indarkeria baliatzeari irizten baitzion egokien. Bide antzu eta samingarri horrek ez du inora eraman, bere bultzatzaileen porrot politiko borobilenera besterik ez. Ehunka eraildako eta gero, beharraren beharrez izan arren, herri borondatea goiburu hartzearen ezinbestekotasunaz ohartu dira Herri Batasuna eta ondorengoetakoak. Hobe berandu inoiz baino, nahiz eta hain aro beltzaren zama beti lepo gainean eramango duten. Estatutu berrirako zentzuzko eta errealitatearen araberako ekarpenak egitea da orain dagokiena, egungo EH Bildu eragile politiko garrantzitsua denez gero badelako garaia honek ere partekatutako joko-arauekin bat egiterik izan dezan.
Alde guztiei eskatu behar zaie tamaina honetako aukera historikoaren araberako ahalegina. Herritarrek batzuei eta besteei emandako indarra abiapuntutzat hartuta, eskuzabaltasuna erabakigarri izango da jauziak emateko. Autogobernuan ahalik eta gehien sakontzea eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko elkarlana estutzea da gehiengoaren nahia, baina aldi berean hainbat oreka gorde beharko dira adostasun zabalenaren izenean. Hala, gutxienez Ahal Dugu eta PSE-EE ere hartu beharko lituzke azken akordioak. Lehenek badutelako luzaroan landutako ardatz nagusiei begirako halako aldeko sentsibilitate bat, berton zein Madrilen ezin lagungarriago izan daitekeena. Bigarrenei dagokienez, Jaurlaritzako kide eta Estatutu berriaren aurkako izatea baterazina litzateke. Espainiako Gobernuko egungo alderdia ere badirenez eurekin ahalegin guztiak eta bi egin beharko dira gutxieneko partekatuak bilatu arte. Casadoren Alderdi Popularrarekin, ostera, zail baino zailago ematen du lankidetzak; ukazioan daudelako, eta demagogian.
Abuztua hilabete ezin egokiagoa da arduradun politikoen hausnarketarako, datozen desafioei neurria hartzeko. Ezin da estatus berriarena zatiketarekin alperrik galdu, aurretiazko hainbat jarrerak eragindako zailtasunak behin betikotzat jo. Hortik oso gorakoa behar du batekoen zein bestekoen konpromisoak eta anbizioak, euskal gizarteari zenbait belaunaldiri begirako bizikidetzazko esparru berri, gaurkotu eta are inklusiboagoa dagokiolako. Albait arinen, albait zabalen.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.