Borrar
Donostia 2019-4-20.
CARROUSEL PALACE. 1900

CARROUSEL PALACE. 1900

Lunes, 29 de abril 2019, 00:37

Zaldiko-maldikoa jirabira zebilen etengabe, Kontxako hondartzatik gertu. Kutsu tristeko doinu zahar batek txikien kilika laguntzen zuen. 1900. urteko karrusela zen, idazkun batek zioenaren arabera. Eguraldi-iragarpenei muzin eginez eguzkia harro goratzen zen zeruan jendetzari kaleak betetzera gonbita eginez. Jende artean nekez mugitzen nintzen neurrian, hizkuntza aniztasuna ugaltzen zen: katalana, ingelesa, frantsesa, euskara, gaztelania eta bereizezin egiten zitzaidan beste zenbait ere bai. Itsasgora bazen ere, hondartza bisitariz gainezka zegoen, hori bai, ia denak jantzirik. Pilotarekin jolasean ari ziren familiak, musuka zebiltzan bikoteak, lo-kuluxka egiten saiatzen zirenak, kuluxka egileak gogaitarazten zituzten umeak... Larunbat santu hartan ez zen inongo 'kapiroterik' ikusten danborrak horrenbeste maite dituen hirian. Baina zirku erraldoi bat izango bailitzan, Bulebarrak eta Kontxa Pasealekuak mota askotako ikuskizunak zituzten: Beatles talde gisa apaindutako txotxongiloak, hip-hop erritmora dantzatzen ziren akrobata trebeak, 'slide-guitar' ikaragarri ondo jotzen zuen hippy bat, Errumaniako biolin-jotzaile bat…

Bat-batean, ustekabean, ezaguna egiten zitzaidan ahots batek ingurua menderatu zuen... Odon Elortza, Donostiako alkate ohia, udaletxe aurrean zegoen berriz, bere alderdiko mitin bat ematen. Hogeita hamar bat pertsona adi zituen, horien artean klika eta klika zebiltzan zenbait turista. Hitzaldiari adi egon nintzen hamar minutuetan, eskuinaren mehatxua eta Vox izan zituen mintzagai bakarrak.

Atseden bila, inguru hartan ohiko diren banku bikoitz batean eseri nintzen. Nire atzeko eserleku luzean bi neska zebiltzan ika-mika. Beren hizketan horren sarturik zeudela, ez ziren jabetu bertan nengoela. Buruan diadema loreduna zuenak nolabaiteko estualdia zeukan ahotsean:

-«Nekatu naiz horrenbeste gezur entzuteaz. Orain atseden bat hartu behar dut, nire bizitzarekin zer egingo dudan erabaki behar dut. Denbora behar dut, besterik ez...»

Bere aurrean, begi-zulo nabariak zituen beste gazteak ozen erantzun zion:

-«Bale, zuk badakizu nigatik ez dagoela inongo arazorik, bakarrik jakin nahi dut zure bizitzan nagoen ala ez. Den-dena pikutara joan dela esaten badidazu ospa egingo dut eta kito, ulertzen didazu? E-ta ki-to. Nik ez dizut gezurrik esan, ez dakit nola esan...»

-«Gezurretan ibili zara, eta nire kabuz jakin ez banu zuk ez zenidan esango. Ez al da hala?»

- «Ez dakit, agian bai, baina betidanik esan dizut, ona da biontzat partekatzen ez dugun espaziorik izatea, horrek ez du ezer esan nahi, zu zara niretzat lehenengoa. Ondo aditu: le-he-nen-goa. Baina ezin dut horrela jarraitu, esadazu behingoz elkarrekin gauden ala ez...»

-«Zuk oso erraza ikusten duzu dena, baina ni ez naiz zu bezalakoa. Denbora behar dut, joder, ez da horren zaila ulertzeko ez? Pentsatu behar dut. Niretzat oso gogorra izan da eta ulertzen ez baduzu ba utzi bakean, joder, utzi bakean».

Isiltasun luze, mamitsu bat. Bikotearen arnasak eserleku osoan sentitzen ziren. Minutu pare luze bat pasa ostean, begi-zuloduna bortizki altxatu zen.

-«Bale, ba egunen batean zeure burua argitzen baduzu, badakizu non nagoen... momentuz behintzat...»

Neska urruntzen zen bitartean karruselaren doinu malenkoniatsuak bira eta bira jarraitzen zuen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo CARROUSEL PALACE. 1900