Gazte garaiko lagunarteko futbol partidetan, oso ohikoa zen gol bat sartzen zuenak atzera egitea eta defentsa sendotzea, arerioari zirrikiturik ez uzteko eta emaitzari eusteko, kontraerasoan partidari akabera emateko esperantzaz. Partidak setio bihurtzen genituen. Gakoa lehen gol hori sartzea eta eusten jakitea zen, jokoa kateatuz eta lokaztuz, falta txikiak (eta ez hain txikiak) eginez inoiz, edo baloia besoarekin moztuz… Jakina, gehienetan gutxi irauten zigun pozak, luze gabe etortzen baitzen arerioaren berdinketa, eta berdinketa gol horrek joko sistema aldatzera eta modu irekiagoan eta erasokorragoan jokatzera behartzen gintuen. Hala ere, noizbehinka lortzen genuen atea hutsean mantentzea, eta, halakoetan, bikoitza izaten zen poza, garaipenagatik beragatik eta aukeratutako joko-sistemari leialak izateagatik.

Publicidad

Egiari zor, ez ginen bertutetsuak baloiarekin, eta hala denean, beste dohain batzuk jarri behar izaten dira agerian. Ordurako bagenekien jokatzeko modu horri 'catenaccio' esaten zitzaiola, eta Italiatik zetorrela. Ni haur nintzela, Espainian jokatu zen 1982ko Munduko Kopa hala irabazi zuen Italiak, catenaccioaren bidez. Italiako ligako taldeek fama hori zuten: defentsa gogor eta estuak, eta berehalako kontraerasoak. Talentua ez zen apaingarrikeria hutsaletan alferrik galtzeko, eta eraginkortasunari lotuta egon behar zuen. Trapattoni entrenatzaile ezagunak «burdinazko defentsan oinarritutako eraso gupidagabe» gisa definitzen zuen catenaccioa. Inguruotan modu askoz baldarragoan esan izan zaio joko-sistema horri: pim-pam-pum. Onomatopeiak dena esaten du. Jakina, nik nahiago dut catenaccioa, tradizioa luzeagokoa izateaz gain, italiar hizkuntzaren doinu berezia dauka, tradizio poetiko handia duen herriaren poesia tanta bat. Aipa daitezke, Brasilen 'joko ederra', nederlandarren 'futbol totala', alemaniarren 'nekaezintasuna'…

Nolanahi ere, helburua arerioak baino gutxienez gol bat gehiago sartzea da. Berdin da hori nola egiten duzun. Edozein sistemak balio du, zure xedea lortzen baduzu. Eduki dezakezu baloiaren jabetza partida osoan eta baloia bera zorabiatu alde batetik bestera eta aurretik atzera. Edo atzean itxaron, zure aukeraren bila, eta baloia arerioari oparitu. Bi moduak dira zilegi. Zergatik natorren gaur catenaccioarekin? Bada, azkeneko futboleko Europako Txapeldunen Ligan ikusitakoak hitz hori berpiztu duelako nire gogoan. Hain zuzen ere, Real Madrilen garaipena definitzeko, epika, mistika, handitasuna, beldur eszenikoa eta nik ez dakit zenbat hitz eta dotrina metafisiko erabili den. Jainkoa alde dutela entzutea bakarrik behar genuen. Zortea bai izan dute alde, eta ez nolanahikoa gainera, baina aitortu behar da gehiegitan errepikatzen den zorteak zortea izateari uzten diola. Niri, ordea, Real Madrilek egin duen Txapeldunen Liga ikusita, finala barne, arestiko hitz italiar hori etortzen zitzaidan burura. Real Madrilek catenaccioari esker irabazi du. Lehen, behintzat, hala esaten zitzaion joko-sistema horri, baina, badirudi, gaur egun lustrea galdu duela kontzeptuak, eta nola edo hala mozorrotu behar dela Bartzelonak orain urte gutxi ezarritako joko asoziatiboaren «tirania» hori zuritzeko (eta, kasu honetan, «zuritu» hitza ezin hobeto dator). Politikaren metaforatzat ere har dezakegu: gauza eta hitzarmen zaharrak berriak, originalak eta ilusionagarriak balira bezala saltzea. Baina nahi duzuen etiketa edo deitura jarrita ere, hasieran ziren hori izaten jarraituko dute.

Eta Real Madrilek catenaccioaren bidez irabazi du, baina, hara!, inork ez du hitz hori erabili. Hots, ez naiz merengeei meritua kentzen ari, inork ez baitu halako markarik lortu, baina irabazten ikusi dizkiodan azken zortzi Europako Kopak horrela irabazi ditu, «burdinazko defentsan oinarritutako eraso gupidagabe» batekin. Sekulako izarrak baitauzka Real Madrilek, partida bat jokaldi batean erabaki dezaketen horietakoak. Baina izan gaitezen zintzoak. Catenaccioaren oinarriak imitatuta irabazi dute, eta, akaso, oinarri horiek gorenera eramanda.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad