Urgente Retenciones en el Txorierri por la avería de un camión
Luis Garde idazlea. Jose Usoz
Luis Garde - Idazlea

«Collage edo puzzle gisako batek osatzen du kontakizuna»

Gizarteari begirada orokorra eman dio autore nafarrak 'Aireportuko musika' nobelan

Viernes, 1 de enero 2021, 20:33

Luis Gardek 2015ean argitaratu zuen 'Ehiztariaren isilaldia' nobela. Euskadi Saria lortu zuen nobela handi horrekin eta bere idazkeraren nagusitasuna utzi zigun agerian. Ezkaban 1938an gertatu zen presoen ihesaldiaren inguruan antolatu, eta kontakizun borobila lortu zuen Gardek, gertakizun historiakoaren gainetik, gaizkiaren gaineko hausnarketa paregabea lortu zuen. 2020ko uda amaitzear zela, 'Aireportuko musika' lana plazaratu digu. 2027an kokatua, Nafarroako eskuineko politikari familia bateko Leyre Olcoz izeneko emakume baten bahiketaren inguruan bildua da argumentua. Orain ere, arnasa handiko nobela eman du ezagutzera Luis Gardek.

Publicidad

– Azken nobela honek badu zure aurrekoaren antzik. Narratzailea, adibidez. Egilearen zenbait ezaugarri batu dira bertan. Koldo du izena (Luisen itzulpena), zu bezala Donezteben bizi da, poesia idazten du, alaba bi ditu…

– Bai, narratzailearen aldetik, badu jarraipen moduko bat aurreko nobelarenarekin, nahiz eta izen ezberdin izan. Pertsona bera ez izan arren, bateragarri dira bata eta bertzea, nahiz eta baliteke oraingo Koldo Lakar hori duela bortz urteko Miguel Lizarrondo baino lasaixeago izatea. Gutxienekoa da, noski, autobiografiatik zenbat dagoen, fikzioa baita; gutxienekoa den bezala 'autofikzioa' etiketa jartzea zein ez. Bietan bilatu dudan efektua izan da irakurleak senti dezala hurbil-hurbilean daukala narratzaile hori.

– Nobela biak ere maila bitan osaturik daude, aurrekoan ihesaldia, hemen bahiketa; narratzaileak beste adierazpen batzuk darabiltza: hausnarketa edo narratzaileak historia kontatzeko erabili duen bidea, dokumentuen bilduma, pertsonaiekin izandako lotura.

– Bereziki maite dut nobelak horrela eraikitzea. Batzuetan, aspergarri suertatzen zaizkit hari bakarreko eta narratzaile urruneko kontakizunak. Bi denbora-plano muntatzeak, aldiz, aukera ematen du aniztasun eta erliebe gehiago lantzeko, gertakarien aurrean narratzaileak har-tzen dituen posizionamenduak barne. Finean, gu ere horrela eginda gaude, elkarrekin zail eta gaizki ahokatzen diren aurpegi eta aldeak ditugu.

Publicidad

– Zergatik kokatu duzu etorkizunean iragan hurbileko (bahiketak, talde bortitza Nafarroan) zantzua duen bahiketa baten kontakizuna…

– Sarri leporatzen zaie gatazka armatuaren afera jorratzen duten nobelei atzera begiratzen dutela, laurogei-laurogeita hamarretako urteetara hain zuzen. Nik erran nahi nuen gai hori lantzea ez dela iraganera begiratzea, baizik eta orainari eta etorkizunari ere bai, nire ustez (zail ikasten baitugu) hurrengo belaunaldiek izan dezaketelako bortizkeria erabiltzeko tentaziorik arazo politikoei ekiterakoan.

– Etorkizunean kokaturik badago ere, Nafarroako iragan hurbileko giro sozialak eman diola eszenatoki nagusia esango genuke. Gizarte baten deskribapena egiten da testuan.

– Gizarte baten bista orokorra ematen da, nondik gatozen azaltzen da; gure gaurko sistema politikoa nola eraiki zen, protagonista nor den egoki uler-tzeko. Helburua, edonola, ez da lokalista-edo izatea, nire ustez antzekoa izan liteke azken urteetako Euskal Herriko edo Estatuko bertze herrialdetako bilakaera, agian ez Nafarroakoa bezain karikatureskoa. Bizkaian kokatuz gero, adibidez, Getxoko familia bat irudikatuko nukeen. Baina beti erran izan da Nafarroa estatu kontua dela Espainiarako; ideia hori erabili dut.

Publicidad

– Bahiketaren gai nagusian, pertsonaia asko dira protagonista. Sarreran zerrenda luzea jarri duzu nobelan ageri diren pertsonaiaz osatua. Haien ahotsek toki berezia dute tramaren agerpenean.

– Nobelan zehar erakusten dena da botere eta interes kontrajarrien arteko lehia, baita arrazoi bateraezinen artekoa ere; besteak beste, estatu arrazoia, alderdiena, hedabideena, sentimenduena… Nahiago izan nuen pertsonaien ahotsak zuzenean jarri, narrazioa antzerki lan bat balitz bezala, ahots anonimo bati eutsi gabe. Uste dut horrela arinago doala kontaketa.

– Bahiketaren aurreko jarrerek eman diote tonu berezia kontakizunari eta maiz erabili dira transkripzioak: gutunak, dei telefonikoak, mezuak, poemak… Diskurtso desberdinak, ahots desberdinak…

– Collage edo puzzle gisako batek osatzen du kontakizuna. Nik erliebe efektu bat hartzen diet horrela eraikitako narrazioei; anitzago, fragmentarioago geratzen dira horrela, iruditzen zait partehartzaileago bilakatzen dela irakurlea, berak esanahia bilatu edo sortu beharko balu bezala.

Publicidad

– Botereari buruzko hausnarketa ere bada nobela… Politikoen familia horrek botere leinua osatzen du Nafarroan…

– Bai, protagonistaren familia 36ko gerran hasi zen aberasten, frankismoan talde kazikil bilakatzeraino. Demokraziaren garaian ederki egokitzen dira gizarte berrira, hala ekonomia nola politika arloan. Edozein tokitako irakurlek, nafarra izan beharrik gabe, identifika ditzake bere lurraldeko boteretsuak jokaera horrekin, horretan baitatza 'gatopardismo'aren ideia orokorra, nobelan aipatzen den esaldi batean mamitzen dena: «dena aldatzea deus alda ez dadin». Hori bai, printzipio horretaz baliatu direnek ere jasaten dituzte botere eskualdaketaren ondorioak.

– Musikak toki berezi hartu du kontakizun honetan. Brian Enoren musika aipatu duzu behin baino gehiagotan orrialdeotan.

– Kontakizunaren soinu banda modukoa da. Idatzi bitartean, etengabe aditzen nuen musika hori, hain baita lasaia eta hotza ezen ez baitit kontzentrazioa galarazten. Aireporturen bat agertzen da eszenatoki gisa, baita hegazkinez ibiltzeari beldurra ere. Baina, horretaz gain, erabaki nuen musika hori ikur gisa jar-tzea. Zeren ikur? Agian, liburua betetzen duten eta burua berotzen diguten diskurtsoak (politikoak, erlijiosoak, literarioak) desagertzen direlarik, gure barnean geratzen den isiltasunarena, denbora hutsaren igarotzearena. Elias Canettik idatzi zuen bezala, musika kontsuelorik handiena da, «ez baitu hitzik sor-tzen».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad