Borrar
Boris Vian, musikaria, asmatzailea, idazlea eta bere garaiko errebeldia ikurra. Efe
Boris Vian

Boris Vian

Ez zen identitateaz arduratzen zen horietakoa, ez zuen garaiko moralak gogogabetzen

Domingo, 29 de marzo 2020, 23:15

Molière, fikziotik errealitatetik baino gehiago duen baieztapen baten arabera, antzokiko taulan hil omen zen, 'Le malade imaginaire' antzezten ari zela. Egia balitz, nolabaiteko ohitura edo, behintzat, nolabaiteko ohitura bidea hartu zuen zerbaiten hasiera izan zen. Boris Vian zinema areto batean hil zen, 'J'irai cracher sur vos tombes' filma ikusten ari zela. Filma, berak argitaratutako lehen eleberrian zegoen oinarrituta. Liburua euskaraz ere aurki daiteke, 'Ttu eginen dut zuen hilobietan'. Ikasle nintzela irakurri nuen, orain aspaldi. Edizio marjinal batean argitaratu zuten eta, dakidan arren bestelako edizioak ere badirela merkatuan, dotoreagoak eta azal-ederragoak, hura daukat gogoan, debekatutako arbola bateko fruitua balitz bezala. Halaxe zen, izan ere, ezkutukoaren eta ikusezinaren arteko eremuaren usaina geratu zitzaidan eztarrian, lehen aldiz irakurritakoan. Mendeku-istorioa kontatzen du Boris Vianek, Vernon Sullivan itzultzailearen izenean ezkutatuta. Liburu hori idazteagatik epaitu egin zuten, ez orain modako diren irakurle-taldeek, epaile profesionalek baizik.

Martxoaren 10ean bete dira ehun urte jaio zenetik: 1920an. Gazte hil zen, hogeita hemeretzi urte baino ez zituela, zinema areto batean, esan bezala, baina lekukoak eta ezagunak ez datoz bat heriotzaren arrazoia esatean. Ironiaz diote ikusten ari zenak eragin ziola ondoeza, ez baita erraza eleberria, denik eta onena bada ere, zinemara eramatea, testu idatzian duen indar eta kemenaz. Elezahar dirudien eleberria da, ordea, esandakoa. Boris Vianek bihotz ahula zuen eta horrek ahalegin oroz bizitzera bultzatu zuen, bera bat eta bakarra izan beharrean, hamaika balira bezala haren baitan bizi zirenak. Idazle-orkestra zela zioten orduko adiskide eta kritikariek. Bizitza bakarra bizi ezin, nekez badarik ere, eta bere burua biderkatzea erabaki zuen, neurri batean.

Musika gustukoa zuen eta New Orleanseko doinuak Frantziara ekarri zituen. Beboparen garaia zen, ez dezagun ahantzi, eta jazz hiri bilakatu zen Paris. Handik igaro ziren bai Duke Ellington eta bai Miles Davis bera ere. Argazki batean ikusten dira Miles, Boris eta Juliette Gréco. Borisek aurkeztu zion emakumea Miles Davisi, eta hor sortu zen, diotenez, musikaren historia alda zezakeen (goiz da aldatu ote zuen jakiteko) maitasun historia. Boris Vianek tronpeta jotzen zuen Tabou izeneko zulo batean. Behin, Jean-Paul Sartre etorri zitzaion nola jotzen zuen ikustera, baina nago Vianekin Sartrek ez zuela ezer ulertu jazz musikaz. Vianek Sartreren 'Les temps modernes'en idazten zuen, eta hortik ezagutzen zuten elkar. Sartrek, dena dela, gustukoa izan zuen 'L'écume des jours' (euskaraz, 'Egunen aparra') liburua, jakin gabe, edo ohartu gabe, pertsonaia bilakatu zutela testuan. Muturrera jotzeko joera zuen Vianek, seguru asko bazekielako idaztea heriotzarekin borrokan aritzea dela, eskuz esku eta besoz beso, eta norberaren minak eta ezinak sendabide eta irtenbide aurkitzen dutela fikzioan. Berehala ulertu zuen gure mundualdian konturik benazkoen eta gogorrena heriotzarena dela. Horregatik hartu zuen bere bizitza txantxa etengabekoa balitz bezala, jolas eta solas artean. Ez zen identitateaz arduratzen zen horietakoa, ez zuen garaiko moralak gogogabetzen. Emakumeak maite zituen, eta bizitza, noski. 'Egunen aparra', gaurko irakurketen talaiatik ere, maitasun istorio zoragarria da. Chloe pertsonaia, Ben Websterren jazz-pieza baten izenburua da. Bebop.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Boris Vian