Beck, Bazerman eta arriskuen eraldaketa
Filosofia ·
Sistema ekonomikoa, neurri handi batean, arriskuzko praktikak bere barnean normalizatzen saiatu da, sistemaren parte egitenFilosofia ·
Sistema ekonomikoa, neurri handi batean, arriskuzko praktikak bere barnean normalizatzen saiatu da, sistemaren parte egiten2007an, Harvard Unibertsitateko ikastaro batean, Max H. Bazerman izan nuen irakasle. Ordurako Bazermanek hainbat liburu argitaratuak zituen non bere eredua azaltzen zuen erakundeetan erabaki arrazionalak hartzeko. Bazermanen ustez, gizartean, erakundeetan eta enpresetan hartzen diren erabakiak maiz ez dira uste bezain arrazionalak. Anitz gizarte-eredutan, hastapenetik uste izaten da subjektuek beren hoberako diren erabaki arrazionalak hartzen dituztela eta erabaki horiek hartzeko informazio kopuru nahikoa dutela. Baldintza horiei esker, subjektuek merkatua deitzen den esparruan koordinatzen omen dituzte beren erabakiak.
Publicidad
Gizarte zientzietan hedatutako ikuspegi horri aurre eginez, Bazermanek bere eskoletan azpimarratu nahi zuen ideia honako hau zen: gobernuek eta erakundeek arazo larri bat dutenean aholkularien beharra izaten dute, erabaki zuzenak har ditzaten, baina sarritan aholku horiek beranduegi iristen dira. Aldiz, egoera itxura batean aldekoa zenean hartu behar ziren erabaki zuzenak, modu arrazoituan eta etorkizunari begira.
Erronka horiei erantzunez Bazermanek, 2004an, Michael D. Watwinsekin batera, 'Predictable surprises' liburua atera zuen. Liburu horretan azaltzen dituzte, erabakiak hartzerakoan, subjektuen eta erakundeen prozesuetan azaltzen diren akatsak eta aurreiritziak. Akats eta aurreiritzi horiek historian zehar errepikatzen direlako dira garrantzizkoak. Ezbeharrak eta katastrofeak aztertu zituztenean, Bazermanek eta Watkinsek ikusi zuten aurretik hartu beharreko erabaki batzuek galerak eta kalteak murriztu zitzaketela. Beren liburuan ematen dituzten adibideen artean argiena klimaren aldaketarena da.
Hamasei urte pasatu diren arren, aurreikuspen txarrenak errealitate bilakatu dira. Nolanahi ere, badaude oraindik egia estali nahi duten botere indartsuak. Azterketa horrek adierazten du katastrofeen kasuan, arriskuen eta boterearen arteko harremana funtsezkoa dela. Lotura hori historian eta pentsamenduan modu esanguratsuan azaldu da.
1986an Txernobyleko istripu nuklearra gertatu zen, eta, urte berean, Ulrich Beck soziologoak arriskuaren gizarteari buruzko monografia bat argitaratu zuen. Becken liburua funtsezkoa da mendebaldeko azken 50 urtetako aldaketak ulertzeko. Garapen teknologikoak bigarren modernitate bat ireki zuela dio Beckek. Bigarren modernitate horren ezaugarri nagusietako bat da kontzientzia bat sortu dela zientziak eta teknologiak arriskuak sorrarazten dituztela. Arrisku horiek zientziaren printzipio nagusiak eztabaidatzen dituzte, zaila delako arriskuak identifikatzea, baita kaltea eragiteko duten ahalmena zehaztea eta beren efektua mugatzea ere. Nahikoa da arrisku atomiko bat gaizki kalkulatzea humanitate osoa desagerrarazteko.
Publicidad
Beraz, Becken planteamenduan, teknologiak hazkunde ekonomikoa posible egin zuen arren, bizitza-mailaren hobetzeak badu ondorio kaltegarririk ere, ikusten dugun naturaren eta gauzen azpian edozein momentutan eztanda egin dezakeela. Gainera, eztanda hori isilean gerta daiteke, araututa dauden zientziazko ustezko neurriak betetzen diren bitartean. Becken liburua erabateko klasikoa da eta ondorengo hamarkadetan garatu diren ikerketetan eragina izan du.
Hala ere, azken urteotan arriskuen egoera modu anitzetan eraldatu dela esan daiteke. Lehendabizi, kapitalismo izenez ezagutzen dugun sistema ekonomikoak zientziaren eta gizartearen arteko arazozko harremana nolabait endogenizatu edo barneratu egin du. Hau da, sistema ekonomikoa, neurri handi batean, arriskuzko praktikak bere barnean normalizatzen saiatu da, sistemaren parte egiten. Hortik atera dira lan espazioetako arriskuen arauak, janarien ekoizpenekoak eta ingurugiroari buruzkoak. Gai istilutsuak industria bilakatu dira, sistema ekonomikoak etengabe bere norabide historikoa jarraitzen duen bitartean. Prozesu honek mendebaldeko historia politikoan eragin zuzena izan du.
Publicidad
Historian gatazkak politikaren ardura izan dira, baina, bigarren modernitate horren eraginez, ideologiaren oinarriak arazo tekniko bilakatu ziren, irtenbide teknikoa omen zutenak. Hori izan zitekeen gatazka ideologikoen historiaren azkena, baina, Bazermanek eta Watkinsek erakutsi duten moduan, arazoa ez da teknikoki bukatzen. Azken 50 urtetan gertatu diren ezbeharretan, sistema ekonomikoaren eragin akasduna nabari da. Alde batetik, egungo erabakietan, etorkizunean sor daitezkeen kalteen pisua gutxiesten da, orain jasan beharreko kostuak arintzeko. Hori dela eta, etorkizuneko kaltea gertatzen denean, ezusteko bezala azaltzen da, iraganean erabaki zuzenak hartu ez zirelako, alegia. Bestetik, botere ekonomikoek beren 'statu quo' deiturikoa arriskuan ikus dezakete, eta hori gerta ez dadin, botere politikoa baldintzatzen dute. Fenomeno horren adierazle nagusia agian Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde sistema da, non akzio politikoa maiz bozkatzaileengandik baino ekonomiazko interesdunengandik hurbilago gera daitekeen.
Aurreko artikuluan aipatzen genuen Badiouren salaketa errealitate bilakatzen da: gizarteak bide bakarra aurkitzen du gatazkak bideratzeko, botere politiko-ekonomikoak bateratu duena. Nolanahi ere, azken hamarkadetan globalizazioak eragindako abiadurak arriskuen eragina berriro eraldatu du. 80ko hamarkadan Txernobyleko istripuaren ostean ezustekoek sortutako krisialdiak gertatu ziren arren, eragin mugatuagoa izan zuten (behi eroena edo Enron kasua sar ditzakegu kategoria horretan). 2001etik aurrera, ordea, Dorre Bikien erasoa, 2008 subprime aktiboen suntsiketa eta orain COVID-19a bizi izan ditugu. Krisialdi baten itzalpetik aldentzen hasi garenean beste bat dugu gainean.
Publicidad
Paul Virilio filosofoak zioen moduan, gauzek duten egonkortasunaren eta istripuaren arteko harremana eraldatu egin da. Botere gordinak arriskuarekin duen lotura eraldatu da baita ere. COVID-19ak zerbait erakutsi baldin badu da kapitalismoak eta bere baloreek barneratzeko duten indarra gaindigarria dela. Ez da esperientzi makala.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.