Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Indarkeria matxistaren aurkako ekinean ezin da etenik izan, hain da larria arazoa. Faktore askok eragindakoa da eta, behin eta berriz, hainbat mailatako neurriak zorroztu beharko dira horri benetan aurre egiteko. Horietako askok, prebentzioarekin lotutakoek batik bat, hezkuntza sistemarekin eta gazteekin dute zerikusia; hor ondo landutakoa ... ez baita sekula alperrikakoa izango. Berdintasunaren kultura behar bezala errotzeko txikitatik ekin behar zaio, mutikoentzat andrazkoenganako errespetua ohikoa izan dadin, berezkoa.
Horretan erakundeek badute zer egin, eta baita norbanakoek ere. Edonori baitagokio bere alea jartzea, inork ezin baitu honelako zerbaiten aurrean arduragabe jokatu. Elkarlana funtsezkoa da eraginkortasuna biderkatzeko, aldarrikapenetatik haratagoko bideak zabaltzeko. Eta baldintza horiek betetzen dituenetakoa da 'Beldur barik!' gazte programa, Emakundek sustatu eta Eusko Jaurlaritzak zein foru aldundiek babesten dutena.
Lehenagotik datorren honen baitan ikus-entzunezkoen lehiaketa bat antolatu dute oraingoan, 12 eta 26 urte bitartekoei zuzendutakoa. Sarituko dena ez da horrenbeste kalitate teknikoa edo artistikoa, mezuarena baizik. Hau da, eztabaida eta gogoeta sorrarazteko gaitasuna, batik bat nesken ahalduntzean eta indarkeria matxista desagertarazteko mutilek duten konpromisoan oinarritutakoa. Ez da, beraz, estilo ariketa hutsa, askoz gehiago ematea eskatzen duena baino.
Emakumeen oinarrizko eskubideen aldeko borrokak eta hori egituratzeko politikek izaera integrala behar dute, arrakasta izatekotan. Ez da nahikoa han edo hemen jarritako adabakiren bat, ezinbestekoa baita arazoa bere osotasunean aintzat hartzea eta lehen mailako inplikaziotik jardutea. Ia eguneroko albiste mingarriek arlo honetan dagoen premia adierazten dute, erantzun zehatzen beharra.
'Beldur Barik!' programakoek diotenez, jarrera matxisten eta indarkeria sexistaren agerpide guztiei aurre egiteko konpromiso pertsonala eta kolektiboa azaltzea dagokie eurekin bat egiten dutenei. Hori da erronka, gizarte bezala. Beste alde batera begiratu ez eta borroka honekin modu aktiboan bat egitea. Honakoa ez delako besteen ardura, ez delako besteen arazoa, konponbidera bitartean gu guztioi dei egin eta eragiten diguna baizik.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.