Borrar
Badiou, benetako bizitzaz

Badiou, benetako bizitzaz

Badiouk uste du etorkizunean gizonezkorik gabeko humanitatea garatzeko posibilitatea dagoela, emakumezko trebeek erreproduzitzeko ez baitute gizonezkorik beharko

Sábado, 26 de enero 2019

Azken urteotan Alain Badiou filosofo frantziarrak hitzaldietan eta elkarrizketetan garatu dituen funtsezko gaiak liburu bilakatu ditu. 'Gorazarre' (edo 'éloge') izenburupean hiru argitalpen garrantzitsu ditu: Maitasunari buruzkoa, 'Éloge de l'amour' (Maitasunaren gorazarrea), matematikaz eta zoriontasunaz, 'Éloge des mathématiques' (Matematiken gorazarrea) eta, azkenik, politika goraipatzen duen 'Éloge de la politique' (Politikaren gorazarrea). Hiru liburu hauetan gai nagusia ez da aztertzen modu sistematikoan edo metodologia zehatz bat erabiliz, baizik eta maitasunak, matematikak eta politikak bizitzarako duten garrantzia azpimarratuz. Hori dela eta, azken hausnarketa orokorra bizitzari berari buruzkoa izan behar zuen. Betebehar hori Badiouk 'La vrai vie' (Benetako bizitza) 2016ko liburuan burutu zuen. Liburu horretan, aldaketa teknologikoen eragina, ohituren eraldaketak eta kultura moldatzen duten gizarte-indarrak kontuan hartzen ditu Badiouk. Hain garaikidea den konfusioaren eta nahasketaren barnetik benetako hausnarketa bat eskaini nahi du filosofoak, batez ere gazteei zuzenduta doalako benetako bizitzari buruzko erreflexioa.

Gizarte garaikidean, gazteak behin betiko nerabezaroan mantentzen dira, berez izan daitezkeen gizon inoiz bilakatu gabe»

'Benetako bizitzaren' diskurtsoa hiru zatitan banatzen du Badiouk. Lehen zatian, autoreak, 79 urte dituenean, gazteei zuzentzeko beharrizana justifikatzen du, modu zuzenean eta modu filosofikoan. Horretarako, filosofiaren hasierako eszena berreskuratzen du filosofo frantsesak, Sokratesen kondena. Sokrates, filosofiaren aita, salatua, epaitua eta hiltzera kondenatua izan zen «gazteak galbidetzeagatik». Salaketak bere helburua lortu zuen arren, filosofiaren norabidea behin betiko finkatu zen: filosofia argudioen eremuan murgiltzen zela, historiaren eta boterearen kontingentziazko indarren gainetik. Xenofonek eta Platonek dioten moduan, Sokratesek ez zuen bere irakaskuntzagatik dirurik jasotzen. Badiourentzat, gure garaian ere, botereak eta ekonomiazko lehentasunek eragin handia dute bizitzan. Izan ere, Badiouren argudioetako bat da benetako bizi- tzatik aldentzen gaituztela. Orduan, zer ote da benetako bizitza? Badiouk modu negatiboan erantzuten dio galdera horri. Beretzat bi aurkari ditu benetako bizitzak: behin-behineko bizitza zentzugabea eta bizitza eraikia edo hierarkiazkoa. Lehenengoa, denboraren deuseztasunean kontsumitzen da. Bizi-tza bateratu dezakeen ideiaren faltan, heriotzaren ondorengoa da. Bizitza eraikiak, bestalde, proiektu arrakastatsua bilakatu nahi du norbere izatea. Gorantz eraikitzen den karrera da bere adierazle deigarriena. Badiouren-tzat, benetako bizitza ez da ez bata ez bestea. Zerikusia du, gizakiaren ahalmen kreatiboarekin, baina beti ere kreatibitate hori hierarkiaren mendekotasunetik kanpo.

Alain Badiou.

Mutilen patu garaikidea

Badiouren ustez, bizi dugun aroan ezinbestekoa da sexuazioaren errealitatea ain-tzat hartzea. 'Sexuazio' hi-tza Jacques Lacan psikoanalistak erabili zuen, emakumezko eta gizonezko izateak oinarriz diferenteak direla adierazteko. Hori dela eta, Badiouk bi diskurtso diferente eskaintzen ditu, bata mutilei zuzendua, bestea neskei. Mutilen kasuan, Badiouk tradiziozko mundua eta garaikidea konparatzen ditu. Tradiziozko mundua deskribatzeko, Badiouk Freuden eskema erabiltzen du, non mutilek aita errealaren lekua okupatzen dute. Orduan, aita figura sinbolikoa bilakatzen zen, semeek bere legea (baloreak eta idealak) familiaren esparruan eguneratzen zutelako. Gizarte garaikidean, Badiouren ustez, gazteek ez dute aitaren lekua okupatzen, ez aita errealarena ezta sinbolikoarena ere. Aldiz, behin betiko nerabezaroan mantentzen dira, berez izan daitezkeen gizon inoiz bilakatu gabe. Aipatu behar da, Badiouk Freuden eskema jarraitzerakoan Lacanen garapen eguneratuagoaren eragina leuntzen duela. Lacanentzat erreala ez da errealitatea, baizik eta behin eta berriro bueltatzen dena, hau da, sinbolizazioaren ostean ere atzera bueltatzen dena. Erreal honen adibide deigarriena trauma da, gainditu ezin den muga. Iruditzen zait subjektuaren ikuspegitik, aro garaikidean erreala subjektuaren aske-ezintasuna dela, saiatu arren, eutsita mantentzen dela. Subjektuak emanzipatu gabe jarraitzen duela, lotuta.

Badiourentzat 'mutilezko' gorputz garaikideak, garatu gabe diren neurrian (ez baitira gizonezko inoiz izatera iritsiko), ekonomia kapitalistak ekoizten duen objektuen unibertsoan, gida-ideia baten faltan, bertan beherako kontsumoan agortzen dira. Badiouren ideia horri lacaniar biratxoa emanez esan dezakegu ekonomia kapitalistak bere 'phantôme' edo mamu propioa sorrarazten duela. Mamu horren arabera, hazkundearen ideia nagusitzen da (Luc Boltanskiren 'économie de la grandeur' kontzeptua horren adierazle litzateke), nahiz eta hazkunde horrek subjektuari eragin diezaiokeen mendekotasuna estaltzen duen.

Nesken kasuan, Badiouk adierazten du tradiziozko ereduan oinarrizko diferentzia gertatzen zela neskame izatetik gizonaren bikote izatera bitartean. Orain, aldiz, diferentzia hori lausotu egin da. Aldizkarietan, iragarkietan eta liburuetan helburu eta irizpide berberak eskaintzen zaizkie neska gazteei eta emakumeei, guztiak baitira emakume osoak gizon baten behar izanik gabe. Badiourentzat fenomeno horrek diferentzia salbaezina ezartzen du gizonezko-izango-ez-direnen eta hastapenetik-emakumezko-direnen artean. Badiouk uste du etorkizunean gizonezkorik gabeko humanitatea garatzeko posibilitatea dagoela, emakumezko trebeek erreproduzitzeko ez baitute gizonezkorik beharko.

Badiouren emaitza distopiko hau nolabait herrena ere badela esan daiteke, ez baitio giza lazoari beharrezko garrantzia ematen. Giza lazo horretan oinarritu behar dira proiektu emantzipatzaileak, elkarrekiko kooperazioan, aipatu subjektuaren gizarte-lotura leunagoa, askeagoa eta emantzipatzaileagoa izan dadin. Hori da gizarte-sintesi osasungarria, benetako bizitza kreatiboa posible egiten duena. Gainera, ideia honek isla zuzena du Sokratesen proiektuarekin, sofisten interesdun harremanetan ez bezala, adiskidetzea baitzen Sokratesen komunitatearen funtsa eta lokarria.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Badiou, benetako bizitzaz