EAEko aurrekontuen negoziazioa alderdien arteko egungo harremanen isla da. Jaurlaritzari bere gehiengoa osatzeko eskaintza formalik falta ez zaion arren, horietako gehienak iritzi publikoari begirakoak dira, taktikoak, norbere burua politikoki zuritzekoak
Aurrekontuak onartzea urteroko erronka nagusietakoa da edozein gobernurentzat. Gehiengo osoa dutenen artean ere diru banaketak beti sortzen ditu tamainaren bateko tentsioak, sail guztietatik bultzaka aritzen baitira baliabide gehiago guran. Berezko egoera hori zeharo nahasten da kanpoko eragileren batek parte hartzen duenean, bere babesa ezinbestekoa denean. Eusko Jaurlaritzak PP izan du bidaide horretan azken urteotan, gehiengo osorako Legebiltzarrean behar dituen bi bozak lortze aldera. Jeltzaleak erabakigarri ziren eta dira Kongresuan eta Rajoyri nahitaezkoa zitzaion lankidetza hori.
Alderdi Popularra inoizko txarrenetakoan dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Egitasmo autonomorik gabe eta gero eta babes gutxiagorekin. Horren isla dira azken hauteskunde autonomikoetan Gasteizko ganberan lortutako bederatzi ordezkari soilak. EAJk zentsura mozioan hartutako erabakiaren ondorioz Rajoyren aroa amaitu izanak eta Pablo Casadoren ondorengo lidergotzak bertoko PPren nahasmena areagotu besterik ez dute egin. Eta, horrekin batera, estatus politiko berriaren negoziazioko jatorrizko ezadostasunek jeltzaleengandik aspalditxoko urrunenera eraman dituzte. Ez da giro aurreko urteetakoa errepikatzeko, ia ezeren truke biko Jaurlaritzaren kontuak baiesteko.
Urtero aurrekontuak fin onartu eta disziplina ekonomikoz ekin dionarentzat ez litzateke drama politikoa izango iazkoak luzatu beharra. Langabezia %10aren azpitik dago jada —%9,5ean zehazki— eta krisiaren osteko susperraldi ekonomikoa begibistakoa da. Hala, babes parlamentario nahikoa ez lortzea oztopoa litzateke, jakina, nolabaiteko hutseginkortasuna adierazterainokoa; baina ez luke funtsezko ezer geraraziko. Haatik, azkeneraino saiatu beharra dauka Jaurlaritzak, bestelako patxada emango diolako eguneratutako kontuekin aritzeak eta euskal gizartearen nahiz barruko zein kanpoko hainbat eragileren aurrean sendo agertzeak. Hilaren 23an onartuko da lege proiektua asteroko gobernu-bileran eta berehala igorriko da.
Legebiltzarrera, han sail ezberdinetako arduradunek dagozkien xehetasunak eman ditzaten. Ona da oposizioko hiru taldeak negoziatzeko prest agertzea, itxuraz behintzat ate guztiak zabalik egotea. Euskadirentzat, jarrera horietako batzuren atzean taktizismo hutsa egon daitekeen arren politikoki normaltasuna adierazten duelako; eta, Jaurlaritzarentzat, egungo gobernu-formulari ardatz izaera berresten diolako. Ekonomia eta Ogasun saila alderdi guztien ekarpenak aztertzen ari da, horien bideragarritasuna neurtu eta egungo aurrekontu-irizpideekin bat datozen zehazteko. Hortik aurrera, parekotasunak zenbatu beharko dira, eta horien araberako hautu politikoa egin. EH Bilduk estrategia aldakorra izan du gai honi dagokionean. Jakin badaki zein garrantzitsua den aurrekontuen negoziazioa eta bere babesa zenbaterainoko keinua litzatekeen. Baina ez dago argi zein den duen sakoneko helburua. Hasieran EAJ PSE-
EErengandik urruntzen saiatzeko baliatu zuen bere babes eskaintza, estatus berriaren atarikoetan osatutako ardatz hori beste maila batera eramateko. Ostean, aldiz, 'positibotzat' jo dute sozialistekin aurreko astean egindako bilera, eta ezker kutsuko gutxieneko bat-etortzerik ere sumatu da hor. Eskaintza politiko orokorrez harago, ezker abertzalearen proposamena barikuan eman zen ezagutzera: pentsio baxuen osagarrietan eta enpleguan 420 milioi inbertitzea da eskaera nagusia. Dena den, Jaurlaritzari bere politikak «zuzentzen» hasteko egindako deia ez da abiapunturik onena hain akordio garrantzitsurako.
Elkarrekin Podemosek, ostera, 'Guztion aurrekontuak' izeneko dokumentua helarazi zion Gasteizko exekutiboari, sektore ezberdinei begirako 15 neurri nagusi proposatuta. Gehienbat edukiei lotutakoa izan da moreen ibilbidea gai honetan, ez EH Bildurena bezain mediatiko eta agerikoa, ez inoren aliantzak errotik baldintzatzekoa. Hala ere, dagoeneko Jaurlaritzak esana du neurriok 1.500 milioi euro gehiagoko gastua eragingo luketela eta horietan bildutako zenbait gai aurrekontuez haragokoak direla. Lehen balorazio hori ez da osagarria ondorengo hurbilketaren batekin eta, are gutxiago, akordioa borobiltzearekin.
Agertoki horretan, EH Bildu edo PP dira aukerak. Maila ekonomikoan lehentasun ezin ezberdinagoak dituzte bi alderdi horiek, eta horrek elkarrizketak baldintzatuko ditu. Baina ez aurrekontuak sozialagoak izan daitezen ala ez. Jatorrian direlako, Jaurlaritzaren norabidea horixe delako, aurrerakoia, konpromiso sozial eta ekonomikokoa. Hortik aurrera, euren bozen truke ezbaian dagoenaz gaindikorik mahaira eramaten duena oker ibiliko da. Biak ari direlako estatus berriari buruzko negoziaziotik tiraka: batzuk, abertzaleen arteko adostasuna izan dadin horren ardatza; eta besteak, orain arteko prozesuan atzera egiteko.
Osoko zuzenketaren pareko tentazio hori gaindituz gero, babesa ematearen truke bakoitzak eskatzen duena izango da gakoa. Aurrekoetan PPk ezer gutxi eraman du aurrekontuetara, agerikotasun politikoa behar zuelako eta Madrilgo giroak baldintzatuta ari zelako. Orain, aldiz, Pablo Casadok muturrera jo du eta EAEn bere alderdia hortik biziberrituko duela uste izanez gero nekez izango da hurbiletarik.
Oztopoa ez delako teknikoa, politikoa baizik. Pedro Azpiazuk aski frogatua du negoziatzeko bere abilezia, akordiorako aukera oro baliatzekoa. Baina honakoan inoizko zailen du. Aurrekontuak dagozkien negoziaziora mugatzea ez delako sekula erraza, giro politiko orokorra izaten delako horien inguruko adostasunerako giltza nagusietakoa. Ez da baztertu behar aurrekontu-proposamen errealista eta aurrerakoi baten eskutik egonkortasunerako Jaurlaritzatik egindako gonbidapena norbaitek baliatu nahi izatea. Gizartearen aurrean eragile arduratsu legez agertze horrek izaten duelako salmena politikorik. Epe laburrera oso begirako egungo jarduera politikoan ez litzateke makala.
Aukera guztiak arakatu behar dira, aldeen esku dagoen eginahalik ez aurreztu. Aurrekontuen onarpena mezu eta lorpen kolektibo oparoa dela ahaztu gabe. Baina argi izanda horiek azkeneraino oztopatzeak ez duela norabide argi eta xede egingarriko Jaurlaritza honen jarduerarik etengo, ez duela bere sinesgarritasun politiko zein ekonomikorik zalantzan jarriko. Hortik aurrera, badago norbere zilborrari begira geratzerik. Edo pragmatismotik lankidetza lehenesterik.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.