'Sexu-hezkuntza eta pornografiari' buruzko eztabaida berotzen ari da. Pedagogoa argi eta garbi mintzo da: «Pornografiak gure gazteen sexu-heziketa bonbardatzen du; guztioi dagokigun arazoa da eta etorriko diren ondorioak ezin dira aurreikusi». Esaldia segurtasunez eta gogo biziz ebaki du. Aurreko mahainguruetan antzeko zerbait esan zuen, baina oraingoan, erabat eraginkorra iruditzen zaion beste elementu dramatiko bat gehitzea erabaki du: «bonbardatu» aditza, zeinak gerra-hizkeran kokatzen duen arazoa. Eztabaida irrati estudio batean egiten da eta sexologoaz gain pedagogo batek eta guraso elkarte bateko ordezkariak parte hartzen dute. Ematen dituzten datuak harrigarriak dira oso: «Duela egun batzuk, 'MILF', 'bukkake' eta antzeko hitzak futbolaz hitz egingo balute bezala erabiliz txateatzen ari ziren hamar urteko ikasleak harrapatu genituen». «Gero eta neska gehiago depilazio osoa egin nahian ikusten ari gara, hori ikusten baitute bideo horietan». «Nerabeen artean gero eta bortxaketa eta intzestuei buruzko bideo gehiago bilatzen dira». Denak ados daude gazteek pornografía kontsumitzea zein kaltegarria den baieztatzeko orduan, baina hartu beharreko erabakiak ez dira hain argiak. Pedagogoak elkarrizketaren alde egin du: «Oso garrantzitsua da gurasoek eta hezitzaileek seme-alabekin hitz egitea eta sexua hori ez dela azaltzea. Ikusten ari diren hori Supermanek hegan egin dezakeela esatea bezain gezur handia da, eta sinetsiz gero, frustraziora kondenatuta egongo dira». Gurasoen ordezkariak haserre dirudi entzun berri duenarekin: «Nik uste dut jada ez gaudela egoera horretan, erabaki politikoak hartzeko unea da; pornoa gure seme-alaben poltsikoetan dago; debekatua, edo, gutxienez, ordainpekoa izan beharko luke. Ez dut ulertzen telesailak eta filmak ikusteagatik ordaindu behar izatea eta pornoa edonoren eskura egotea». Sexologoak zalantzak ditu: «Porno mota ezberdinak daude, kasu batzuetan hezkuntza-helburuetarako ere erabil daiteke. Badakigu debekuek arazoak larriagotzen dituztela, drogekin gertatzen den legez».

Publicidad

Puntu honetara iritsita, esatariak herritarren iritziei bide ematea erabaki du.«Ez da normala nire zortzi urteko semea zakilaren tamainaz arduratzea. Pornoaren erruz ikasi dituzten gauzak dira horiek». «Ez dezagun geure burua engaina, pornoa gizonentzako produktu bat da, emakumea ustiatuz eta etengabeko umiliazioak erakutsiz egiten dena. Pornoa patriarkatuaren adierazpenik argi eta lizunena da». «Bada, nik uste dut ez dela behar den moduan horren kontra borrokatzen, heldu askok erabiltzen dutelako, eta ez zaie komeni kentzea». »Ez dut sekula ahaztuko zer esan zidan aitak masturbatzen harrapatu ninduenean: seme, bi pertsona mota daude; kanpaia jotzen dutela aitortzen dutenak eta gezurtiak«. Saioaren sintoniak protagonismoa hartzen du pixkanaka. Esatariak saio hasieran esandako datuak gogoratzen dizkigu: Hamar mutiletik zortzik pornografia kontsumitzen du normalean nerabezaroan. Hasteko adina 12 urtekoa da, eta mutilek bilaketa aktiboak egiten dituzte, neskak haiengandik zer espero den ikasten saiatzen diren bitartean. Save the Children erakundearen inkesta baten arabera, parte hartu duten gazteen ia % 55ek ikusten dituen eszenak -gehienetan indarkeria eta abusua erakusten dutenak- praktikan jarri nahiko lituzke. Ordu-seinaleak entzuten dira. Kirolentzako tartea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad