Belaunaldi baten testigantza
Territorios ·
Hona hemen 'Lumatik teklara. Xaharrak berri' elkarrizketa sortaren agurraSecciones
Servicios
Destacamos
Edición
Territorios ·
Hona hemen 'Lumatik teklara. Xaharrak berri' elkarrizketa sortaren agurraManu López Gaseni
Domingo, 19 de noviembre 2023
Urte osoan zehar argitaratuz joan den 'Lumatik teklara. Xaharrak berri' elkarrizketa sortak hemen du amaiera. Solaskide izan ditudan zazpi eragileak, beste batean esan nuen bezala, euskal letrek joan den mendeko 80ko hamarkadan ezagutu zuten boom handiaren lekuko izateko bezain xaharrak dira, eta, aldi berean, aurreko belaunaldi(eta)ko idazle kontsakratuen itzalpean ekin zioten beren ibilbideari, egile handi haiek beren onenean zeudela, eta agian horregatik oro har ez dute jaso merezi zuten arreta irakurleen eta kritikaren aldetik, aurreko eta ondoko belaunaldiekin alderatuta. Hain zuzen ere, kritikari batek fast-food metafora desegoki samar bat erabili zuen belaunaldi horren horma arteko itotzea adierazi nahian.
Duela berrogei urte, euskal letren sistema itxuratzeko bidean zela, eragileak ez zeuden artean guztiz espezializatuak, eta askotan jarduera bat baino gehiago betetzen zuten. Kontu horrek, sistemaren ahulezia dela medio, segida izan du gaur egun arte, bai, baina askoz nabarmenagoa zen orduan. Eragile bat, adibidez, aldi berean zen idazle, irakasle, itzultzaile, editore eta kritikaria. Ez da broma, gero!
Hori dela eta, sail honetan elkarrizketatutakoen izaera poliedrikoetatik arlo bakar bana hautatu behar izan dut. Horrekin batera, aukeratu ditudan eragileak nor bere arloan nabarmenak izan arren, lekuko gisa ekarri nahi izan ditut orrialde elektroniko hauetara, arlo bakoitzaren erabateko ordezkari baino gehiago. Elkarrizketatzaileak, ahal duela, nolabaiteko kidetasuna bilatzen du elkarrizketatuengan, eta hala egin dut nik, adiskide edo bidelagun izan ditudan askoren arteko batzuk hautatzeko orduan. Eta esan behar dut, haien fabore, bikain erantzun didatela, literalki.
Honako hauek izan dira, elkarrizketen kronologian, errepasatu diren arloak: literatura-kritika, idazletza, literatura-itzulpena, haur eta gazte literatura, editoretza, biblioteka eta alderantzizko itzulpena. Litekeena da arloren bat kanpoan geratu izana, esaterako irakurle-klubetako bideratzaileak edo irakurleak berak, baina sail hau mugagabe luzatzerik ere ez nuen nahi.
Zazpi eragileok ustez denok bagenekien zerbait berretsi digute: azken berrogei urteak ez direla alferrik iragan. Xabier Mendigurenek, esate baterako, gaur egun argitaletxeak garai hartan baino zorrotzagoak direla aitortu digu. Eta hala da, batetik, askoz eskuizkribu gehiago iristen direlako argitaletxeetara baina, bestetik, irakurleria ez delako handitu espero bezainbeste. Titulu gehiago argitaratzen dira, bai, baina bakoitzetik inprimatzen den ale-kopurua askoz txikiagoa da (orduan ohikoak ziren 4000 ale inguruko tiradak eta, gaur egun, 1000 ingurukoak dira, asko jota, batez beste).
Eta, irakurleak aipatu ditugunez gero, horretan ere aldeak. Laurogeiko hamarkadako irakurleak gai ziren urtero argitaratzen ziren liburu guztiak erosi (!) eta irakurtzeko, baina hori oso zaila da egun. Irakurleriaren parte handi bat euskalduntzen eta alfabetatzen ari zen garaian, berriz, ohikoa zen euskararen irakaskuntzan 'Narrazioak' eta antzeko obra jasoak erabiltzea, Gotzon Garateren eta Xabier Gereñoren idazlanekin batera, kasurako. Gaur egun gehien irakurtzen dutenak, alde batetik, emakumezko helduak dira eta, bestetik, hezkuntza sistemako irakurle gutxi asko gatibuak, Lehen Hezkuntzako hasierako mailetatik Bigarreneko azkenetara.
Idazleen taldeko elkarrizketatuak, Itxaro Bordak, asmatu egin du irakurle mota desberdinentzako idazlan bikainak sortzen, kalitateari muzin egin gabe. Periferiatik idazten duenez gero, eta bere burua 'outsider'tzat hartuta, Borda gauza izan da euskal lirikaren alorrean kokatzeko zein krimen-eleberrigintzaren egile originalena izateko, erabateko askatasunetik. Arestian irakurle motak direla eta esandakoarekin lotuta, esan digu poztu egiten dela gero eta lankide gehiago emakumezkoak izateaz, argi-itzalak ikusita ere: «Fikzioaren bidez gauzen errateko libertatea emendatu zaigu, gai batzuen arabera zenbait alorretan beti herabe gauden arren».
Haur eta gazte literaturan asko aldatu dira gauzak garai batetik hona, onerako eta txarrerako, gure haurrekiko harremana aldatu dugun era berean. Gaur eman nahi diegun gehiegizko babesak idazleen (auto)zentsurara eraman dezake, bai gaien aldetik (gai «deserosoak» kaltegarriak izan dakizkielakoan), bai planteamendu literarioen aldetik («konplexutasuna arazo bihurtu da, sinbologia eta zeharkako bideak arrotzak bihurtu dira, ulermen arrazionala sentipenen gainetik gailentzen da», esan digu Yolanda Arrietak). Berrikuntzen artean, berriz, album formatuak eta kontzeptuak berak oso berrikuntza interesgarriak ekarri ditu arlora.
Kritikaren aldetik ere, deigarria da Iñaki Aldekoaren mailako akademiko batek aitortzea kritika akademikoa «gero eta ezdeusagoa» dela, eta literatura nazionalen historiak iraganeko zerbait direla. Jomuga apalagoak esleitzen dizkio kritikari, hala nola liburu-dendetako «liburu anabasa» ikaragarrian norabide bat topatzeko irizpideak eskaintzea. Eta bai, egun horretan dabiltzan kritikariek zorrotz heltzen diote zeregin horri, nahiz eta ez izan horretarako nahi beste plaza (oso penagarria da 'Mugalari' eta kideko erreferente garrantzitsuak desagertu izana).
Liburutegiek irakurzaletasunaren osasunaren neurria eta nolakoa eman duten aldetik, Asun Agirianok irakurtzeko gaitasuna galtzen ari dela aitortu digu baina, aldi berean uste du, irakurtzeko zaletasuna ez dagoela arriskuan. Zer esan nahi du horrek? Askotariko irakurgaiak eskaini behar zaizkiela irakurle potentzialei, inoiz ez dagoelako jakiterik zerk harrapatuko dituen.
Eta, last but not least, itzulpena eta haren bi aurpegiak. Euskarara ekarriari buruz, Juan Garziaren ustea da abantaila izan dela literatura-itzulpena ia landu gabeko alorra izatea hainbat baliokide emateko orduan, baina erronka dela idazleek ez ezik irakurleek ere irakurtzea itzulpenok. Euskal irakurleek itzulitako literaturarekin duten arazoa ez da berria, «irakurlerik onena, halako aitzakiak baliatzen ez dituena bere euskararen txiroan eta nagian geratzeko», diosku Garziak.
Alderantzizko itzulpena da beste aurpegia, eta euskal literatura zabaltzea du helburu, hedapen horren eremua gurean berean hasten dela ohartuta, ez delako «sanoa gure bizilagunek zer idazlen ari garen jakiteko modurik ez izatea», Gerardo Markuletak esan digunez. Gaztelaniara itzultzen du berak euskal literatura, eta espazioan hain hurbilekoa den hizkuntza horrekiko interferentziak arazo iturri izaten dira itzulpen egokiak gauzatzeko orduan.
Honaino, beraz, 'Lumatik teklara. Xaharrak berri' elkarrizketa sortak emandakoa. Nire aldetik, oso aberasgarria izan da aspaldiko lagunen egungo ikuspuntuak ekarri ahal izatea, eta elkarrizketek irakurleen artean izandako harrera onak beste askorentzat ere onuragarria izan dela erakusten du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.