LNG Christophe de Margerie itsasontzia, Zipreko banderakoa, gas likidotua deskargatu zuen Bizkaiko Badian uztailean. Manu Cecilio

Bien bitartean

Bete-betean ·

Iraganean errotutako erlikia bat orainaldiaren izar bihurtu da, biharko arazo potoloek atzerapausoak ematera behartu gaitzaketenean

Miércoles, 14 de septiembre 2022, 12:35

Covid-19 pandemia ustekabean eta ziztu batean zabaldu zenetik ez dugu komunikabideetan berri onik apenas ikusi. Pandemiaren olatu berririk egongo ote den galdetzen ari garen honetan bero olatuak etorri dira. Dena dela, udazken apokaliptiko bat etor daitekeen mehatxuaren aurrean, uda honetan carpe diem leloari egin diote men horrela bizitzeko diru nahikorik dutenek, oporrak eta plazerra uztartuz. Lan- eta bestelako obligazioek hor jarraitzen dutela gogorarazten digu irailak, baina patuak entretenimenduzko parentesi bat egokitu du: Elisabeth II erreginaren heriotza. Komunikabideek arrosa kolorezko erreportaje luzeak eskaini dizkigute. XVIII. mendeko ikuskizun baten aurrean geundela zirudien, eta horrek bide eman digu gaur egungo arazo larri bezain potoloei aldi labur baterako bizkarra emateko.

Publicidad

«Gasaren pirateria Euskadira iritsi da» zioen egunkari honetako titular batek aurreko batean. Bilboko portura iristear zeuden gas likidotua zeramaten itsasontzi erraldoi batzuek azken momentuan beste leku batera joatea erabaki zutela azaltzen zuen berriak, kontratuak subasta bidez lotzen baitira hainbat kasutan, metaneroak itsaso barrenean daudenean. Reynés Naturgy enpresako presidenteak EBko buruzagiei eskatu die berriki gas likidotuaren prezioan dagoen espekulazioari aurre egiteko, eta prezioa zehazteko erabiltzen den TTF erreferentzia holandarra baztertzeko. EBko estatuetako energia ministroak ez dira gai izan neurri gogorrak hartzeko. Interes ekonomiko oso ahaltsuak daude enpresa pribatuek kudeatzen duten energiaren eremuan.

Krisi klimatikoaren ebidentzia gero eta nabarmenagoa da. Zientzialariei ez zaie kasurik egin, ezta Al Gore AEBko presidenteorde ohiari 2006an berotegi-efektu arriskutsuaz ohartarazi zuenean. Greta Thunberg suediar aktibista gazteari iseka egin zion zenbaitek. Neurri drastikorik ez da hartuko, karbonoaren ekonomian bizi garelako, eta muturreko fenomeno metereologikoak maiz gertatuko dira. Jasan duguna txikikeria izan da Pakistaneko uholdeen aldean. Dena den, itxaropen izpi bat eman diezaguke zientziak. Metanoa eta karbono dioxidoa atmosferatik harrapatzeko saiakerak egiten ari dira. Inbertsio erraldoiak beharko dira hori jarduera industrial eraginkorra izate aldera. Katalin Kariko zientzialariaren ikerkuntzari zor diogu ARN mezularia Covid-19aren aurkako txerto berritzaileetan erabiltzea, milioika heriotz ebitatuz. Bien bitartean, espero dezagun behin-behineko neurri erabakarriak hartzeko gai izatea gure buruzagiak, horiek inpopularrak badira ere.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad