Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Denis Villeneuvek zuzendu duen jarraipenak jatorrizkoaren izpirituari eutsi diola esan daiteke, ez alferrik eduki du Ridley Scott ekoizle gisa atzean. Ona al da derrigorrez leialtasun hori? Lortzen zaila zen, eta merezi du aitortza, aurrekontu itzelak eta azpikontratatutako «langile ejertzito» hungariarrak izango duen arren merituaren zati handia. Filmaren amaierako kreditu tituluetako izen andana da, beharbada, film honetako gauzarik estonagarriena, eta nola diren zerrendako asko eta asko izen-deitura hungariarrak. Ez da kontu berria, baina pentsatzekoa da Philip K. Dickek irribarre ttipia egingo zukeela, Gerra Hotzaren garaiko bere ipuin batean oinarritutako lana orbita sobietarrekoa izandako herrialde bateko langileei esker burutu dela jakingo balu.
Filmak baditu zenbait ekarpen, horietan nagusia, agian –bisualki zein kontzeptualki–, Joi hologramaren eta prostitutaren arteko gainjartzea, mundu birtualaren eta fisikoaren arteko komunio ezinezko horren bilaketa. Hunkitzen gaitu ikusteak nola, programatua izan den holograma batek, hezur eta haragizko izan nahi lukeen «benetan sentitzeko», eta nola horretarako ez duen emakume batekin akonpasatu eta haren erritmo eta mugimenduetara harmonizatu beste aukerarik. Spike Jonzen Her (2013) filmak «konpainiako ahotsa» sortu bazuen (Apple-en Siri primarioaren garapena), haren holograma garatuagoa litzateke ‘Blade Runner 2049’ berri honek dakarguna, ikusi bai baina uki ezin daitekeen konpainiako-bikote-tridimentsional-nahierakoa. Gauza berbera esan liteke Las Vegas postapokaliptiko gisako horretan ikusten diren Elvis Presley eta gainerako dantzarien irudiei buruz ere: dibertimentua, norentzat da orain? Publikoak aspaldi hanka egin zuen arren, ezerezaren erdian kantari eta dantzari jarraitzen dute hologramek. Gogoangarria egiten da, bereziki, Frank Sinatra juke-box batean kaiolatuta ikustea ‘One for my baby (and one more for the road)’ abesten.
Blade Runner 2049 honek paralelismo agerikoegiak ditu lehen zatiarekin (papiroflexia egurrean zizelkatutako irudi bihurtu da eta euria elur…), baina istorioari laguntzera baino, jatorrizkoaren nostalgia piztu eta jarraipen honen gabeziak nabarmenago ikustera garamatzate keinu hauek. Horrenbestez, esan liteke ez duela filmak erabat lortzen bere amaontzia utzi eta emantzipatzea. Maisulan batek offean edo fugan utzitako hari solteekin jolasten hasten zarenean, jatorrizkoaren oihartzun iradokitzaileak eta zabalik utzitako ildoen abantailak zapuzteko arriskua daukazu, ikuslearen irudimenak bere kasa sortutakoa kamustekoa.
Ryan Gosling txukun ari den arren, Harrison Ford erdibidean geratu da kontrapuntu ironikoari dagokionez, eta Rutger Hauer bezalako aktoreen falta sumatzen da –nostalgia, berriz–. Robin Wright saiatu da Etxe Zurian ikasi duen gaiztakeria guztia polizia-buruaren paperean jartzen, baina gidoiak ez dio luzitzeko aukera handirik eman. Argumentua, bestalde, aurreikusgarri samarra suertatzen da tarteka eta gozamen estetikoaz haraindiko jira-bira eta korapiloak aurkitzen dira faltan, jatorrizko Blade Runner behin eta berriro ikustera garamatzaten haiek, hain zuzen. Umore ateraldiekin saiatzean ere, axalean geratzen da gehienetan –zakur whiskyzalea eta beste printzaren bat salbu–, eta teknologiaren matxura da, akaso, zirtorik eragingarrienak dakartzana. Joi holograma trabatzen denean, esate baterako, ikuslea oso identifikatuta sentitzen da. Etorkizuneko androideekin ere, smartphonekin eta internet konexioarekin izan ohi ditugun arazo berberak eduki ditzakegula pentsaraztea da zientzia fikziozko pelikulen bertuteetako bat.
Ez dizkiogu hemen filmaren amaierari tripak aterako, baina bukaerako eszenak Wim Wendersen ‘Paris, Texas’ filmeko kristala ekarri digu gogora; bi mundu banatzen dituen horma gardena (kasu hartan ispilu faltsua zen) eta esku bat kristal horren gainean paratua. Bataren eta bestearen argumentuek ez dute zerikusi handirik, jakina, biak ala biak gizakiaren bakardadearen eta inkomunikazioaren metafora izanagatik. Paradoxikoki, oroitzapen txertagarriak asmatzea ogibide duen emakumea bakarrik eta isolatuta bizi da, mundutik aparte. Bizitza propiorik ez daukanak sortzen ditu gainerakoentzako emozioak. Harrison Forden begiradak zera galdetzen digula dirudi: merezi al du iraultza egiteagatik idealen truke borrokatzeak, gehien maite duzun hori galtzea bada prezioa? Tamalez, baikorregia da argiarekin baino iluntasunarekin zordunago behar lukeen Blade Runner «berri-zahar» honen akabua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.