Borrar
Bastidak: erdi aroko hiri berriak

Bastidak: erdi aroko hiri berriak

Euskal Herria. Bastidek partzela laukizuzenez osatutako dama-taula forma dute, eta erdian hiriaren bihotza eta ardatza den merkatu plaza baten arabera antolatzen dira

Francisco Javier Muñoz Fernández

Miércoles, 25 de noviembre 2020, 22:42

Frantziako estatuko hego ekialdean, egungo Akitania eta Midi-Pyrénées-etan, XIII. eta XIV. mende bitartean lurraldea kolonizatzeko 'bastida' izeneko hirurehun hiri berri inguru fundatu ziren. Izan ere, biztanleriak gora egin zuen bake garaian eskualde hau populatu gabe zegoen, zenbait lekuren arteko lotura-gune estrategikoa zen, eta ibai nabigagarriek eta hainbat Done Jakue bidek zeharkatzen zuten. Lurralde zati hau kontrolatzeko eta ustiatzeko helburuarekin garaiko subiranoek (Tolosako kondeek eta Ingalaterrako, Frantziako eta Nafarroako monarkek) hiri berriak fundatzea adostu zuten tokian tokiko lurren jabeekin (jaunekin edo/eta monasterioekin). Hortaz, bastiden fundazioak arrazoi militarrei, politikoei eta batez ere ekonomikoei erantzun zien. Ezin baitugu ahaztu hiri hauek nekazari-komunitateak zirela, hots, nekazal produkzio eta merkataritza guneak, batez ere ardoarekin erlazionatutakoak. Gainera, bastidek kokapen preziatua zuten, maiz aurretik okupatuta zegoena, eta gaur egun horietako ba-tzuek kokaleku nabarmenak izaten jarraitzen dute.

Hiriek arrakasta izan zezaten arin eraiki behar ziren, urte gutxiren buruan, eta kolonoak berehala erakarri, bizitza aukera berriak eskainiz. Horretarako, hiri-gutunen bidez hiritar berriei babesa eta aukera ekonomikoak ematen zizkieten, garrantzitsuena etxea eraikitzeko lurzorua eta hiri inguruan zeuden laborantza lurrak, eta baita zenbait eskubide eta betebehar ere; kasu batzuetan, zerbitzu militar partziala egitea. Bestetik, bastiden elementurik azpimarragarriena da aldez aurretik definitutako planifikazio erregular bat jarraitzen dutela. Antolaketa ordenatu honek eraikuntza bizkortzea ahalbidetzen zuen, eta baita hazkunde planifikatu bat bermatu ere.

Enparantza laukizuzena

Bastidek partzela laukizuzenez osatutako dama-taula forma dute, eta erdian hiriaren bihotza eta ardatza den merkatu plaza baten arabera antolatzen dira. Enparantzak ere forma laukizuzena du, gehienetan arkupeekin, eta bertan kokatzen da udaletxea. Eliza, berriz, inguruko espazio batean dago eta gehienetan gotortuta ageri da, hirietan ez baitzegoen gaztelurik, eta jatorriz asko harresirik gabeak ziren gainera. Bastiden diseinua autoritateak kontrolatzen zuen; kolonoen esku zegoen, ordea, etxeak, eliza eta udaletxea eraikitzea. Hortaz, bastidak eraikitzeko inbertsio txikia egin behar zen eta onura handia lortu.

Tolosako kondeak hiri hauek fundatzen aitzindari izan baziren ere, bastida ezagunetako bat Monpazier dugu, Ingalaterrako Edward I. erregeak bere boterepean zeuden Gaskoiniako lurraldeak defendatzeko 1284an fundatu zena eta beste bastida askok ez bezala oinplano originala kontserbatu duena. Urte batzuk geroago, 1312an, Luis I. Nafarroako erregearen garaian, Bastida -edo frantsesez, La Bastide-Clairence- izeneko hiria fundatu zen jada existitzen zen gotorleku batean. Mugako hiriak erresumaren Iparraldea defendatzea zuen helburu, eta baita erreinua Baionako portuarekin konektatzea ere. Erregeak kolonoei abantaila fiskalak eta lurra eskaini zizkien eta bertan inguruko zenbait biztanle ezarri ziren: euskaldunak, gaskoiak eta erromes frankoak. Handik gutxira, 1315ean Bastidako eliza kontsakratu zen, eta geroago, XVI. mende bukaeratik eta XVIII. mendera arte, Espainiatik eta Portugaletik kanporatutako hainbat judutar finkatu ziren hirian. Bastida merkatu gune garran-tzitsua izan zen, oraindik asteartero egiten baita, eta bertako biztanleek nekazaritzan, artile jantzigintzan eta iltzeen produkzioan lan egin dute azken mendeetan. Aisialdian, pilotan ibiltzen ziren, oraindik erabiltzen den munduko trinketerik zaharrenak (1512koa) adierazten digun bezala.

Bastiden hiri-diseinu ortogonalak eragina izan zuen iberiar penintsulako zenbait hiribilduetan, tartean hego Euskal Herrikoetan, eta baita Amerikako kolonietako hiri berrietan ere. Hirigintzaren historiaren parte diren bastidak gaur egun gune turistikoak dira, agian pandemiak uzten digunean bisitatu ahalko ditugunak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bastidak: erdi aroko hiri berriak