Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Mende erdi asko izan daiteke. Edo gutxi. Tarte ezin laburragoa delako hizkuntza baten batasun prozesuaz ari garenean. Baina, aldi berean, historia inoizko abiadarik bizienean doa, teknologiak bultzatuta, globalizazioaren eraginez. Euskara estandarizatzekoa oparotasunez gainezkako esperientzia izan da: 1968an Arantzazun abiatu zenetik; baina, batik bat, diktaduraren amaieratik hona, hizkuntza arnasa hartzen hasi zenetik, hezkuntzara eta horren eskutik gainerako esparru guztietara jauzi egin zuenetik.
Ez zen borondatezko hautua izan, premiak nahitaezko egindakoa baizik. Debekuak eta jazarpenak astindutako hizkuntzak ezin zuen, gainera, oinarrizko batasunik gabe jarraitu, molde ezberdinez agertu. Horrek zeharo ahultzen zuelako, eta hizkuntza normalizatuetatik urrundu. Ezinezkoa zen galdutakoa berreskuratzea urrats hori egin barik, ez zegoen euskararen sustapenari ekiterik, ez hainbat ajeren zama gainetik kentzerik.
Ondorengo belaunaldi guztien aitortza merezi dute orduko hartan ausardiaz jokatu eta euskara batzeko zereginean hasi zirenek. Zalantzarik gabe, honen biziraupena bideratu zutelako, eta ondorengo lorpenak ahalbidetu. Ez gaude nahi genukeen egoeran oraindik, baina inoizko onenean bai. Euskara administrazioan dagoelako, hezkuntzan, hedabideetan, kirolean… Nonahi. Batzuetan besteetan baino nabarmenago, jakina, baina egon badago.
Prozesua dinamikoa da; eta, zoritxarrez, atzera egiteko arriskua ez da guztiz uxatu. Gizartearen gehiengo zabal-zabalaren aldeko bultzada hor dago, berme modura, baina ez da pentsatu behar dena lortuta dagoela. Oraindik estali beharreko zulo asko dagoelako egunerokoan, euskarak gazteleraren —eta frantsesaren— ahalguztiduntasunaren zipriztinik ere ez duelako.
Eta ez da onargarria geroko gerotan geratzea, euskaltzale agertu arren euskara praktikan zokoratzea, zenbait arlotara mugatzea, apaingarri gisa baliatzea, idazterakoan arauak bete ez eta jatorkeria ganorabakoz horrenbeste kostata batutakoan atzera egitea. Euskarak batasunetik baino ez du izango etorkizunik. Euskalkiak gorde eta bateragarri egitetik, noski, egoki uztartzetik. Baina ardatz partekatutik hauspotzetik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.