Borrar
Zortzi finalistak Nafarroa Arenan. / IÑIGO ROYO

Ver fotos

Zortzi finalistak Nafarroa Arenan. / IÑIGO ROYO
Bertsolari Txapelketa Nagusia

Olatu eta txalo artean berrekin diote saioa zortzi finalistek

Goizeko lanak faborito argi gabe amaitu ostean, beste hamar bertso kantatu beharko ditu bertsolari bakoitzak ganbararako txartela lortzea helburu

NEREA AZURMENDI | JON AGIRRE

Iruñea

Domingo, 18 de diciembre 2022, 17:18

Bazkalostean indarrak hartuta eta Joanes Illarregik agindutako «ebakia» edan ostean itzuli dira 13.000 bertsozaleak Iruñeako Nafarroa Arenara. Finalean ari diren zortzi bertsolariak oholtzara igo aurretik olatua eginaz pasa dituzte minutu batzuk, plaza den giro onaren erakusgarri.

Goizean erraz etxekotu dute plaza eta itxura du arratsaldean ildo beretik joango dela saioa. Lehen zatiko lanak txapela janzteko faborito argirik gabe amaitu dira eta bazkalostean askok nabarmendute dute zortzi finalistak maila onean aritu direla kantuan, agian inork goia jobe gabe. Hala, saioa ez da hautsi aurreko final batzuetan bezala. «Arratsaldean bertso handiak espero ditugu».

Ganbarako lanarekin jarri dute zortzi finalistek goizeko saioa eguerdiko etenaldi eta ondo merezitako atsedenaldirako bidean. 'Irribarre konplizea egin diozue elkarri' da zortzi bertsolariek jaso duten proposamena, Goizak eman duenaren laburpena ere izan liteke: irribarre asko, eta pareko gutxi duen ikuskizun honen zati diren eragile guztien arteko konplizitate izugarria.

Finalera sasoi betean eta gogotsu etorri dira oso erregular ari diren Aitor Mendiluze Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi. Ez da gorabereha handirik izan, ez bada Amets Arzallusek ganbarakoan egin duen (edo egin ez duen) potoaren ingurukoa. Saioa jarraitzen ari diren zenbait adituren ustez, goi-goian oraingoz batere ez, baina makalaldi nabarmenik ere ez. Ederki denak, jasotako proposamenak lagun, eta publikoarekin konektatzeko gaitasun izugarria dutela erakutsiz. Erreferentzia berriak ekartzekoa ere bai, kombucha eta guzti zerbitzatu baita Nafarroa Arenan, Alaia Martinen eskutik...

Bertso-gogoz zeuden bertsozaleak, zer esanik ez. Aparteko ikusmina sortu duen final berezi eta bereziki irekiak ezin izan hasiera hoberik, eta jarraipena ere halakoxea ari da izaten. Nafarroa Arenak ere lagundu du horretan, handitasuna eta goxotasuna bateratzea posible dela ari baita erakusten. Toki bikaina, giro are bikainagoa.

Hamaikak puntu-puntuan entzun dira aurreneko txakoak Nafarroa Arenan, eta harrezkeroztik ez dira isildu, ez bada bertsozaleek oholtzako zortzikotearen lana isi-isilik jarraitzen dituzten tarteetan izan ezik. Bertsozale Elkarteko ordezkariak bertsozaleei «azkenean iritsi gara Iruñera» esan eta Txapelketan kantatu duten 42 bertsolarientzat, sekulako lana egin duten eta gaur egun ere lanean jarraituko duten boluntarioentzat eta, oro har, honelako egunak posible egiten dituzten guztientzako txalo bat eskatu duenean entzun di, alegia. Handiena, jakina, Jon Zaldua gai-emalearekin batera oholtzara heldu diren zortzi protagonistek jaso dute, zortzi finalistek. 13.000 lagun zutik. 26.000 esku txaloka.

Bertsolariek ere txalotu dituzte bertsozaleak, eta zozketan egokitu zaien hurrenkeran iritsi dira agurrak. Aitor Mendiluze izan da aurrena, eta ondotik etorri dira Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi.

Umoretik ari dira jotzen bertsolariak ahal duten gehienetan, baina bertso hunkigarriak ere ari dira entzuten finalista denak oso erregular dabiltzan saioan

Agurreko bertsoak ez dira puntuagarriak -puntuak pilatzen joatzeko, 15 bertso osatu beharko dituzte goizeko saioan zehar-, baina zortzi finalistek erakutsi dute ez datozela egun pasa, eta kasurik gehienetan intzentzio-adierazpen trazak ere izan dituzte. Lan puntuagarriak hasi direnean berretsi egin dute inpresio hori. Umoretik ari zaizkie heltzen bertsolariak horretarako bidea eskaintzen ari diren gaiei. Entzuleak, 'txalometroa'-ren arabera, ari dira eskertzen joera hori, eta sareetan ere ari da hedatzen umorea...

Edonola ere, bestelako gai eta lanak ere benetan ari dira estimatzen eta txalotzen entzuleak goiz osoan zehar maila ederrari eusten ari zaion saioan. Oro har, egunerokotasunarekin zerikusia dute gaiak ari dira nagusi izaten, baina barruak mugiarazten dituen horietakoak ere ari dira oholtzaratzen, bertsolariei euren dimentsio denak erakusteko aukera eskainiz. Ganbarakoan ari dira izaten ugarriak horrelakoak. Esaterako, Amets Arzallusen hiru bertsotan Ibrahima Balderekin batera 'Miñan-en kontatu zuena berreskuratu duenean. Segituan zabaldu da bertsoaren inguruko eztabaida teknikoa (... munduko bi parte,....bidearen parte), baina erruz egin diote txalo bertsozaleek.

Gozatzeko beta ere eskainiko dien bide luze eta lantsua dute aurretik bertsolariek, bertsoka-bertsoka osatzen doazena. Denen bistan palko batean adi-adi dauden epaileen egitekoa ere ez da arina izango. Ardura hori Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkozek dute euren gain. Bertsolarien eta gai-emaleen kasuan bezala, haiek heldu dira azken hitzordura, baina haiekin batera aurreko faseetan epaile lanetan ibili diren gainerakoen lana ere hartu behar da aintzat.

Final berezia

Arrazoi askogatik da berezia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. finala, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena: Nafarroan egingo den aurrena da; aurreneko aldiz izango dira hiru emakume oholtzan eta kolpe bakarrean izugarri berritu da bestela mantsoago eraldatzen den finalisten zortzikotea, hiru bertsolariretzat baita estreinaldikoa gaurko finala: Alaia Martinentzat, Nerea Ibarzabalentzat eta Joanes Illarregi. 23 urteko leitzarra, gazteena izateaz gain, nafar bakarra da, eta beste marka bat ere badu: aurreneko Txapelketa Nagusian aurkitu du finalerako bide zuzen-zuzena.

Pandemiaren eragin larriena gaindituta, eta oroitzapen txarrak atzean utzi nahirik, berriz elkarrekin egotearen eta elkar ikustearen poza igartzen da espero baino urte bat gehiago itxaron behar izan duten bertsozaleen artean. Final irekia izango den sentsazioa ere bai. Izan ere, bikain aritu dira Nafarroa Arenako oholtzara iristeko bide luze edo laburragoa egin behar izan duten Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Maialen Lujanbio gaur ariko da lehen aldiz bertsotan 2022ko Txapelketan, inork baino hobeto ezagutzen duen saio berezi-berezi batean, zazpigarren finala baitu hernaniarrak. Finala nola kudeatu ondo dakite halaber kinka honetan maiz egon diren Mendiluzek, Colinak, Arzallusek eta Gaztelumendik.

Zein bi bertsolari helduko dira finalera? Nori jantziko dio txapela Iñaki Muruak? Eskarmentudunen bati edo bertsotzan zaildua egon arren maila goreneko lehian hasiberria den bertsolari bati? 20:30ak aldera helduko den une gogoangarri horretara iristeko, baina, badute bertsolariek zer egina, eta bertsolariek zer gozatua.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Olatu eta txalo artean berrekin diote saioa zortzi finalistek