Gaztetan modernoa izan nahi zuen, eta korrika eta presaka joaten zen leku guztietara, zurrunbilo batean, lehenbailehen heltzeko. Ukondoka ere aritu izan zen inoiz, albokoak oztopatzeko. Izan ere, modernoak inor baino lehenago heltzen omen ziren lekuetara, eta, turismoarekin gertatzen den bezala, gero denek joan nahi izaten zuten leku horretara eguzkia hartzera eta azala belztera. Baina gogotik saiatu arren, ez zen heldu. Trenen eta autobusen ipurdiak ikusi zituen, hegazkinen ke kutsakorraren mezu deszifraezinak, zalgurdien arrasto lokaztuak elur egin berrian. Borgesen poema laburreko poeta kaskarrari bezala gertatu zitzaion: «Helburua ahanztura da/ Ni lehenago heldu naiz». Irla ezezagun baten hondartza zuen parean, eta hantxe naufragatzea erabaki zuen. Naufragatu aurretik, noski, irlara eraman beharreko gauza garrantzitsuen zerrenda egin zuen, eta zerrenda horretan hainbat liburu zeuden. Irla hartatik, igerian ikusten zituen batzuk alde batetik bestera, erdi hatsanka eta krol estilo baldarrean; beste batzuk zorionekoagoak ziren, eta txalupaz edo ontziz zihoazen batek daki nora, baina beti ari ziren mugitzen eta gorputzen mugimenduekin olatuak sortzen. Surflari batzuk olatu horietatik bizi ziren, eta txapelketak ere antolatzen zituzten. Metodo bat zuten olatuetan behera egiteko orrazkera desegin gabe eta ile-gogortzaile tantarik isuri gabe. Eta olatuak birziklatzeko makina bat ere asmatu omen zuten, baina oso pisutsua zenez, itsaspean hondoratu zen.
Publicidad
Gure poeta txikia, ordea, ez zen oso lehiaketa zalea, eta nahiago zuen irlan egindako txabolan lasai egon. Batzuetan, dena den, nostalgia puntu batez begiratzen zituen horizontean ikusten ziren igerilarien apar zipriztinak, baina balantzan zer galtzen zuen eta zer irabazten jarri ostean, aingura bertan botatzea erabaki zuen, eta erabaki horretan ainguratzea. Liburuekin eta idazleekin hitz egiten zuen, isilean batzuetan, ozen beste batzuetan, eta garrasika ere noiz edo noiz. Antzerkiak ere antolatzen zituen, eta berak antzezten zituen pertsonaia guztiak, nahiz batzuetan pertsonaiak bere kasa ibili maskorren bila. Tarteka, botila mezudunak botatzen zituen itsasoan, eskuz idatzitako oharrekin. Norentzat?, egiten zion galde bere buruari, baina kontua ez zen botila bidaiaren amaierara iristea, bidaiaren beraren aberastasuna baizik. Edo horrelako zerbait.
Luze gabe, gaixoetxe bat eraiki zuten irlaren parean zegoen penintsularen muino batean, distiratsua eta pagoda itxurakoa, leku guztietara presaka joan eta eginahal horretan gaixotu zirenentzat. Eta ez ziren gutxi, ez pentsa. Azkarregi mugitzen bazara, zeure burua zorabiatzeko arriskua duzu, eta jende hori zinetosiaren sindromepean bizi zen, mareo-poltsa beti aldean. Gehiegizko abiaduraren ajeak, nonbait. Batzuek zioten mendi muino hura magikoa zela, eta egoiliar gehienek gaixo plantak egiten zituztela. Espiritismoa praktikatzen omen zuten gauerdian. Hots eta argi arraro batzuk ikusten ziren irlatik, eta abesbatza moduko bat, letania bat ahopean kantatzen.
Arrats ekaiztsu batean, igerilari bat iritsi zen irlara, eta poetari aitortu zion gaixoetxetik ihesean zetorrela. Bera ez zen tribu hartakoa. Igandea zenez, poetak 'Ostiral' bataiatu zuen etorri berria. A zer aldea geroztik! Antzezlanetako bakarrizketak elkarrizketa bihurtu ziren, bai eta taularatu beharreko pertsonaiak bikoiztu ere.
Handik urte batera edo, gauza ilun guztien arrazoi gordea bilatzen zuen poetak eta 'Ostiral'ek sutan ikusi zuten muinoko gaixoetxea. Ez zekiten nola hasi zen sua, baina begiekin ikusten ari ziren eraikuntzaren geruzak irensten ari ziren lamak. Iluntasunean are ederragoak iruditu zitzaizkien, urrezkoak kasik. Ilargi beteko gaua izaki, uretan luze eta kizkur islatzen ziren, eta 'Ostiral'ek eta poetak gaixoetxekoei laguntzera joatea erabaki zuten, baina igerian hasi zirenean, hain zihoazen motel, ezen atzeraka zihoazela ematen baitzuen. Besoak astindu arren, gero eta urrutiago ikusten zuten sutan zegoen eraikuntza, beste garai bateko zerbait bezala.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.