Beharrezkoa
Pello Zupiria
Miércoles, 19 de mayo 2021, 21:19
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Pello Zupiria
Miércoles, 19 de mayo 2021, 21:19
Kazetariak kontatzeko bizi dira. Edonongo kale, auzo, hiri edo herrialdetako pertsonen istorio, aldarrikapen, istripu eta heriotzen berri ematen diote jendeari. Inolako zalantzarik gabe, lanbide hori askoz errazago egiten da munduko zenbait tokitan. Baina badira leku batzuk non benetan arriskutsua den kazetari izatea, esaterako, Mexiko (2020an zortzi profesional hil zituzten Reporteros sin Fronterasen arabera) edota gerran dauden herrialdeak. Zaila da benetan errealitate horiek komunikatzea, tiro eta bonba artean edo mehatxupean baitaude berriemaleak, eta leku horietako bizimoduen oihartzunak krisi humanitario larriak sortzen direnean soilik heltzen zaizkigu, askotan haien eguneroko bizitzak ez baitu lekurik gure herriko albistegietan. Hala ere, gure bizilagun batzuk beharrezkoa ikusten dute bozgorailurik ez dutenen ahotsa izatea, eta herrialde 'arriskutsuetara' jotzen dute helburu hori betetzeko asmoz.
Gure etxeko salatik imajina dezakegu, nolabait, arriskuan bizi direla herrialde urrun horietatik mintzatzen zaizkigun kazetariak, baina kostatuko zaigu benetan jakitea nolakoa den haien eguneroko bizitza edota zein peril pasa behar izan dituzten hango berri emateko. Netflixen ikusgai dagoen 'Morir para contar' (2018) dokumentalak, ordea, gerturatzen gaitu haien bizipenetara. Hernan Zin zinemagileak gerra korrespontsal batzuk elkarrizketatzean erakusten digu noraino eramaten duten profesional horiek gertatzen ari dena kontatzeko asmoa.
Elkarrizketatuen artean, David Beriain eta Roberto Fraile agertzen dira, joan den apirilean Burkina Fason oraindik guztiz argitu ez den eraso batean hil zituzten kazetari euskaldunak. «Honela bizi nahi baduzu, oso argi izan behar duzu zer den egin nahi duzuna eta nora joango zaren. Horrek dakarren arriskuaren jakinean zaude», esan zuen Frailek dokumentalean. Beriainek, aldiz, beldurraz hitz egin zuen eta aldarrikatu «lan honetan beharrezkoa» dela. Gerra erreportarien familien sufrimenduaz ere mintzatu zen: «Zortea izan dut, maite izan nauten pertsonek modurik politenean maite izan naute: aske. Nahiz eta horrek suposatu agian egunen batean telefono dei bat jaso eta entzun 'David ez da itzuliko'. Ulertu behar da hori benetan gerta daitekeela, ez dela hitz egiteko modua», aitortu zuen.
Hernan Zinen pelikula luzeak gerra eremuetan hil diren hainbat kazetari ere omentzen ditu: Julio Fuentes, Miguel Gil, Julio Anguita eta José Couso. Azken hau, Jon Sistiagaren kamera izandakoa, Bagdaden hil zen, 2003ko apirilaren 8an, nazioarteko hainbat kazetarik ostatu hartzen zuten Palestina Hotela Estatu Batuetako armadak erasotu ondoren.
Filmean ageri diren kazetari gehienak egon ziren inoiz edo behin Palestinako gatazka kontatzen, eta gaur beste hainbeste daude, han bertan, Gazako bonbardaketen berri ematen: 216 palestinarrek galdu dute bizitza, horien artean, 61 haurrek. Etengabeko eraso horietan, bati baino gehiagori etorriko zitzaion burura José Cousoren heriotza, aurreko astean Israelgo armadak Al Jazeera katearen eta Associated Press (AP) agentziaren egoitza lau misilez suntsitu ostean. Tel Avivek Espainian enbaxadore duen Rodica Radian-Gordonek adierazi du «eraikin horretan Hamasen egoitza eta inteligentzia militarreko zentroak» zeudela, nahiz eta beranduago gaineratu «oraindik ez dagoela zehaztuta zer zegoen bertan». Horretaz gain, deitoratu zuen «nazioarteko komunikabideek, orokorrean, ez dutela Israelen ikuspuntua gehiegi kontuan hartzen».
Kontua da bonbardaketa horrekin, «Israelek nazioarteko prentsa isilarazi» duela Gazan, Mikel Ayestaran korrespontsalak Twitterren adierazi zuen bezala. Izan ere, Gobernuak gune horretarako sarrera debekatu die kazetariei. APko presidente Gary Pruitten hitzetan, «aurrerantzean, Gazan gertatzen ari denari buruz gutxiago jakingo du munduak». Abiadura eta bapatekoa gaildendu diren garai hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da kazetarien lana, eta potentzia handiek sufrimenduaren oihua isilarazi nahi duten leku horietan, are gehiago oraindik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.