Bidezkoa ala?

Harizpetik ·

Ezker abertzaleak ez du gura bezain atzean utzi indarkeria beharrezko eta zilegizkotzat jotzeko garai bateko jarrera. Noizean behin saiatzen dela ematen du, baina hiltzaile izan zirenetakoak babestea eta biktimenganako gutxieneko enpatia agertzea ez dira bateragarri

Trapezisten antzera ari da EH Bildu, iraganeko indarkeriaz diharduenero jauzi hirukoitzen beharrean. Jakin badakielako zenbaterainoko samina eragin zuen ETAk bere ibilbide luzean, zelako dinamika gaiztoak ahalbidetu zituen eta norainokoa izan zen horien aurrean euskal gizarteak agertutako arbuioa. Ezinezkoa zaio porrotik erabatekoenean amaitutakoari inolako zentzua ematea, ohikoan horretarako aipatzen duten gatazka politikoa bestela bideratzerik bazegoelako, gaur egungo euren estrategiak berak adierazten duenez. Azken urteotan saiatu da aldiro biktimenganako gutxieneko zenbait keinu egiten, jasan zuten mina nolabait aitortzen, baina aldi berean kaltegileak heroi modura irudikatzeak sinesgarritasuna kentzen dio herritargoaren gehiengoaren aurrean.

Publicidad

Biktimen Europako Egunaren bertoko ekitaldi nagusiaren harira azaleratu dira, berriz, ezker abertzaleak arlo honetan dituen gabeziak. Goiburua ezin argi, zehatz eta arruntagoa zen: «Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz». Ezer lekuz kanpokorik ez, ezta adjektibo gordinik ere. Bidegabea izan zela azpimarratzea oinarri-oinarrizkoa baita. Bilboko Indautxu Plazako borobil itxurako zapatuko elkarretaratzeak berrogeita hamarretik gora biktima bildu zituen —ETA, GAL eta Batallón Vasco Español (BVE) zeritzanekoarenak—, eta baita hainbat elkartetako ordezkariak ere.

Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak bi mezu nagusi helarazi nahi izan zizkion euskal gizarte osoari. Batetik, iraganari begirakoa, «jasandako sufrimendua arintzeko asmoz egindako autokritika eguneratzekoa»; eta, bestetik, aurrera begiratu gura duena, bizikidetzaren eraikuntza partekatuaren bidez «biktimei gertutasuna, elkartasuna eta egia» erakustekoa. Lehendakariaren berbetan, «ez dakigu inoiz ETAk eta gainerako erakunde terroristek egin zutenaren irakurketa kritikorik plazaratuko duten» baina «euskal erakundeek eta horietako ordezkariok badugu egiterik».

Bidegabea

Bateko zein besteko biktimak hartu zituen aintzat Urkulluk, jazo zitzaiena bidegabea izan zela nabarmenduta. ETAk «eragindako giza kalte konponezinen larritasuna eta intentsitatea dela eta, indarkeria horrek eragindako bidegabeko giza kaltearen berariazko balorazioa egin beharra» aldarrikatu zuen. Horrekin batera, GAL eta BVEn biktimei esan zien eurek pairatutakoa bidegabea izan zela adieraztea zigorgabetasunaren aurka jotzea dela, eta baita Estatuaren ardura aitortzea ere. Lehendakariak Martxoaren 11ko eta Bartzelonako iazko atentatu basatiko biktimak ere gogoan izan zituen.

Giza eskubideen aldeko gutxieneko sentikortasuna duen edonork babesteko modukoak izan ziren, beraz, ekitaldiko mezuak. Baina EH Bilduk ez parte hartzea erabaki zuen, goiburua inklusiboa ez zelakoan edo. Horren bigarren zatia barik lehenengoa ei zen arazoa. Terrorismoa bidegabea izan zela esatea, alegia. 2018an horrekin bat ez egitea hain da harrigarria gainerako eragile politiko guztiek ezker abertzalearen jarrera gaitzetsi dutela. Eta ez da gutxiagorako. Hala, Eusko Alkartasunak ere bat egin zuen deialdiarekin, edonoren atxikimendua merezi zuelako. Ezker abertzaleak EA erabili du behin baino gehiagotan biktimenganako nolabaiteko hurbiltasuna irudikatzeko, baina zapatukoak bien arteko desmarke borobila adierazi zuen, lehenaren jokabidea are bakarti eta lotsagarriago utzita.

Publicidad

Arazoa

Pentsatzekoa da EH Bilduren arazoa ez dela GAL eta BVEn biktimei begirakoa, ETArenei buruzkoa baizik. Hamarkada luzetan indarkeriaren estrategia ontzat jo eta berorren porrot borobileneraino bidaide izan zen ezker abertzale politikoa, inondik inorako ibilbide horretan. Gizartearen aurkako jarrera gero eta zabalagoari zein erakunde armatuaren ahulezia militarrari gehiago aurre egiterik ez zeukanean baino ez zuen erabaki ildo politikoa behingoz lehenestea. Halako batean bestelako baldintzak ikusi omen zituen hortik abiatzeko, bake bidezkoei ekiteko. Baina edozein begiralek daki ez zegoela horrelakorik, ez zegoela funtsezko aldaketarik egoera politikoan, eta estrategia militarraren inplosioak eragin zuela biraketa hori. Behar gorrienak, hain zuzen. Ezker abertzaleak beharrizana bertute gisa irudikatzeko eskubide osoa dauka, batez ere gizartearen onenako bada eta honen eskaerei erantzuteko urratsak eginez gero, baino inor inozotzat hartu gabe.

Jauziren bat gura izandakoa barik egoerak behartutakoa denean ia ezinezkoa izaten da ordura artekoaren azterketa benetan kritikoa egitea, errokoari ausardiaz eta kemenez heltzea. Hala, iragana bere testuinguruan zuritzerik badagoela irizten dio oraindik ezker abertzaleak eta, besteak beste, horregatik hartzen ditu ETAko presoak besoak zabalik eta irrintzika kartzelatik irtetzerakoan, baita delitu larrienen zama dutenak ere. Egin eta eragin zutena txartzat jotzen ez duelako, antza; bi aldetako gatazka batean ari zirelako edo. Eta horrela ez dago bizikidetza lantzerik, ez dago zortziehundik gora biktimarengana hurbiltzerik, ezinezkoa da euskal gizartearen gehiengo zabalak auzi honen inguruan duen jarrerara hurbiltzerik.

Publicidad

Ezin da besterik gabe gutxietsi 2011ko urriko ETAren su eten iraunkorretik hona ezker abertzaleak aurreratutakoa, nahiz eta tresna demokratikoen baliagarritasuna benetan lehenestearen ondoriozkoa baino gehiago zulo beltzenetik irtetzeko premiak eragindakoa izan. Batik bat, euskal gizarteak hainbestetan eta hain ozen eskatutako bakea ekarri duelako; maila politiko, sozial, ekonomiko eta bestelakoetako dinamika berri eta oparoak ahalbidetu dituelako. Eta hori balio duen neurrian aintzat hartzeak dakar EH Bilduren honako jarrerak eragindako etsipena. Politikoki oso esanguratsua delako, hain arlo oinarrizkoan dituen kontraesan jasanezinak beste behin agerian uzten dituelako eta aurrera begira kezka besterik ezin duelako eragin.

Zer dago oinarrizkoagorik ETAren indarkeria eta horren ondoriozko samina bidegabea izan zela ozen esatea baino? Horretarako gaitasunik edo adorerik ez duena atzeraka ari da berriz, gainditutakoak ematen zuten eskemen menpe, euskal herritarren maila honetako eskaerei erantzun ezinik. Beraz, ezker abertzaleak badu zer hausnartu honen inguruan, inoiz sinesgarri izan eta gehiengoak osatzeko besteko eragile politiko bihurtzekotan. Iragan ilunenarekin lotzen dutenetatik askatzekotan. Bidegabea izan ez zena bidezkoa izango zen, nonbait. Eta hori ikaragarria da, hainbat ate eta zubi ixterainokoa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad