Borrar
Hondartutako balea, Sopelako hondartzan. Manu Cecilio
Balea

Balea

Adarraren puntan ·

Lunes, 11 de febrero 2019

Nahiko egun motela izan arren hondartza jendez gainezka dago. Berria ahoz aho ibili da goizaldetik. Sopelako Atxabiribileko hondartzan balea bat agertu da.

-Baina benetako balea?

-Bai, bai, benetako bat, ez orain dela bost bat urte Barinatxen agertu zen bezalakoa. Hau 'kristona' omen da...

Zortzi bat metro dauka zetazeoak,itsas ertzean dago, hondartuta, olatuen jostailu. Jendetzaren artean goiztiarren batek bizirik ikusi omen du...

-Lehenago buztana mugitzen zuen gora eta behera, bazirudien itsasora itzuli nahian zebilela, baina orain...

Bildutakoen artean ustezko erretiratuak; Ternua eta antzeko marketako arropaz jantzitako familiak; ohiko surflariak; korrika dabiltzan txikiak; kazetariren bat... Dozena erdi txakur ere biraka eta zaunka dabiltza arrisku ezezagun horren eraginez. Balea eta jendetzaren artean segurtasuneko zinta bat hedatu dute. Xingolaren bestaldean txaleko horiz jantzitako bi neska aholkuak emanez oihuka ari dira:

-Ez hurbildu mesedez, marea igotzen ari da eta animalia oso astuna da. Iraultzen bada norbait zanpatu dezake... Gainera, gaixorik omen zegoen eta kutsakorra izan daiteke...

'Ambar' izeneko elkartekoak dira neskak eta horrelako gertaerak nola kudeatu badakite antza. Hala eta guzti, mutil koxkor bat muzin eginez balearaino gerturatzen da ukitzeko asmoz. «Hay que ser gilipollas» entzuten da ozen inguruan.

Smartphoneak eta argazki-kamerak jo eta ke dabiltza unea hilezkortzekotan.

-Aita, hil da balea?

Nire ondoan dagoen lau edo bost urteko umetxo batek egin du galdera. Bere aita, nahiko itxura gaztea daukana, guztiz kontzentratua dago, bideo bat grabatzen...

-Aita, hil da balea?

-Hala dirudi maitea...hilzorian edo hilda dago bai...

-Eta zergatik hil da?

-Auskalo maitia. Neskari entzun diozu... beharbada gaixorik zegoelako... edo istripuren bat izan du...

Mutikoaren bekozkoa erabat ilundu da.

-Eta zergatik dago bakarrik? Baleak ez al du amatxorik?... Aita?

Baina oraintxe bertan aitaren lehentasuna lagunei bidaliko dien bideo aparta da. Konturatzen denerako ekaitza lehertu da bere ondoan...

-Baina laztana, zergatik egiten duzu negar?

Uhin kolpe bortitz batek bultzaturik baleak buelta osoa eman du, marra gorriak erakusten dituen sabela erakutsiz. Aita, beranduegi, estrategiaz aldatzen saiatzen da:

-Ez egin negar, Erlantz, egia esan ez dakigu hilik ala bizirik dagoen. Oraintxe etorriko dira albaitariak ospitalera eramateko...

-Baina 'beitu', odola dario... balea hil daaaaa...

-Ez egin negar, polit hori, balea zeruan dago -entzuten zaio adineko andre bati-.

Bere ondokoen ikuskizun berri bihurtu delakoan, aitak, urduritasunak jota, amaitutzat jotzen du showa eta euskararen erabilera:

-¿No decías que querías ver la ballena? ¿Te traigo y ahora te pones a llorar? Pues hala, 'pa casa', que es donde mejor estás. Joder.

Aitak alde egiten du murmurio bat atzean utziz. Berunezko zeru batek dagokion dolua ekartzen dio eszenari. Badirudi norbaiti bota behar zaiola errua. Atzealdetik neska baten ahotsa entzun daiteke balearen heriotza itsasoan dagoen plastikoari «duda barik» leporatzen. Beste tipo bati «lotsagarria» iruditzen zaio zetazeoa «inolako laguntza barik» horrela uztea. Urrundik umetxoaren negarrak datozkigu, eszenari soinu bandarik egokiena gehituz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Balea