Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión

Erakundeetatik zabaltzen diren gomendioen eta horiek bururaino eramateko jarritako bitartekoen arteko aldea handia da, sarritan. Europako herrialde aurreratuenen pare kokatu nahiak non gauden adierazten du, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula azken hamarkadotan aurreratutakoa. Baina badira gabeziak, ezintasunak, mugak. Nabarmenak dira arloren batzuetako azpiegiturei dagokienean. Ibilgailu kutsakorren ordez hiri zein herrietan bizikletak baliatzeko eskatu eta horiekin segurtasunez nondik jo ez dagoenean, esaterako.

Publicidad

Kamioi batek harrapatuta hil berri da emakume bat Bilbon, txirrinduan zihoala. Atsekabetzekoa da jazoera. Istripu latzok edozein herritar tristetzen dute, eta hainbat hausnarketa eragin. Edonori gerta dakiokeelako, honelakoek zorigaiztoko erruleta batek erabakitakoak ematen dutelako. Malkoak xukatu eta samina bideratu ostean, baina, segurtasunari buruzko galderak jartzen dira ilaran, halabeharrezkoaren eta aurreikusteko modukoaren arteko muga zehazte aldera edo.

Hirigunean abiadura 30era mugatzea eta halakoak onak dira. Baita bizikletaren erabilera sustatzeko lagungarri den heinean ere. Baina apustua muturreraino eramateko ez da nahikoa. Beste tamaina bateko erabakiek ahalbidetuko dute bi gurpil gaineko kultura benetan errotzea. Norbere burua seguru sentitzea oinarrizkoa da horretarako. Eta errepidean seinale bat margoztuta ikusteak ez du hori lortzen. Merkeena da, jakina, baina adabaki hutsa; azaleko apustu baten isla. Herritarrak euren kabuz molda daitezen bultzatzekoa.

Bizikletan dabiltzanei azpiegitura egokiak dagozkie, eurei espreski begirakoak. Zer esanik ez udalerri barruetan, mugikortasunarekin zuzenen lotutako erabileretan. Goraipatzekoa da Bizkaiko Aldundiak datorren urteko aurrekontuetarako bidegorri sare osatua trinkotu nahi izatea, hamar miloi euro baliatuta. Autoaren erabilera murriztea da helburua, eta horretarako bitartekoak behar dira, baliabideak. Aldarrikapenek, berez, gutxi balio dutelako atzean norabide politiko koherenterik ez badute, inbertsio eta pizgarri publikorik ez badago.

Askok ibili nahi lukete txirrinduan euren herrietan, edo horien artean. Baina ez oinezkoak gainean dituztela. Are gutxiago ibilgailuz inguratuta. Segurtasuna eta merkealdiak nekez dira bateragarri.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad