Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Nobela bi heldu zaizkit batera nire irakurketa mahaira, eta unibertsitateko bizitza aipatzen da bietan. Bata gaztelaniaz da, Ana Merinoren 'Amigo' nobela; eta euskarazkoa, Kirmen Uriberen 'Izurdeen aurreko bizitza'. Egia esan, oso desberdinak dira biek egiten duten unibertsitatearen eta ikerketaren tratamendua.
Ana Merinoren kontakizuna zuzen-zuzena da campus nobela, bai protagonista eta baita espazioa ere, neurri handia batean, unibertsitatearekin loturik baitaude. Bestelakoa da ikuspegia euskal nobelan. Autofikzioarekin loturik dagoenez, zehar bidez ageri da unibertsitate bizitza. Ikerketarekin lotuta dago Kirmen Uriberen narrazioa, eta unibertsitateak kontratatu badu ere, New Yorkeko liburutegian kokatu du espazio nagusia idazleak bere lanerako.
Campus nobelek ezaugarri nagusi bi dituzte: protagonistak irakasleak edo ikasleak dira unibertsitatean; eta espazioa, irakasgaiak irakasten diren munduan kokatu ohi da. Moldaketak, tonua eta teknikak, berriz, oso ugariak dira eta desberdinak kontakizun batean edo bestean.
Egia da Tom Sharpe edo David Lodge irakurriz campus nobela deskubritu genuenok irria eta sarkasmoa ditugula oroimenean; irakasle eta ikasle aldrebesak, neurriz kanpoko joko barregarriak, desastre hutsak. Unibertsitate edo irakaskuntza munduaren kritika nagusitu da ildo horretan. Baina ez da bide bakarra. Badira unibertsitate mundua beste bideekin lotuz landu duten nobelak, bai Euskal Herrian edo beste herrietan ere.
Unibertsitatean edo bere inguruetan gertatzen den eta burura datorkidan lehen nobela Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' da. Eta gaiak ez du unibertsitatearen bizitzarekin lotura handirik: Hori bai, protagonista, Gisèle famatua, 68ko ondorengoko emakumea, unibertsitateko ikaslea da. Hala ere, nortasunaren hazkundearekin, 'Bildungsroman' generoarekin lotu dezakegu kontakizuna.
Irriarekin eta ironiarekin loturik dago, askoz hobeto ezagutzea eta berrargitaratzea mereziko lukeen Ur Apalategiren 'Gure Gauzak, S.A.', unibertsitatearen parodia ez ezik euskal kultura literarioaren karikatura egiten duen nobela umore mikatz ozpinduz hornitua. 'Roman a cléf' bat ere bada. Giltzak ezagutu behar dira hil berria den idazlearen bizitza idazten ari den bekadunaren joan-etorriak ongi ulertzeko. Gure kultura munduko hainbat eta hainbat pertsona ageri dira mozorroturik orrialde horietan. Nor nor den igartzea kontakizun ironiko horrek proposatzen digun bidaiaren plazer aitzakia besterik ez da, sakonean gizartearen kritika zabaldu baitzuen lana argitaratzeko arazoak izan zituen egileak.
Gizartearen arazoekin loturik ageri dira, neurri berean, Mikel Hernández Abaituaren pertsonaiak, unibertsitateko irakasleak. 'Etorriko haiz nirekin?' (1991) eta hamar urte gerorago argitaratu zuen 'Ohe bat ozeanoaren erdian' (2001) nobeletan argia da ETAren biolentziak sortu duen mina. Eragin hori agertuz eta salatuz idatzi ditu nobelagileak lan biak. Azken nobela horretan indarkeria salatu duen unibertsitateko irakasle batek Italiara joan beharrean ikusten du bere burua. Eta bidean doan bitartean bere barnean kontatzen ditu deserrira daraman erabakiaren arrazoiak. Hernández Abaituaren kontakizun mundua beti egon da gizarte giroarekin oso lotua.
Italiara abiatzen da baita ere Lourdes Oñederraren 'Eta emakumeri sugeak esan zion' (1999) nobelako protagonista, irakasle emakumea bere barne gatazka pertsonala argitu beharrean.
Unibertsitateko espazioa nagusitu da Bernardo Atxagaren 'Nevadako egunak' (2013) nobelan, eta bertan euskal sistema literarioaren globalizazioa aipatu du egile asteasuarrak, bere familiarekin Renoko Unibertsitatean egin zuen egonaldia kontatu digunean. Egileak hain gustuko duen piezen teknika erabiliz eta genero desberdinak batuz eskaini digu mundu literario oso bat. Liburuk denetarik du. Bidaia egunerokoa da, oroimen pertsonalaren gordeleku, Nevadako paisaiaren arkeologia, izuari eta desertuari buruzko nobela sinbolikoa, ikerketa nobela poliziakoa… Azken batean, Atxagaren fabulazio ahalmenaren ispilua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.