Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión
J. M. Coetzee, aurkezpen batean. Ignacio Pérez

Coetzee

J. M. Coetzeek Elizabeth Costello eleberria eman zuen argitara 2003an, eta urte horretan bertan jaso zuen Literaturako Nobel Saria. Suediako Akademiak egilearen «distira eta zintzotasun intelektuala» nabarmendu zituen, baita «kontzientzia kritikoa» ere. «Apartheid garaiak biziki markatzen du bere lana, baina horrek, tokiko izaera eman beharrean, unibertsal bihurtzen du». Sariak kezka eragin zuen bere zaleengan. Gauza ezaguna baita Coetzee oso lotsatia dela eta ez duela batere atsegin kameren aurrean agertzea. Bere bizitza pribatuaz ezer gutxi dakigu: dibortziatuta dagoela, alaba bat duela, begetarianoa eta abstemioa dela. Soiltasunez eta arrandiarik gabe jaso zuen saria, eta omenduei egindako bazkarian eskaintza hunkigarria egin zion bere amari. «Eta zertarako egiten ditugu Nobela bezalako Sarietara eramaten gaituzten gauzak, ez bada gure amengatik? 'Ama, ama, sari bat irabazi dut!' 'Hori zoragarria da, laztana. Orain, jan zure azenarioak hoztu baino lehen'». Amari egindako eskaintzak esanahi berezia du, harreman kontraesankorra izan baitzuen harekin, Haurtzaroa eleberrian ikus daitekeen bezala. Batetik, elkartasun sentimendua zuen harekiko, baina, bestetik, erruduntasun sentsazioa. Amaren babesa eta harekiko independentzia nahi zituen aldi berean.

Publicidad

Esan ohi da Nobel Saria aho bikoa dela. Mundu mailako aitortza ekarri ohi dio irabazleari, eta, aldi berean, amaieraren zapore gazi-gozoa. Zer egin, zer idatzi Nobela bezalako sari potolo bat jaso eta gero? Madarikazio ere bihur daiteke, saritutako egileek gutxitan berdindu edo gainditzen baitute saria jaso aurreko maila. Moteltzen omen doaz, garrantzi gutxiagoko obrak idazten, lozorro gozoan bizi dira han-hemenka hitzaldiak emanez. Tira, Coetzeeren kasuan, ez da madarikazio hori bete. Are gehiago, esan daiteke sari potoloa jasoz geroztik, bere burua berrasmatzen saiatu dela, bide berriak urratzen, pentsamendua eta narrazioa uztartzen. Asko esatea da, agian, baina irudipena dut saria jaso osteko Coetzeek bigarren Nobel saria bat eskuratzeko merituak ere egin dituela.

Saria jaso baino urtebete lehenago, Australiara joan zen bizitzera. Ordura arteko bere lan gehienak Apartheidaren Hegoafrikan girotuak zeuden. Tartean, Barbaroen zain edota Lotsaizuna bezalako maisulanak. Baditu bi salbuespen: Foe eta Petersburgoko maisua. Lehenak joko literario adimentsua sortzen du Robinson Crusoe eta Deforen inguruan. Coetzeek Susan Barton izeneko emakumea sartzen du ekuazioan, eta uhartean kokatzen du bi protagonista nagusiekin: Robinson Crusoe eta Ostiralekin. Robinson hil ostean, ontzi batek erreskatatzen ditu, eta Ostiralekin itzultzen da Ingalaterrara. Han Foe idazlearen bila hasiko da euren istorioa idatz dezan. Bigarrena, berriz, Dostoievskiri buruzko fikziozko biografia bat da, eta Deabruak eleberriaren oinarriak aztertzen ditu, Dostoievski eta Netxaiev aurrez aurre jarrita.

Aro berriari gagozkiola, Elizabeth Costellon, esaterako, zortzi hitzaldiren bidez ehundutako nobela bat aurkezten digu, eta alegiazko idazle baten berri ematen digu: Elizabeth Costello bera. Adinean sartuxea, ofizioan urte askoko eskarmentuarekin, bere bizitzako gorabeherak eta bere barne kezkak jartzen ditu mahai gainean, fikziozko biografia sendoa eraikiz. Gizon motel batek, berriz, komedia ukitua ere badu, eta Pirandelloren Sei pertsonaia autore bilari omenaldi egiten dio bere modura, idazlea eta fikziozko pertsonaiak istorio berean sartuz. Urte txar baten egunkaria, berriz, hiru planotan antolatua dago: lehen planoan, C. izeneko idazle baten konferentziak; bigarren plano batean, idazle horren ahotsa idazketa prozesuan. Hirugarren planoan, mekanografo gisa kontratatu duen Anya izeneko bizilagunaren ahotsa. Pixkanaka, hiru planoak korapilo bitxi batean elkartzen joango dira. 2009an bere bizitzari buruzko zikloa itxi zuen Udarekin. John Coetzee idazlea hil berria da (Nobel saria jaso ostean). Ikertzaile batek hari buruzko biografia bat osatu nahi du, eta, batetik, hark utzitako ohar batzuk baliatzen ditu, eta, bestetik, Coetzee ezagutu zuten bost pertsona elkarrizketatzen ditu: lau emakume eta gizon bat. Hor dago berritasuna batez ere, ikuspegian. Coetzee besteen begien bidez ezagutzen dugu, eta, aldi berean, beste horien bizitzan ere barneratzen gara, hainbat ikuspegi ezagutzen ditugu bertatik bertara. Gainera, Coetzeek bere buruaz egiten duen erretratua (besteen ahotsaren bidez) ez da adeitsua edo zuritzailea.

Udaren ondotik Jesusen trilogia etorri zen, non soiltasuna, gogoeta eta maila sinbolikoa muturrera eraman baitzituen. Nobelek parabola itxura hartzen dute. Oinarrizkoa baino ez zaigu kontatzen, eta gauza asko airean igerian geratzen dira, korapiloa askatu gabe. Kafkaren eta On Kixoteren eragina suma daiteke, gauzak zalantzan jartzeko grina. Eta horri, duela gutxi argitara eman duen Poloniarra eleberri laburra gehitu behar zaio. Dante eta Beatriceren harremanari buruzko bariazio ironiko bat.

Publicidad

Labur esanda, nekez esan ahalko dugu Nobel Sariaren ostean Coetzee larriki saritua geratu zenik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad