Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Mariano Barrosoren 'La Línea Invisible' telesailak Txabi Etxebarrietaren izena eta biktimen zerrendari hasiera eman zion unea gaurkotu egin dizkigu. Iñaki Sarasketak, egun hartan Txabirekin autoan zihoan beste militanteak, honela deskribatu zuen une hura ondorengo elkarrizketa batean: «Suposatzen dut guardia zibila matrikula faltsua zenaz konturatu zela. Susmo txarra hartu zion. Dokumentazioa eskatu zigun eta autoa jiratu zuen egiaztatzeko. Txabik esan zidan 'aurkitzen badu, hil egingo dut'». Erantzun nion: «Ez da beharrezkoa, desarmatu eta bagoaz». Guardia zibilak bizkarra ematen zigun. Kokoriko zegoen atzeko motorrari begira. 'Hau ez dator bat...' xuxurlatu zuen. Txabik pistola atera eta tiro egin zion. Ahoz gora erori zen. Beste hiruzpalau tiro egin zizkion bularrean. Zentraminak hartu zituen eta agian horrek eragina izan zuen. Nolanahi ere, zorigaiztoko egun bat izan zen. Akats bat. Guardia zibil anonimoa zen, mutil koitadua. Ez zegoen gizon hura hil beharrik».
Ordu batzuk geroago, Guardia Zibilak Txabi hil zuen eta berehala mito berri bat sortu zen. Imanol abeslariak, bere ibilbidearen hasieran, honela kantatzen zion: «Lehengo batean / kalearen erdian/ Benta-Handi erdian/Xabier anaia, hil zuten/Eta nolaz gu, eguneroko patxara merkean/ oso lasai bizi geran/ gure izerdia xurgatzen duten/ beste jende hoiek/ bihar ere, berriz ere/ beste bat hilko dute»...
Sareetan irakurritakoaren arabera, ez dira gutxi telesailari esker gure historia hurbilaren atal honen berri izan dutenak. Teaser eta promozioetan askotan azpimarratzen denez «lerro ikusezin» hori zeharkatzeak, halabeharrez, «Estatu osoko historiaren bilakaera markatu zuen».
Gogoan ditut nire batxilergoko historia eskolak. Orduan, izen propioak eta pasadizoak ziren nagusi: Julio Zesar, Napoleon, 'El Cid Campeador', Atila, Errege Katolikoak, Karlomagno... Gero, unibertsitatean, nire historia irakasle marxistek brotxakada batez ezabatu zuten hura guztia. Benetako protagonistak ez omen ziren hain dibertigarriak: amortizazioak, interziklo atzerakoiak, klase borrokak, oligarkia baten edo bestearen interesak...
Historialariak kontakizun objektiboak egiten saiatzen dira horrelako aldagaiak erabiliz. Fikzioak, berriz, beste helburu batzuk ditu: audientzia lortzea, profil desberdinetako ikusleei heltzea, ahalik eta morbo handieneko istorioak eskaintzea... Hori guztia dela eta, fikzioan zilegi omen da 'vasco' izateaz harro dagoen Manzanas komisario bat asmatzea, edo hirurogeiko hamarkadako ETAn emakume baten zeregina puztea edo Txabiren familia madarikazio baten menpe zegoela irudikatzea. Fikzioak, gure batxilergoko historiak bezala, ulergarria eta entretenigarria izan behar du; horrela, gizabanakook erabakigarriak garela pentsa dezakegu, testuinguru historikoaren gainetik.
Kazetaritzako nire historia irakasleak maiz errepikatzen zuen «nazismoa Hitler gabe, existituko zen». Hortaz, pentsatzekoa da gauza bera gertatuko zela Lenin gabeko iraultza sobietar batekin edo Etxebarrieta gabeko ETA batekin. Urteak igaro beharko dira oraindik, historialariek, bizi izan dugun drama presiorik gabe iker dezaten. Oraingoz fikziozko dramekin konformatu behar, oso entretenigarriak izan baitaitezke, baina kontuan izanik horixe besterik ez direla: fikzioa. Marrak, kasu honetan, oso argia izan beharko luke.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.