Borrar

Bartzelona gara

Harizpetik ·

Jakina zen atentatu arrisku bizia zegoela Europako edozein lekutan, eta Bartzelonan jazo da, beti jendez gainezka dagoen Ramblan. Eragin duen astindua egoki bideratzea ezin garrantzitsuagoa da orain, ISISeko egileek xede dituzten izua eta haustura soziala eragotzita.

Lunes, 21 de agosto 2017, 02:50

Ostegun arratsaldean Bartzelonan izandako oinezkoen ehiza gupidagabeak eta gauerdi ostean Cambrilsen erasotzaile talde bereko kideen heriotzarekin amaitutako erasoak zur eta lur utzi ditu bertako zein kanpoko herritarrak. Lerrook idazterakoan 14 dira eraildakoak; eta ehundik gora larri zein arin zauritutakoak. Zartada emozionala lehen mailakoa izan da, gertutasunak beti areagotzen duelako sentiberatasuna. Bereizten ez duten erasoek, honakoan bezala biktimen zerrenda haur zein helduz osatzea bilatzen dutenek, gizarte osoa dute jomugan, han-hemenkako noizean behineko agerraldien bitartez izua erabat sozializatu guran. Beldurra tresna modura baliatze horrek oso helburu zehatzak ditu, bizikidetzari zuzen eragiten diotenak.

Horretan ari dira egileak, erlijio jakin bat aitzakiatzat hartu, fanatismo itsuenera jo eta giza eskubide ororen ukaziotik abiatuta. Izan ere, banakako zein taldekako askatasun ezin oinarrizkoagoen aurkakoa da euren ekina, primitibismo basati, atzerakoi, zapaltzaile eta baztertzaileena ardatz duena. Alde horretatik, mendebaldeko gizarteetako bizimodu eredua lehen mailako etsaitzat dute, triskantzon egileek Ilustrazioa eta arrazionalismoa errotik ukatzen dituztelako. Desafioa, beraz, lehen mailakoa da, luzarorakoa, hamaikatxo arlotan diagnosian zein bitartekoetan asmatu eta fin aritzea eskatuko duena.

Egoera beldurgarri honi aurre egin eta eraginkortasunez erantzuten hasteko gutxienez bi eremutan ekin behar zaio. Batetik geopolitikoan, eta bestetik lekuan lekukoan. Lehenengoari dagokionez, ezin da are gehiago usteltzen utzi Siria eta Irakeko egoera. Mediterraneoko herrialdea potentzia nagusien interesen jokaleku da bertako sei urteko gerra zibilaren hasieratik, eta premiazkoa da milioi erdi inguru hildako —herena, zibilak— eta bost milioi errefuxiatu eragin dituen gatazka ezin ankerragoa behingoan bake bidean jartzea.

Bigarrenak 2003ko estatubatuarren eskuhartzearen ondotik utzi zion Estatu bideragarri izateari, eta erabat zatituta dago suniten, xiiten eta bertako kurduen artean. Azkenok irailaren 25erako deitu dute independentziari begirako galdeketa, ‘de facto’ko egungo egoera bururaino eramateko asmoz. Bestalde, osagai sunita funtsezkoa izan zen ISISen sorreran, eta xiitak akabatzeko asmoa behin eta berriz nabarmendu dute. Hala, Iraken komunitate biek izan behar duten estatusa eta boterea dago jokoan, atzealdean Saudi Arabia —erlijioaren ikuspegirik gordinena mundu zabalean babestu eta finantzatzen duena— eta Iran lehenen eta bigarrenen alde, hurrenez hurren, gatazka xaxatzen ari direla. Alde horretatik, ISISek Siria eta Irakeko zonalde zabaletan ezarritako Kalifatoa desagertarazi ondoren, eskualde horretako zein mundu mailako potentziek hango populazioen errealitatearen araberako irtenbide zentzuzko eta orekatuak ahalbidetu behar dituzte.

Maila horretakoez gain, terrorismo globalak ezarritako desafioei lekuan lekuko erantzun bateratu, irmo eta sendoak dagozkie. Segurtasun mailakoak, jakina, inteligentzia zerbitzuen eta polizia indarren erabateko koordinazioan eta horrek mesedetutako ahalik eta eraginkortasun handienean oinarritutakoak. Baina pedagogia ere ezinbestekoa izango da, gizarteei zein kolektibo zehatzei begira. Bartzelonakoaren moduko erasoak ezin dira aitzakia bilakatu islamofobiaren zabalkunderako. ISISen biktima gehientsuenak erlijio berekoak izan dira munduan zehar burututako atentatu ezin odoltsuagoetan zein konkistatutako lurraldeetan, eta horietakoak dira lehen lerroan talde hori akabatzeko borrokan ari direnak. Honakoa ez da erlijio kontua, zibilizazioaren eta basakeriaren, bizikidetzaren eta zapalketaren artekoa baizik. Ezin dira komunitate osoak kriminalizatu, ezin zaio gorroto gordin eta bereizketarik gabekoenari gorroto gordin eta bereizketa gabekoenarekin erantzun. Hala eskatzen du gutxieneko logika demokratiko eta giza eskubideen aldekoak.

Aldi berean, ez dago urrats bakar bat atzera egiterik luzaroko borroken ostean konkistatutako askatasunei eta lorpenei dagokienean. Kanpotik datorren edonoren integraziorako ahalegina alde bikoa izan behar da, hartzen duen gizarteak horretarako aukerak eman eta getoak baztertuta eta heldu berriak herrialde horretako oinarrizko baloreak aintzat hartu eta errespetatuta. Inork ezin ditu urratu emakumeen eskubideak, homosexualenak edo bestelako hainbatenak. Horretan oso zorrotz jokatu behar da, norbere aukerakoa den erlijio ororen gainetik, fanatismoari eta intolerantziari maila guztietan aurre eginda. Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa da gaur egungo Europaren ezaugarrietakoa, eta horretan sakondu beharra dago. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko dilema faltsuaren aurrean bien aldeko hautua eginez, besteak beste.

Bartzelona, Cambrils eta Katalunia osoa doluz daude egunotan. Borondate oneko edonor bezala. Donostian ostiral eguerdian deitutako minutu bateko gaitzespen eta oroitzapenerako isilunearen ostean, euskal gizartearen izenean Urkullu lehendakariak ezin hobeto laburbildu zuen egoera honek eskatzen duena. Lau hitz baliatu zituen horretarako, lau konpromiso adierazten dituztenak: elkartasuna, gaitzespena, irmotasuna eta bizikidetza. Horietako bakoitza esangura handikoa eta ibilbide luzekoa da. Lehena, biktimentzat eta horien senitartekoentzat. Bigarrena, terrorismoaren ankerkeria ozen salatzeko eta arbuiatzeko. Hirugarrena, izuaren xantaiari erabakitasunez erantzuteko. Eta azkena, aldiz, printzipio demokratikoetan oinarritutako gizartea eraikitzen jarraitzeko; askatasunean, segurtasunean eta aniztasunean sakondu eta oraindik hobera egiteko. Zerrenda horretan daude etorkizunerako osagaiak, garena adierazten dutenak, inork kolokan jarriko ez dituenak. Eta hor ez dago fanatismoarentzako eta oinarrizko eskubideen ukaziorako inolako lekurik. Historian zehar izan dira hauek baliatuta muturrerainoko samina eragin dutenak. Baina ez ziren gailendu. Eta orain ere ez dira nagusituko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bartzelona gara