Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Camille Kouchner unibertsitate irakasle fran-tziar bat da eta joan den urtarrilean 'La familia grande' liburua argitaratu zuen. Lehen unetik, liburuak zeresan handia piztu du, autoreak sexu-abusuen gai korapilotsua aurkezten duelako. Kouchnerren familia oso ezaguna da Frantzian. Évelyne Pisier zen haren ama, garai batean Fidel Castroren maitalea izandakoa. Évelyne eta Bernard Kouchner, Camilleren aita, aski ezagunak izan dira Frantziako ezkerreko giro politikoan. Camilleren izeko zen Marie-France Pisier aktore ezaguna, frantziar uhin berriko zinemagile garrantzitsuenekin lan egin zuena. Beraz, izenburuan azaltzen den familia ez da familia arrunt eta anonimo bat, baizik eta oholtza publikoan nabarmendu dena.
Liburuak bat-bateko talka izan du Frantziako gizartean sexu abusuen gaia lantzen duelako. Horrez gainera, sexu-abusu horiek familia barnean gertatu zirela salatzen du Kouchnerrek. Beraz, ez da abusuen kasua bakarrik, intzestu kasu bat ere bada. Camille Kouchnerrek aitortzen du bere neba bikiak abusuak jasan zituela, hamalau urte zituela. Erasotzailea amaren orduko senarra zela dio liburuan, Camilleren eta neba bikiaren aitaordea.
Literatur ikuspegi batetik, hiru gauza dira bereziki aipagarriak. Alde batetik, liburua aitorpen bat da. Liburua lau zatitan banatzen da eta bigarren zatiraino ez da abusuen berri ematen. Lehen zatian Pisier-Kouchner familia nolakoa zen deskribatzen du autoreak. Klase ertaineko ezkerreko familia bat da, iraultzaren ametsa atzean utzi duena, gizartezko posizio egonkorraz disfrutatzen dakiena. 'La familia grande' liburuaren izenburuak azpimarratu egin nahi du hirurogeiko hamarkadako hegoamerikar mugimendu sozialen idealekin zeukaten lotura. Familia handia, Kouchner-Pisierrentzat, ez zen odolezko familia bakarrik, baizik eta Camilleren gurasoen inguruan biltzen ziren lagunek eta adiskideek osatutakoa.
Liburuaren lehen zati horretan leku berezia du Camilleren amak, Évelynek. Hark zituen idealak eta heziketa-ideiak azaltzen dizkigu Camillek, ideia progresiboak eta askatasunezkoak. Ondoren kontatzen diren gertakariekin alderatuz, badirudi Camillek lehen atalean kontatzen duena irakurleari luzatzen dion ohar bat dela. Sexu-abusuak, familia baten muina irentsi dezaketen mila-buruko munstroak dira, edozein ideologiazko giroan gerta daitezkeenak.
Bigarren ataletik aurrera aurkezten dira gertakariak, lehendabizi zeharkako estiloan, geroago modu zuzenean. Aitorpena terapeutikoa izan daitekeen arren, badirudi kontakizuna neketsua dela Camillerentzat. Hala ere, ordura arte ez bezala, isiltasuna gainditzeko adorea du oraingoan, bizitza osoan zehar nebarekin batera itzalpean gorde duten sekretua kontatu nahi du. Baina kontakizun hori ez da deskribapen garden bat, emozionala da batez ere. Erruaren sentimendua eta berak sortzen duen barne samina dira liburuaren protagonistak. Sentimendu horiek Camilleren bizitzaren diktadoreak bilakatu ziren, bere askatasuna bahitu zuten.
Erruaren agerpen hauek adierazteko, Camillek metafora indartsu bat erabiltzen du. Erru sentimendua Camillerentzat suge bat da. Suge horren forma eta adierazpenak eraldatuz doaz. Une batetik aurrera, sugea hidra edo buru anitzeko ur-azpiko munstroa bilakatzen da. Orduan, erruaren metastasia gertatzen da Camilleren pertsonalitatean, itotzen duen emozioa uste gabeko bizitzako eremu solteetan azaltzen hasten baita: gaitz fisikoak, laneko arazoak. Azkenik, erruak hirugarren forma bat hartzen du, Camillerentzat isiltasunak sortutako errua pertsonifikatu egiten da. Errua Camilleren bikia bilakatzen da, bere pertsonalitatearen barne antagonista, ukaezina eta bazterrezina. Liburuaren azkenerako erruak eta isiltasunak familia handi horren organo guztiak kutsatu ditu. Irtenbide bakarra kontatzea da: Évelyne hiltzen denean liburua kaleratzeko ordua iritsi da.
Camille Kouchnerren liburua aitorpen pertsonala baldin bada ere, hausnarketa orokor baterako abiapuntua bilakatu daiteke. Sexu-abusuen gaia gero eta modu zabalagoan kaleratzen ari da eta badirudi gizarteko gaitz sakon eta barreiatua dela. Haurtzaroaren babeserako legedia orain garatzen aritzeak gai hauek gizartean duten ulermena atzeratuta dagoen seinale argia da.
Esate baterako, Camilleren liburuak delituen preskripzioak sorrarazi ditzakeen kalteen eztabaida irekitzen du. Tresna juridikoak biktimen errealitatea babestu behar dute. Eta zein da errealitate hori? Errealitate konplexua da, zeren eta auziak konpontzeko gizarteak dituen bideak eta erakunde gehienak kaleratutako hitzean oinarritzen dira. Sexu-abusuen kasuetan, ordea, isiltasuna da ezaugarri deigarrienetako bat. Ikuspegi soziologiko batetik, Jeffrey C. Alexanderrek 'What makes a social crisis?' 2019ko liburuan aipatzen zuen amerikar Elizaren barruan salatutako sexu-abusuak biktimentzat irtenbide bat izan zutela erakunde horren eremu estutik irekitzea lortu zutenean, gizarte zibilean kontzientzia hedatu zenean. Kouchnerren liburuak erakusten du abusuak edozein familiatan gerta daitezkeela eta maiz isiltasunari eta erruari lotuta azaltzen direla.
Beraz, erakundezko sistemaren ahultasunak kanporatzen dituzte horrelako abusuek. Jean-François Lyotardek 1983ko 'Le différend' liburuan zenbait fenomeno aipatzen zituen frogan eta ebidentzian oinarrituriko eredu komunikatiboa kolokan jartzen zutenak. Horien artean, Lyotardek genozidioak aipatzen zituen, biktimek auzian krimenak frogatzeko zailtasunak zituztelako. Badirudi sexu-abusuek eredu komunikatibo arrunta zabaltzeko beharrizana eskatzen dutela. Beste ikuspegi batetik, gogora dezagun Talcott-Parsonsen gizarte ereduan familiak izen bitxia hartzen zuela, 'latency'. Hau da, sexu-abusuen kasuan Parsonsen eredua interpretatu dezakegu esanez eremu horretan gertatu daitezkeen arazoak eta arazoen ondorioen agerpenaren artean isiltasunezko bitarte bat egon ohi dela. Camille Kouchnerren esperientzian, bitarte horretan zehar, sugea bere pertsonalitatearen bikia bilakatu zen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.