Nire oroitzapenetan -askotan horren apetatsuak- Camilo Sestoren abestiak beti neguko giroan zeuden. Uda sasoia Los Diablos, Formula V, Georgie Dann edota Dolores Vargas eta tankerako artisten esparrua zen; tabernetako disko-makinetan eta jai nagusietako berbenetan ozen entzuten ziren haiena. Camilo Sesto, Juan Bau, Miguel Gallardo eta beste hainbat abeslari trajedun, ordea, euriarekin eta hotzarekin batera etortzen ziren, dena malenkoniaz izoztera.
Publicidad
1971. urteko astelehen urdinen batean gaude. Goizeko zortziak dira. Ziztu bizian, ohetik salto egin ostean, uniforme grisa eta lepoa estutzen didan sasi-gorbata zikin hori jantzi ditut. Atzo Athleticek, -ofizialki 'Atlético de Bilbao'- berriro ere taula erdian utzi duen partida kaxkar bat egin du. Ikastetxean, lehenengo bi orduetan, 'Don Angelen' klasea dut zain. Bere izenetik urrundu nahian edo, oso tipo maltzurra eta kabroia da 'aingerutxoa'. Beldurtuta gauzka bere umore aldaketekin eta astelehena urratzearekin ohikoak dira zaplaztekoak, haren biharamunen ondorioz. Bere klaseko bi ordu horiek infinituraino luzatzen zaizkigu.
Cola-Cao eta Maria gaileta bizkorrekin batera, irratiko laguntza. Esatariaren ahots monokordeak eguraldia eta eguneko aurreikuspenen zerrenda errezitatzen ditu. Tarteka garaiko iragarkiak: 'La Meca de los Pantalones', 'Norit el conejito', 'Calzados La Palma'... eta bat batean abeslari baten boz estua: 'Algo de mí', 'Se está muriendo', 'Quiero vivir', 'Saber por qué', 'Te vas amor'... Ez nuke esango kantu txarra denik. Oso moldaera landuak ditu eta ahots biribil horrek badaki sentimendua transmititzen, baina... ze tristea den!
Frankismoaren azken urteetan Camilo Sesto alde guztietan zegoen. Hit-parade haietan amodiozko kantak ziren nagusi, besteak beste zentsura bizi-bizirik zegoelako. Baina askotan, Camilorenak maitasun istorio 'sufrituak' ziren: 'Siempre me voy a enamorar', 'De quien de mí no se enamora', 'Es por eso que mi alma llora', 'Ya no puedo más'. Frustrazio sentipen hori behin eta berriz errepikatzen da haren hitzetan: 'Algo más que una aventura', 'Yo contigo busqué'. Bere garaian ez nion aparteko esanahirik sumatzen, baina gaur egun, eta bere ibilbidea ikusi ondoren, haratago joango nintzateke. Camilo, nola edo hala, bere buruari buruz kantatzen, oihukatzen ari zen. Nahi eta ezin.
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren lehenengo urteetan haren urrezko diskoak biderkatu ziren. Camilo airean zegoen, Bob Dylanen erantzuna bezala: 'Amor Amar', 'Melina' -Melina Mercouriri eskainia, Greziako diktaduraren ostean bere herrialdera itzuli zen aktore maitatua-, 'Jamás', 'A escondidas', 'Enamórate de mí', 'Vivir así es morir de amor', 'Callados'…
Publicidad
'Jesucristo Superstar' musikalean protagonista izan ondoren bere izarra poliki-poliki amatatzen joan zen. Trantsizioaren etorrerarekin batera amodiozko abesti goibelak zaharkituta geratu ziren. Nerabe berriek beste mota bateko idoloak eskatzen zituzten: Miguel Bose, Tequila, Alejandro Sanz...amodiozko kanta berriak alaiak eta lotsagabeak izango ziren.
Ondorengo urteetan ezkutuan bizi zen. Milurteko berrian zenbait tele-oilategietan ohiko bihurtu zen, bere gainbehera ikuskizun eginez.
Nik badakit neure egia -esan zuen behin- badakit nor naizen eta aski da. Gainerakoen errespetua daukadan ala ez... hori beste kontu bat da.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.