«Txikitako ametsa da nire poemak argitaratzea», dio hunkituta barakaldarrak. iñaki de la cruz
Elena Sánchez Fuertes | Idazlea

«Buruan sentimenduen ordez irudiak ditut eta hauek erakusten ditut poemetan»

Barakaldoko Beurko BHIko irakaslea da eta Iparragirre Saria jaso berri du poesia euskaraz kategorian

irati alonso

Sábado, 26 de febrero 2022, 23:42

Euskara irakaslea da baina betidanik gustatu zaio idaztea Elena Sánchez Fuertes barakaldarrari. Beurko BHIko gazteek jada entzuak zituzten hark idatzitako poemak, baina pasa den urtera arte ez zen animatu euskarazko poesia lehiaketa batera aurkeztera. Egin eta irabazi. Fuertesek Urretxu eta Zumarragako udalek antolatutako Iparragirre Saria jaso du, poesia euskaraz kategorian 'Kaleidoskopioak' bildumarengatik. Martxoaren 4an argitaratuko da liburua.

Publicidad

- Nola heldu zitzaizun berria?

-Sorpresa handiz hartu nuen. Etxean negoen, nire idazmahaian, seguraski klaseko kontuak egiten, eta Zumarragako udaletik deitu zidaten telefonoz. Lehiaketaren kontua ia ahaztuta neukan eta ez nekien zehazki epaia noiz aterako zen. Beraz, ustekabe handia izan zen niretzat, momentu horretan ez nuen sinesten. Gero arratsaldean Iparragirre Sarietako koordinatzaileak deitu zidan eta bigarren albiste horrekin konturatu nintzen baietz, egia zela!

-Zer suposatzen du zuretzat sari hau jasotzeak?

-Gazteleraz zerbait bidalia nuen aurretik baina euskarazko poemak lehiaketa batera aurkezten ditudan lehen aldia izan da hau. Oso ederra izan da.

-Zergatik hartu zenuen lehiaketa honetara aurkezteko erabakia?

-Euskaraz idatzitako gauzak ere banituela pentsatu nuen, eta, beraz, lehiaketa horietara aurkez nintekeela. Badaude tradizio eta ohitura handia duten hainbat lehiaketa eta 'Iparragire Sariak' horietako bat da.

-Auzokide eta lagunek zoriondu zaituzte?

-Inguruko norbaitek zerbait lortzen duenean jendea asko pozten da. Jakin dutenek zoriondu naute, noski.

-Eta ikasleek?

-Batzuk lotsatiak dira eta ez dira oraindik ausartu baina beste batzuk bai, etorri dira zorionak ematera. Nik euskara eta literatura inbertsala ematen ditut eta batez ere bigarren klasekoek jakinmina handia dute. Kurtso osoan nabil autoreen inguruan hitz egiten eta galdetzen didate: 'Eta zuk zer idazten duzu?'. Egun batean bakoitzak idatzita zuten testuren baten irakurketa kolektiboa egin genuen eta nik ere nire lana aurkeztu nien, beraz, entzuak zituzten nire poemetako batzuk.

Publicidad

-Nola izan da 'Kaleidoskopioak' idazteko prozesua?

-Azkenengo urte hauetan lasaiago nago eta denbora libre gehiago dut, hortaz, berriro ekin diot idazteari. Miatzen hasi nintzen idatzita edo erdi eginda nituen poemetan eta horiek amaitzera eta batzera jarri nintzen. Guztiekin bilduma bat egitea eta argitaratzea pentsatu nuen eta emaitza da 'Kaleidoskopioak'. Txikitako ametsa da nire poemak argitaratzea eta orain Iparragirre Sariei esker egi bihurtu ahal izango dut.

-Zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?

-Nire begirada, nik bizitza begiratzeko dudan modua. Niretzat poesia oso bisuala da, ia ia zinematografikoa. Nire buruan sentimenduak beharrean irudiak ditut eta hauek agertzen ditut nire poemetan.

Publicidad

«Poesia genero libreena da. Autorea poema idaztean bizipen batetik abiatzen da baina irakurleak beste sentimendu bat du»

askatasuna

Inspirazioa

-Zein da zure inspirazioa idazterako orduan?

-Bizitzen dudan oro. Behatzaile amorratua naiz, eta aurretik esan dudan moduan, askotan begietan geratzen zaizkit eszena batzuk eta gero horiei forma ematen diet hitzekin jolastuz. Halaber, poesia asko irakurri dut txikitatik eta hori ere inspirazio iturria da niretzat.

-Noiz hasi zinen idazten?

-Gazte naizenetik dut gustoko idaztea. Liburuen artean hazi nintzen eta batez ere aitaren eragina izan dut alde horretatik. Berak piztu zidan irakurri eta idazteko nahi hori eta batzuetan alde batera utzi dudan arren, gaur egun ere nire bizitzaren parte da idaztea.

Publicidad

«Liburuen artean hazi nintzen. Aitak piztu zidan irakurri eta idazteko nahi hori, gaur egun ere nire bizitzaren parte dena»

eragina

-Poesia ez da asko irakurtzen, euskarazkoa are gutxiago. Zergatik animatuko zenuke jendea zure liburua irakurtzera?

-Orokorrean ez nire liburua baizik eta poesia irakurtzera animatzen dut. Nire ikasleei batez ere asko esaten diet, mundu honetan murgiltzea oso polita dela, genero libreena delako. Autorea poema idazten duenean bizipen batetik abiatzen da baina zu irakurle moduan beste sentimendu bat duzu paperaren aurrean jartzen zarenean. Bakoitzak bere interpretazioa egin dezake, literaturan orokorrean, baina poesiak batez ere askatasun osoa ematen du.

Publicidad

-Beste libururen bat argitaratzea pentsatu duzu?

-Momentuz une hau gozatu nahi dut. Dena ustekabe handiz heldu da, baina bai, aitorpen honek beste testu batzuk kaleratzeko bidea ireki ahal dezake.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad